VII
Kapitolioa, Washingtongoaren imitazioa izan ez balitz ere, giza ergelkeriaren eredua da bere erraldoian. Ongi egin du Iraultzak gaitzeko edifizio klasikonahi hau Zientzia Museoa bilakaturik. Iraganeko parlamentarien batere errespeturik gabe, futbolean aritzen dira gaztetxoak eskailera noble haien ondoko belardietan. Nola esanen nizueke... Kapitolioa da jesuitek maiteko luketen edifizio bat, Loiola zatar bat, handiagotasunak edertasunik ematen ez dion bloke lehorra. Guk halakorik bagenu, postaletan azalduko genuke harro. Ondoan dago Osvaldo argazkilaria, profesionala bere tarjetak dioenez, Cabrera Infante-ren nobela batetik irtendako pertsonaia, lau ohol zaharrekin eginiko trastearen artista...
Bon giorno, signore! Quanto me piace rivederlo!
Pavarotti ematen du Ñengék opera batean mozorrotua. Agindu baino ordu t'erdi lehenagotik omen daukat zain Osvaldok esan didanez. Lastozko kapelu bana erosi du. Kainaberarik ez daukat eta jantzi dezagun kapelua Hemingwayrena jotzeko. Ezantzarako eta otorduetarako behar dugun dirua pesotan trukatua dauka, bere lantegian baja hartua da astebeterako (mesede ugari zor omen dizkio ugazabak, lantxoak egiten omen dizkio han eta hemen, ez dut gehiago jakin nahi), neskalagunari Santiagora irten behar duela esan dio. Plastikozko poltsa txipi batean dakartza bidaiakoak. Bere lagun baten gurdian abiatu gara autoen alokairutegira.
Ez dago fitsik!
Nazioarteko Feria da egunotan eta gurdi guztiak alokatuak daude. Ez dago zer eginik inon, aireportuan ere alerik ez omen dugu aurkituko. Belarrira mintzatu zait nire gizona:
Beste inon saiatzea alferrik dela esaten badik, bertan saiatu behar dugulako duk!
Bazter batera eraman du arduraduna. Ez dute luze jardun. Niregana eta belarrira ostera:
Hogei dolar!
Kanadar batzuek biharko alokatua omen zeukaten Daewoo hegokorear bat eman digute. Modelo txipia, merkeena. Tiko du izen komertziala. Hartu dugu eta abiatu gara.
Oraindik ere harritua nagok nola eman hizkidan atzo berrehun fula!
Hi ikusi orduko pentsatu nian: hau diat behar nuen gizona!
Santiagora! Habana baino politagoa duk Santiago!
Eta orduan zergatik etorri hintzen Habanara?
Motell! Hik gehiegi dakik! Nola arraio...?
Habanako mafioso guztiak zarete santiageroak!
Irri karkailetan hasi da Tiko gajoa dardar batean ipiniz. Ito behar nau, Hego Koreako autotxoan ez dira sartzen Ñengéren algarak.
Baina nik Santiagokoei habanarra naizela esaten zieat!
Alua haiz!
Badakik, habaneroak beti dauka bere purotxoa!
Guajiroak autobidean daude fruta, zuku eta zerrikia eskaintzen aldiro. Txitxarroiak ditu gutixi Ñengék, onena da garagardoa hartzeko. Bazterretan, ia kilometroko arroz aleak makadamak hartu berotasunean lehortzen paratuak, hori, ahotza oraino kendu gabeak. Cienfuegos alderantz goaz, eta aurkintzaren ederra adierazteko burura datorkidan alderaketa Lapurdi bat da palmondoz eta bananadiz betea, edo Bardea berde bat, Espainiako erregek Kuba soiltzeko ontziak egitearren soildu aurrekoa.
Geldi, geldi... geldi hemen bertan!
Ez dakit ugazabari obeditzen dion, baina agintzen hobeki ohitua dago zurgina omen den mekanikari trebe hau. Guztiz gelditu gabe irten da, zauli nola zebú bat. Altxa du kapota, itzali dut motorea. Daewooaren hesteetan jardun du, eskuak zikin sartu da ostera.
Andiamo presto! La strada è nostra!
Soinu bitxi bat kendu omen dio, baina nik ez dut soinurik sumatu lehen ere. Ez dit kasurik egiten. Ez naiz berehalakoan jabetu.
Hi, kúnbila...!
Zer edo zer ahantzi zaik?
Hi, zer egin diok autoari!
Soinua kendu!
Eta algara egiten du, algara egiten du aluak.
Emaiok arinago, zanpa ezak gogor! Ez duk mugituko, ez!
Abiaduraren orratza ez behintzat. Kilometrogailua ere geldirik dago. Baina bagoaz.
Hi... hau lapurreta egitea duk!
Nahi baduk berriz ipiniko diat sugetxoa bere lekuan, eta orduan bai ezinen duala Santiagoraino joan, ez daukak aski mejenge kilometraia ordaintzeko!
Geldi dezadan autoa. Lasai nadin. Arrazoia din, baina ez naun behar adina kubatartu oraino, B.
Uste diat Habanara itzuli beharko dugula...!
Lapurreta agentziakoek egiten ditek! Hogei dolar kendu dizkiate!
Tira... Hori izan duk kanadarrek zeukatelako...
Ma che cosa mi dice, signore! Ez zegoan kanadarrik! Autoa nahi adina erabili ahal izateko izan dituk hogei dolarrak, eta kito!
Sorginekin bezala ibili behar da Kuban: gezurretan ari bazait ere arrazoia du seguru asko, eta arrazoia izan arren ezin dut osoro sinetsi. Errealitateak halakoak dauzka hemen, horregatik da beharbada miragarria.
Martxan ipini dut autoa ostera. Orratz etzanaren keinua egin du irribarrez Ñengék atzamarrarekin. Gainditua dago istilua.
Horretxegatik duk izugarria heriotza. Jazten diate zurezko trajea, eta orduan ezin zaik zakila tentetu!
Ez dut barre egin, eta benetan pentsatu dut, nahi gabe baina, hauxe dudala nik behar nuen gizona. Isildu egin da, bizkarrekoa etzan eta kapelua aurpegi gainera ekarririk zurrunga hasi da.
Ergela ni: neu naiz honek behar zuen gizona!