III
Sakon egin dut lo, gaueko hamabi t'erdietan hoteleko beste gela batera hots egin nahi omen zuen telefono dei batek zurrunga hautsi didan arren. Ahotsa, noski, femeninoa zen, eta nik, noski, inozoarena egin dut. Goizeko bostetan kukurruku batek jo du Habana erdian. Bost eta erdietan guaguak eta kamioiak hasi dira puzkerka. Seietarako zutik dago Habana guztia: multzoak garraioen zain, gurasoak bizikletan bi eta hiru umerekin eskolarantz, zaborketariak, militarrak, guajiroak beren produktuak eskaintzen... Herri oso bat zutik goizeko seietan! Eta denek dute zer edo zer egiteko! Garestia izan behar duela hamaika milioi inurri mantentzea! Ibilalditxo bat egin dut gosaldu aurretik europarrek Kuba erdia, tiburoien adiskidantza nahiago beste Kuba erdiarena baino, itsasora murgil egiten uste duten malekoiraino. Maite izaten dut egun batzuk turistaz ibiltzea noraezean, lagunetara baino lehen: Kuban nagon berriz...! Kuba gabe mundua tristeagoa izanen zunan. Ni behintzat bai, B. Iraultzak ez din amore emanen, iraultza ez dun salduko! Hemen bakarrik irakurtzen ahal ditinat jada horrelakoak, nire herrian inor ez dun ausartzen iraultza ahotan hartzen orain! Baiki, turistak bilakatu gaitun, B.
Espainiako enbaxadari beha gelditu naiz. Espainiakoa da enbaxaden eremuan ez dagoen bakarra. Errusiakoa bera ere nazioarteko eremuan dago, erraldoiena izanik ere. Espainiakoa ez, Espainiakoa Habanaren erdian dago, gotor, eder, Morroan haizeak harrotzen duen Kubako banderari berea erakutsiz, mehatxu bat bezala. Probokazio bat, eta ez dut zuzenduko. Dei egin dit ateondoko poliziak.
Espainola zara?
Bai... ez!
Ze arraio, hor konpon! Ez dut zertan diplomatikoa izan behar!
Euskalduna naiz!
Zorrotz behatu dit. Erregu bat irriñoarekin batera:
Burkide, ez iezadazula problemarik sor!
Ulertuarena egin diot, ulertu diot, oso ongi ulertu diot. Euskaldun bat naiz Kuban, eta maite nautenez babestua eta bakeoso nahi naute. Adio esanez itzulera hartu dut kolonia garaiko izen ospetsuenetakoa zen Zulueta karrikatik gora. Hotelaren sarreran Nicolas Estevánez, uharteko gobernadore ohiaren omenezko oroitarri bat ageri da, boluntarioek zortzi ikasle fusilatu zituztenean bere kargua bertan behera utzi zuela eta: Aberriaren aurretik daude gizatasuna eta ohorea. Ados nago gobernadore espainiarrarekin, abertzale bezala ados besterik ezin ninteke egon. Eta adostu nahi nuke aberriaren aurretik gizatasuna eta ohorea ipintzen dituzten espainiarrekin.
Dutxak ez du euskarririk.
Ile-lehorgailua ez dabil.
TBa ezin da biztu.
Lanpara nagusiek ez dute argi ematen.
Komuna zomorro korrikari batzuek hartua didate.
Nazkagarria ote da hau guztia? Hautsak mendeetako noblezia du, eta armiarmak ere eskubidea dauka ehiza egiteko... Halakoak esan baldin bazituen Victor Hugok nire herrian eskaini zioten gela ikusitakoan, zer ez diot nik onartuko Kubari! Maletak kandadotu gabe etortzen naiz, eta bihotza ere zabalik ekarri ohi dut. Badago ura, oihalak garbiak daude! Koadernoa zabaldu dut, baina ez da deus heldu, eta Madrilgo Plaza del Sol-eko Paris hoteleko gela bat irekitzean maletariak esan zidana etorri zait gogora:
Jauna, Ruben Dariok egin zuen lo gaur zuk egin behar duzun honetan!
Ez zeukan oroigarririk gelak. Zabaldu nuen koadernoa eta zain gelditu nintzen, egun bezala. Orduan ere ez zen deus heldu. Poztu nintzen egia esan, ez bainuen ezer onik lortuko Darioren izpiritua lagun. Modernismoaren iruditeriak okitu egiten nau, Silvio Rodriguezen zenbait kantak edo Martíren Versos Sencillos ez diren guztiek bezala. Bietan ere biluztasuna maite dut, ez unikornioak eta izar urdinak...! UJCkoek ere, Gazte Komunisten Batasunekoek, literatura zuzena behar dute, eta hala kopiatu diote Silviori Vedado karrikako hasierako pareta luzean: Herri libre batean bizi naiz, une honetan librea izan litekeen neurrian libre, eta zoriontsua naiz.
Itxi dut koadernoa beraz, eta ustekabean aulki gainean dagoen kainaberak lotu dit behakoa. Zortzi t'erdiak dira, lantegietara helduak dira honezkero Kubako langileak. Telefonoa deseskegi dut. Buruz dakidan Lorategi Botanikoarena zenbakitu dut, prefijorik gabe aspaldiko partez. Poztu dira bertan nagoela esan diedanean.
B. ez omen dago bulegoan orain.