XXIV
Karabela bik, mundela bik, kúnbila bik bizi osorako anaiakotza hartzen dute gureak bezalakoak pairatu izanda. Ez al ginen ba kaimandu? Beraz, Ñengék ezin du utzi ezein beste lagunek, gutiago taxi batek, aireportura eraman nazan. Goizean goiz etorri zait iratzartzera. Inork ikusita ere... Impala markako atso margotu eskandalagarri bat utzi dio lagun batek! Egina dauka plana: bere etxea erakutsi, prestatu duen otordua jan eta aireportura garaiz, beti egonen da arazoren bat eta.
Hau Kuba duk!
Bai, bai... eta auzune hau, zein duk?
Jesus del Monte, nire sorlekua!
Auzune eder eta utziaren galtzada nagusia gurutzatzen duten karrika gainbehera ugarietako batean dago bere etxea.
Jesus del Monte-ko Galtzada egia esan luze hartan
argi gehiegiak hautsarekin pareta egiten duela
akitu da izen bat oroitzeko nire ohitura nagusia...
Iritsi gara besterik ez dakidala esan beharrik gabe eta berak ere arreta jar dezan baino lehen. Ez du Eliseo Diego ezagutzen, Nicolás Guillén da beretzat Kubako poetarik onena. Beharbada Guillén-ek laudatzaile gehiago dituzke beltzetan, zurietan baino...
Badakik zer egin genuen kubatarrok Angolakoarekin? Hildako bat biluzi beste hildako bat jazteko! Etiopian bezala, eta Nikaraguan bezala... Guk dena eman diagu, kúnbila, eta munduak ez ziguk ezer eman...
Tira, tira, ederki bizi izan zarete aberri ama sobietiko handiaren errapetik!
Bai, baina amaitu zuan batxata!
Orain anaia bizi da familiarekin. Ez dago inor. Aldamenekoek dute giltza, oso ezaguna da auzunean Ñengé, aspaldi ez dela azaldu erasiatu dute. Jauregitxo bat da, eta Habanako etxe kolonial guztiok bezala, oso garestia izan behar du txukun eta berri mantentzea.
Izorrai, hau Humanitatearen Ondarea omen duk!
Neurea diat heure etxearen zati bat!
Ba etor hadi nahi duanean heure zatia pintatzera!
Betiko kontrastea hemen ere, karrikak zikin eta etxebarneak garbi, oso garbi. Argazkiak erakusten dizkit, argazki mordo bat zabaldu dit matrimonioko ohearen gainean. Denak ikusi behar ditut.
Hau duk nire aita, Angolan hila.
Zuria da horratik. Ederra, dotorea, argazki guztietan irri txipi maltzur bat begietan.
Hau duk nire aitona.
Trigueñoa eta isleñoa, oraindik bizi du, ehun urteko. Atzo egon zen asiloan bisita egiten, hondatua dago. Izebak aipatzen dizkit, izeba eta lehengusina asko erakusten dizkit, beltzaran guti dago Ñengéren familian. Amaren argazkirik ez dago. Denak eraman zituen Miamira. Butxe bat ron eskaini dit, emozionatua dago alu hau. Topa egiten dugu.
Beharretsi eginen haut, kabroi hori!
Nik hi ere bai, kúnbila!
Mahai eder bat erakutsi dit. Ea nik erabiliko nukeen idazteko. Bai, oso egokia da idazteko, zur sendoa, kaoba, zabala mahaia, eta oso ongi zaindua, leuna du gaina, marrarik batere gabe eta godaleten eraztunik ez.
Ba idazle batek mejenge mordo bat eskaini dio mahaiagatik anaiari!
Idazle batek? Nork?
Ez zekiat izena, hemen erosi dik etxea orain...
Etxea erakutsi dit irten garenean. Jauregitxo zaharberritu bat da, atzeko patioan taberna ere ba omen duena. Ez, ez dut uste Eliseo Diegorena izanen denik. Poetak ezin du halako etxean bizi, hautsa behar du, iraganaren gaitza, hondamendiaren lekukotasuna.
Zer zituan kopatxo bete ur haiek gurutze haren inguruan?
Hura... Yemayá egiteko trasteak. Anaiak ere oraintxe egin ziok santua alabari. Gu fededunak gaituk guztiak.
