Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—XIII—

 

Banes guztia dago guri beha, urteroko Nekazari Feria dela eta Banes guztia kalean dabilelako, eta Kimbamban dagoen herri honetara bi habanar bitxi heldu direlako egun: malinké lotsagabe bat eta ondotik doakion kandanga txipi bat, guarapoa, garagardoa, zerrikia, mania eta guayaba goxokiak jan eta jan herriko ume guztiak ondotik jarraika. Umeek gure ontziak nahi dituzte, garagardo eta kokakola latei goiko aldea kendu eta ezpainak leunduta oso edalontzi ederrak gelditzen baitira, maionesa potoak baino sendoago eta politagoak noski. Guajiroek, mulatek, minintekoek, dendariek eta zaldiek ere uste dut burua jiratzen dutela gure atzetik. Errege dabil Ñengé, eta sinetsezineko jauziak egin dizkit ozengailuetarik gaztigu eman dutenean baieztatzen ahal dela Banes bidean dugula Adalberto y su Son hemen bertan jotzeko gaueko bederatzietan. Zisterna kamioi bat, pipa bat, heldu da garagardoz betea, baina biharko.

        — Gaurko festarako rona bakarrik, ez dute nahi biak nahastea! Guajiroak sambekea maite dik! Eta gaur Adalberto! Motell!

        Launa Mayabe garagardo lataren jabe egin dira gure ume jarraitzaileak, eta jarri egin gara plazan. Martí plazan, noski.

        — Hik beha iezaiok ongi Martíri, ez duk ezer nabaritzen?

        — Bai, lurrera beha dagoela, eta Habanan ere bai.

        — Ez, hori ez, kozkorra!

        Itzuli bat eman diot Martíren eskulturari. Ez diot ezer berezirik ikusten.

        — Sakelan, ez diok kozkorren bat nabaritzen?

        Ez dut deus sumatzen Martíren sakeletan. Nik hari bezala behatzen didate umeek niri. Baina ez dute denborarik izan Martíren historia boligrafo baten truke beren ahotik entzun nahi dudan galdetzeko.

        — Printzesa bat ematen dik!

        Ez Martík, Dianak baizik. Jendeak ere bide egiten dio. Guganantz dator. Ñengéganantz, tamalez. Eta irribarretsu. Dianarik ehiztariena da oraintxe Banesko mulata gazte hau, bi toaja zaharri kremailera bat josita nolako gausoinekoa egin litekeen erakusten digula. Gorputza behar, gorputz hau behar. Hirurehun libra karabalin murgiltzera datorren gorputz apobangakoa, ez du hitz hoberik euskarak! Printzesa bat ematen du, baiki, eta Ñengé errege aita, koroa ordez lastozko kapelua buruan. Banesko mutil guztiak marmarka ariko dira noski, habaneroak akatzeko planak egiten.

        Dianak hogei urte ditu eta atzo bertan eman diote UJC, Gazte Komunisten Batasuneko karneta. Harro dago, karneta ez baitzaio nornahiri ematen. Laster unibertsitatean hasiko da, kontabilitate ikasketak burutzeko. Ñengék orduerdi bat eskatu dit. Bakean utzi ditut, eta kubatar bezala egin nahi dudan lehen ekintzarako prestatu naiz: hiru kuadra hartzen ditu Adalberto y su Son entzuteko sarrerak erosi nahi dituztenen ilarak. Bertan nagoela, Dianaren lankide bat heldu zait kaxa bete garagardorekin. Opari bat Ñengéren partetik. Pikutara bidali dut. Ez du ulertzen, baina aldegin du noizbait. Ilaran bertan akatuko naute noski. Adalbertok salbatu nau, zeren, niretzat behintzat ustegabean, ozengailuek jakinarazi baitute Adalbertok ezin duela egun Banesera heldu garraio arazoak direla eta. Ez dago ez fisturik ez oihurik. Garraioak arazoa dira Kuban, eta jendeak ulertzen du, eta menturaz ni baino sineskorragoak direnez segurtzat joko baitute ozengailuek dioten bezala hurrengo larunbatean hemen izanen delakoa. Bakean sakabanatu gara. Eskerrak, Adalberto. Ez, eskerrak garraio arazo.

