Joan da negua
Joan da negua
2011, poesia
104 orrialde
978-84-92468-29-4
azala: Lander Garro
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2002, poesia
1996, poesia
 

 

BESTE HARAGO BATERA

 

denborak dena sendatzen duela irakurria dut

sumendi itzalia naiz baina

ziklikoki eztanda egiten duena

 

hau ez den beste harago batera

egin nahi nuke orainak trukatuz

isiltasunetik hurren dagoen

mintzora etor nadin azken aldian bezala

 

uste baino zabalagoak dira zaurien kontinenteak

goiz hotzeko abenidetan

eta bakardadearentzat bildutako poemak

guztiontzako poema bilakatu dira paper zirriborroetan

 

badakizu ez diodala iraganari itzultzen utziko

ez dut pentsamendu txarrenen gatibu bizi nahi

betiko galzorian babestu nahi

 

aurrera egingo dut desoren honetan

bideak jarraipenik duen jakin gabe ere

aurrera joanean datorren abiapuntutik

ezinezko muga guztiak zeharkatuz

une guztiak pilatzen diren oroimen itsura

 

nora gabe beharbada

noraez ziurrenik

asago ahal baldin bada

hau ez den beste harago batera

 

irakurria dut ezen

badela iparra seinalatzen duen ipar-izar bat

haren atzetik ibilki egiten dut etenik gabe

helmuga jakinik gabe akaso

noranahi eta nonahi

hatsanka

 

gaur begiek eramaten nauten lekukoa naiz