Ez naiz ba galdetu gabe joanen:
Hi, Ñengé... hi ez haut ikusi familiako argazkietan.
Ez.
Amak eraman zizkian?
Ez.
Nahikoa galdetu diat, erantzunen didak gogoa baldin baduk edo arrapostu egokiren bat asmatzen baduk. Heldu gara noizbait orain bizi den etxera. Ez dago inor. Bazkaria prestatua dauka, eta izotz egindako Coronita garagardo batzuk atera ditu.
Hau bai dela benetako jaki kriolloa!
Menturaz egia da sukaldari ibilia zela itsasoan, menturaz egia da Lisboa ezagutzen duela. Dena da menturazkoa hemen, sozialismoa, iraultza, garraioak eta maitasunak... jaki hauek izan ezik: congrí, zerrikia, papa betea, lekatxoak, banana frijitua, arroza, koko goxokia... Denetarik dastatu behar dut, lehertuko nau Ñengék.
Bentiladore bat paratu behar nikek hemen, neskalaguna ari zaidak...
Ulertua zegok, karabela, mundela, kúnbila. Barka ezak lehenago ez ulertua, nire errua duk, Biblioteca Nacionalarenak hainbeste denbora galarazi zidak eta... Ez, atzakiatan ari nauk.
Panamericanan bazeudek?
Bai!
Harrapatuko diagu baten bat zabalik?
Bai, mugitzen bagaituk bai!
Bi ordu beranduago, J se Martí H b na aireportuan, barre egiten diegu mulatekin despedida infinitoetan dauden europarrei.
Beha ezak, beha ezak!
Amorante aktiboa, besarka eta laztan ari dena, kubatarra da bikote guztietan. B.k ez zidan inoiz honaino lagundu, lotsagatik zela uste izan nuen, edo nire ezagunen batek ikus ez gintzan. Maite ninduen B.k. Segur nago B. batek maitatua izan naizela.
Zuek abiatutakoan zelatan geldituko nauk, eta segur negarrez dagoen haranzko hura zain gelditzen dela hurrengo hegaldian inor harrapatzen duen... Hau duk Kuba, Goldo!
Berrehun dolar!
Ez du balio izan Ñengék maletak utzi behar diren plataformari traba eginez zangoa ipini izanak zamaren astunak sobera beherantz ekar ez zezan. Ez daukat paparik ere, Ñengék apaldegi bat egin beharko du, berari utziko baitizkiot liburu guztiak.
Konpai, hori asko duk! Gu bezalako langile bat duk hau!
Kaso egin dio, irriño bat marraztu zaio behintzat eta badirudi... Bai, konpon gaitezkeela uste dut:
Zama handia da, hamasei kilo gainkarga!
Ez duk Habana Clubena...
Eta makurtu egin da Ñengé lehertu beharrean dauden kremailerak zabaltzeko, nik liburuak besterik ezin eramanen banitu bezain segur. Besotik heldu dio funtzionariak, eta kode sakratu baten arau nagusia jakinarazten duenaren seriostasunarekin esan dio:
Mesedez! Guk ez dugu zertan miatu behar bidaiarien maletetan!
Lapurretan harrapatu balute bezain azkar kendu du Ñengék atzaparra maleta handiaren giderretik. Bera ere funtzionaria balitz bezain aztoratua.
Noski, noski... Liburuak direla erakutsi nahi nizun, Kubako liburuak Italian zabaltzeko...
Ehun dolar.
Gehiago, askoz ere gehiago balio dute liburuok. Protesta egiten didan Ñengéri isiltzeko esanez kartera zabaldu dut. Visa erakutsi diot funtzionariari. Muturra okertu du.
Trastearen bila noa.
Burutik egin ote zaidan. Ba ote dakidan zer egin behar dudan. Funtzionariak ere ez omen dit kobratu nahi. Funtzionariek ere bizi behar omen dute. Hago isilik, bazetorrek eta. Nire begi aurrean eragiten dio Visa hartzeko eskuko prensa txipiari atzera eta aurrera, arin.
Ez dabil, blokeatuta dago...
Kakajale bat nauk. Esaiok zer edo zer Ñengé, kúnbila, nik ez zeukaat kemenik egin beharrekoa egiteko.
Eta orduan, konpai, nola konponduko diagu hau?
Hori galdetzen diat nik, irtenbide bat bilatu beharra zegok!