        Martí plazara hurbildu naiz, baina alferrik saiatuko naiz sakeletan kozkorrik duen aztertzen. Ilundu du eta, iluna ederragotzeko, ilunpe bat gertatu da, itzaltze bat. Generadore txipi bat ipini dute martxan, eta kamioi zahar batean paratua daukaten diskategia hasi da buila zabaltzen. Adalbertoren azken kantak barreiatzen dituzte. Ez dut gustoko. Dianaren lankidea hurbiltzen zait.

        — Garagardoak bakarrik ordaindu dizkit!

        Ez entzuna egiten dut, badaki txekiarra naizela eta ezin diodala ongi ulertu batzuetan. Botilak ere ordaindu beharko omen lituzkeela nire adiskide horrek, ez ote dakidan non dagoen.

        Txekendenge longorí semó!

        Ez du txekiera hau inoiz entzun, ez da habanarra gizarajoa.

        — Baina, baina hi... hi ez haiz txekiarra...!

        Txekendenge longorí semó!

        — Baina zuria haiz eta hitz horiek...!

        Txekendenge longorí semó!

        Benetako ñañigo batek zemai egin izan balio baino arinago egin du hanka bera ere komunista omen dudan, komunista demokratizatua baina, kooperatibako garagardoak hartu eta jende guztiaren aurrean bere katanarrurako saltzen ari den bizkor usteko honek. Ni ere nago ez ote doazen hemen denak uangá edo vodú egitera, banestarrak hara eta hona ikusten ditut oilo zuri bana hanketarik daramatela. Halako batean ospitalera abiatu naiz, Barakaldoko gailegarekin hitzaspertu bat egitera. Besotik heldu naute bidean. Dianaren beste lagun bat da, bera bezain esanen nuke, aspertu eginen naizela eta konpainia egitera etorria haren aginduz. Ezta batere. Aspertuko, alegia. Gaztea da, eta ezin dut berezi malinké edo mayombe den, argia ez da itzuli.

        — Esanen al zenidake zer den Martík sakelan duen kozkorra?

        Ez dit erantzun nahi, baina irriñoagatik esanen nuke ez dela ez dakielako. Aurreratu diat zer edo zer, Martíren kozkorrarena alusio sexuala izan behar dik. UJCkoa da hau ere, Sandra, eta edertasunagatik onartzen dituzten galdetu diodanean bekozko jarri zait.

        — Ohore bat da, aizu!

        Bost orduerdi beranduago heldu da Ñengé autoa genuen ingurura. Alai dator baina kezkatuta niregatik. Ulertzen dut, ulertzen dut. Etxeraino lagundu baitu eta...

        Landó, kabriolé eta nik dakita zenbat zalgurdien artetik irten ahal izan dugu Banestik. Ez noa haserre, isilik noa erne ibili behar delako bizikletekin, argirik gabe doaz gehienak.

        — Behiak denak!

        — Bai...

        — Behiak denak dabiltza argirik gabe.

        — Bai...

        — Horregatik ni beti gauez argi luzeak emanda ibiltzen naiz...

        Ez Indian bakarrik, Kuban ere behia eta zebúa abere sakratuak dira. Zenbat aldiz ez dit esan hurkoaganako elkartasun berezirik ageri ez duen Ñengé honek kontuz ibiltzeko behi bat jota bota, galera handia izanen litzatekeela, eta ez autoa hondatuko genukeelako. Behikiaren okela eriendako da Kuban, horregatik dago arrazionatua.

        — Estatuak egiten du zerbait ongi orduan...

        — Hori, oso ongi!

        Giltza txipi bat erakutsi dit, zazpigarren gelakoa. Oroigarri bat izanen du, Banesen jo duen txortarena.

        — Larrubizirik jarri denean, ez nekien burutik hasi edo zangoetarik!

        Ez du galdetu beharrik detailetan hasteko. Europarra balitz ez niokeen sinetsiko, eta orain kontatzen ari zaidana bera izanen zatekeen hutsaren froga. Baina Ñengé kubatarra da kubatarrik bada, eta egin duena esaten duen arren, litekeena da, oso litekeena da, esaten duena egin izana.

        — Eta hi, zer moduz Sandrarekin?