Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—XIX—

 

Gure bidaiaren gailurrari lizar adaska behar bezala paratzeko afaritara gonbida nazala utzi diot Ñengéri Río Cristal izeneko jatetxean, bidenabar azulejo berezi batzuk erakutsi nahi baitizkit, On Kixoteren istorioa margo-idatzitan dauzkatenak gaztelaniaz eta euskaraz, omen. Merezi luke egunez etortzeak, jatetxea antzinako ingenio berritu batean dago ezarria, Cristal ibaiaren ondoan, zeiba handiek edertutako zelaiek inguratua. Jatetxeko kafetegian sartu gara, azulejoetara.

        — Hortxe dauzkak, gaztelaniaz eta euskaraz.

        Baietz egiten du kamareroak buruarekin. Aspaldikoak dira azulejoak, eta sinesgarria da eraikuntza ingenioa zenekoa izatea. Margo politak dituzte, eta On Kixote Mantxakoaren pasadizo nagusien laburpenak irakurtzen ahal dira haietan.

        — Auskalo zenbat balio duten!

        Baina alferrik bilatuko du batek han euskarazko hitzik. Gaztelania ez dena ingelesa da azulejoetan. Nik ere baietz egin dut buruarekin, turista alemanak, eta frantsesak, eta italianoak eginen duen bezala bere hizkuntzan idatziriko azulejoetan On Kixoteren istorioa erakusten diotenean.

        Halako jatetxeari dagokion bezala, hirukotea hurbildu zaigu, eta ea zerbait berezirik nahi genukeen. Ernesto Lecuonaren zer edo zer eskatu dut. Ñengék keinu egin dit berak emanen diela eskupekoa. Ongi jotzen dute eta ahots ederra du kantariak.

 

                Ez zaitut beso artean

                berriz hartuko

                baina badakit ez zaitudala

                inoiz ahaztuko...

 

        Galerian jarri gara afaritan, ibaitik datorren freskotasunean. Ez ote dugun beste lekuren bat nahi galdetu digu birritan mahaizainak, baina gu ez gara hemendik mugituko aldamenean bilerafari bat dugun arren. Ez zaigu poxelu, egia esan ni sasi egina nago, begiak platerean baina belarriak haien esanei emanak. Ostalarien bilera da, kubatarrak eta latinamerikarrak dira, Publicitur erakundearen antolamendu batean. Diskurtso ofizial samarrak entzun ditugu hasieran, baldintza objetiboak eta baldintza subjetiboak aipatzen ditu maiz bilerako eragileak.

        — Hori dena kaka duk, Goldo, ikusiko duk laster...

        Argazkien flaxa aldizka, oroigarriak nahiko dituzte latinamerikarrek, edo beharbada Granmarako dira. Aipatzen dute problemak dituztela Visarekin, arindu egin behar dela Banamex, Mexicoko Banku Nazionalarekikoa. Bost botila Habana Club 7 urte atera dizkiete mahaira.

        — Jantzia dakarten garagardoaz gainera!

        Ez dira maila apalekoak, solasagatik estatuko ostalaritzako enpresari nagusiak dira. Ñengék ezagutu du Habanako taberna ezagunenetako bateko gerentea. Topa egin dute. Bilerako eragileak ahotsa gorarik:

        — Denok dakigu bi pertsona motak bakarrik esaten dutela egia, umeek eta mozkorrek, eta gu umeak ez garenez, geure arazoez benetan mintzatu ahal izateko ez zaigu beste biderik gelditzen...

        Neska mahaizainari behatu diot nik. Ez du zirkinik egin. Behatu didanean, barre txipi bat egin dit.

        — Hor duk, beha ezak, hor duk komunista baten portaera!

        — Horiek ez dituk komunistak!

        — Ez, horiek kubatarrak dituk!

        Jabak, zakutoak, plastikozko poltsak atera eta oilasko erdiak, garagardo bonbilak, sanguitxak, arrapazka hasi dira mahaitik hartzen. L.k, O.k, eta B.k ere, Alderdikoa izan arren, hainbatetan gaztigatu izan didatena ari da gauzatzen nire aurrean: diskurtso ofizialetik eguneroko bizimodura dagoen aldea. Bulegotik sukalderakoa.

        — Hor, Alderdikoren bat egonen duk ba!

        — Segurik!

        Ez dute lotsarik, mahaizainen begi bistan egin dute hustuketa. Ohituak dirudite denek ere. Inork ez du inor salatuko.

        — Orduan, tipo hauek... berdin eginen ditek beren enpresetan!

        — Ez dudarik izan!

        Higuindurik irten gara erdi afalduan. Ñengé damutua dago, ikusi behar ez nukeen zerbait erakutsi izan balit bezala. Parketegian Mitsubishi, Toyota, Lada mordo bat dago, denak estatuko enpresen matrikula gorriekin.

        — Gauza bat esan behar diat, Ñengé: kaimanak haginka egiten dik, baina haginka handiagoa eginen dik kubatarrak!

        — Joño...! Gurea ez duk erraza, konpai, ez duk batere erraza!

        — Noski ezetz! Horien alde egin behar duk orain? Tipo horiek ez dituk zurginak, kúnbila, Alderdikoak dituk, arduradunak dituk, baldintza objetiboak eta subjetiboak bereizten ditiztek, materialismo dialektikoa ikasi ditek, horiek...!

        — Horiek kakajaleak dituk!

        — Ez! Kakajaleak zafrara bolondres doazenak dituk!

        Eta ez dinat barka nazanan eskatuko, B.