Kartera zabaldu dut ostera. Sei fula zorritsu baino ez zaizkidak gelditzen. Egin behar ez nukeen egin beharrekoa egin diat. Bileteei beha gelditu da.
Arraioa, zu kubatarrak baino miserableagoa zara...
Arrazoia duk, konpai. Miserable hutsa nauk, baina oso bestelako arrazoiengatik. Oihuka hasi behar nikek Fidelen galde egiten, datorrela Fidel, entzun diezadala Fidelek, sar zaitzatela Fidelek giltza galdu zen lekuan usteldu arte... Hamar dolarreko bat ipini dit Ñengék eskuan.
Baina... hamar fula... Hik nondik...
Emaiok eta kito!
Baina... Nola kenduko dizkiat nik hiri...?
Heuri kendutakoak dituk lehen ere!
Ez duk egia!
Nire eskutik hartu eta berak eman dio biletea. Oso nabarmena izan dela iruditu zait niri, baina funtzionariak ez du ezker-eskuin behatzen, eguneroko lana du noski. Bileteak sakelan sartzen dituela hauxe esan dik, Ñengéri keinu eginez:
Ongi da, atera dezakezu Kubatik zure Juan de Begoñaren Altxorra!
Eta alde egin du! Alde egin du altxor bat hamasei dolarretan saltzen duen ergel honek!
Ondoeza egin zaik?
Ez... Bai! Hi, entzun duk?
Bai... Ez duk erraza, konpai, ez duk erraza!
Bazekiat ez dela erraza! Oso zaila duk, galdeiok euskaldun bati! Ez haiz konturatzen? Ez duk entzun? Tipo horrek Juan de Begoñaren Altxorra eman zidak!
Esan nian gezurra zela!
Horregatik! Ez duk ulertzen? Ez zegok Juan de Begoñaren Altxorrik!
Ez ba!
Eta tipo horrek eman egin zidak!
Ez nauk ulertzen, ezin nauk ulertu, nola arraio ulertuko nauk! Nola ulertu behar duk funtzionari txepel honek arrazoirik handiena eman didala, arrazoirik ederrena eman diola euskaldun kandanga bati Kubara ostera itzuli nahi izan ez dezan eta hala ere beti ere itzuli behar izan dezan, jadanik Botanikoan ez dagoen lore beltzaren bila eta ihesi...! Bahaiz, B., edo ez haiz?
Gaztigatu dute Cubanako 472 hegaldikook ontziratzeko. Musu eman dit Ñengék, malko bat isuri zaio, eta bentiladorearen paketea ezkerreko galtzarbera pasatuz eskuinaren bostekoa luzatzen dit.
Idatziko didak?
Bai... idatziko haut!
Lasai hamar fulengatik...
Bidaliko ditiat, lagunen batekin bidaliko ditiat...
Ez bidali, ekar itzak heuk, kúnbila!
Ez zekiat... Ezin diat... Ez nauk inoiz itzuliko!
Itzuli behar duk, Goldo!
Hunkitu egin nain alu honek, B. Utzi zidan eskua noizbait.
Hi... Zuzenean zoak hegazkin hau heure herrira?
Ez, hau Espainiara zoak.
Kontuz, kontuz... Hi... Kartzelan sartzen bahaute, berdin duk Espainian ere, Oxossi hartu behar duk santu, kristauen San Alberto, gerlaria eta ehiztaria duk, kartzelako jabea eta pertsekutatuen zaindaria.
Hiri, asko lagundu zian?
Ja, ja, ja...! Txekendenge longorí semó!
Hemen bertan daukagu hegazkina, oinez doaz bidaiariak. Abiatu naiz. Zin daginat ez naizela hona inoiz itzuliko, B...
Urduri nago, pilula hartu behar nuen.
Itzuli behar duk, Goldo! Santiagora joan behar diagu!
Burua jiratu dut. Orratz etzanaren keinua egiten dit atzamarrarekin, kilometroen kontadorea geldiarazi zuenean bezala. Irriño triste bat egin diot..
Eta hi, itzuliko haiz?
Heure bila jarraituko dinat, B.
Altxor bat zeukanat hor nonbait, labana hemen barruan bezala. Kuba B.z betea zegon eta ni Juan de Begoña naun, B.
Kuban, azaroa 1994
Euskal Herrian, urtarrila 1995