Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—Fideltasunak III—

Alferkeriarako Eskubidea

 

Ez zara bibliofiloa, ez dituzu sobera maite erlikiak, baina berritze lanak zirela edo orduz kanpo zenbiltzalako beti itxia aurkitu izan duzunez, halako irrika sortua dizu aspaldi samarretik, gaurkoan zabalik ikusi eta sartu egin zara Carlos eta Sofiaren etxera, Argien Mendea protagonistena omen duzun honetara, egun Alejo Carpentier Zentroa, munduko literatura moderno guztia biltzen dizun liburutegia besteak beste. Habana Zaharreko karrika nagusia den Empedrado-renean daukazu balkoi korrituaren zurajea urdinez dotore margotua dizun etxe kolonial eder hau, aldameneko La Bodeguita del Medio-ko bezeroek erdeinuz hutsik eskainia zeuretzat bakarrik. Carpentierrek berak esanda ote dakizu posteritateak etxe honetan inspiratu zela? Edo, gurean ikerlari zenbait Obabako iturri, xendra eta belarrak ere deskubritu nahian dabiltzan bezala ote zizun unibertsitari azkarren batek atzeman alderaketazko metodologia zuhur batekin?

        Honekin eta harekin eginiko argazkiak, bere liburutegi partikularra, ez oso handia egia esan, baina autore aukeratuak guztiz, gehienak frantsesak eta frantsesez, erakutsi dizkizu museo honetako zaindariak. Anekdotaren bat kontatu behar noski, beti harrokeriazkoa iruditu zaizun Don Alejoren liburu baten tituluaren funtsa, Barnean daramadan musikaria, argitu dizu: halako batean, musikaz dorik ez zekiela, sei urteko zela eta artean teklarik zapaldu gabea, aitari hainbat aldiz jotzen entzun eta ikusia zen sonata bat jo zizun hasi eta amaitu hitzetik hortzera Alejo txipiak. Ez diozu sinetsi, anekdota hori bera kontatzen baita 1911n Donostiak antolaturiko lehiaketan aurkariak zaldi jokoaz eta dantzarisak zango jokoaz liluratu zizkizun Jose Raul Capablanca xakelari handiagatik (Xakea dametan bezala da, baina zaldunekin!). Eta ez diozu sinetsi Carpentier-ek sinaturiko azterketa musikalak Natalio Galán-ek egin zituelako, eta ez diozu sinetsi oraindik ere garbi ez dagoelako Alejo zen edo Alexis, Kuban jaioa ala Suitzan, eta ez diozu sinetsi Nobel sariaren bila lotsagarri ibili zelako...

        Hemen bertan dago berak idazten zizun mahaia, arrainontzi handi bat balitz bezala kristalezko kutxa batek estalia. Hautsa errazago garbitzeko ote den, galdetu diozu zaindariari. Ez diozu graziarik egin. Hantxe dago berak erabiltzen zizun Olimpia zaharra, eta Carpentierrek hainbesteko urruntasunez eta ironiaz interpretatzen zuen Pariseko surrealismoaren «lorpen estetiko» bat balitz bezala, Magritte komertzialdu baten aurkikuntza, egileak eskuz idatziriko folio bat dizu sartua makinak zilindroan. Han dauzkazu idazten ari zen obrararako oharrak eta zirriborroak, Karl Marx-en suhi bati buruzko saiakera bat omen.

        — Paul Lafargue-ri buruz?

        — Bai...

        Egokia iruditu zaizu bai, kubatar batek hartzea ardura Alferkeriarako Eskubidea idatzi zizunaren oroimena aldarrikatzeko... batez ere Alferkeriarako Eskubidearen egilea bera ere Paul ez baina Pablo genuelako jatorriz, Santiagon jaiotako mulato ederra! Gai zoragarria hartu zigun, eta zaila: Pablo Lafargue eta Laura Marx suizidatu egin ziren...

        — Irakurri nahi nuke.

        — Ezin da.

        — Ez? Zergatik?

        — Amaigabea denez, ez dakigu egileak utziko zukeen...

        Alferrik esanen diozu liburu eta liburugaizain honi Kafkaren aginduen aurka irakurtzen duzula Kafka, eta une batez burutik pasako zaizu ea ez ote duen, noizbait, Don Alejok tesi ausarten bat, kubatarren edo marxisten ofizialtasuna zalantzan jarriz... Habanako zutabeei buruz idatzi zuen ibilbide ederra ezagutzen ote duzun, zaindariak. Carpentier guztia ezagutzen duzula esaten diozu.

        — Baina ez edizio hau.

        Argazkiz hornitua, paper satinatua. Ez zara bibliofiloa baina opari bat egiteko eros dezakezu.

        — Hamar dolar.

        — Utikan!

        — Jauna, nik uste nuen Kuba zela munduan liburuak merkeena dauzkan herria!

        — Bai, baina kubatarrentzat; besteontzat garestitzen ari da dena hemen.

        — Ba ote?

        — Bai, eta gauza bat esanen dizut, argazkien erreprodukzioa oso txarra da!

        Irteeran zain daukazu aingeru zaindaria, Machin-en kanta hartatik irtena bezain beltza, liburu bera lau pesotan lor dezakezula jakinarazteko. Bere izena esaten dizu, eta zurea eskatzen eskua luzatuz. Esan egin diozu eskua emanez, kalean dabiltzan turistak gaitzeko business bat egin berria duzula uste dutela. Zedula erakusten dizu. Han ez duzu ageri esan dizun izenik.

        — Ez, niri Lazaro esaten didate santeriazalea naizelako, eta hori baita nire santua...

        — Babalú-Ayé.

        Harritu duzu, baina berehala nagusitu zaizu esanez zu ikusi orduko ohartu dela ez zarela turista arrunta, ez duzula lehen aldia Kubara zatozela:

        — Erlojurik ez daramazulako, zuk ez duzu nahi beltzaranak etor dakizkizun hau eta beste eskaintzeko ordua galdetzearen aitzakian.

        Hitz egiten dizun bitartean atzera jiratzen du burua emakumezko bat iragaiten den bakoitzeko, ipurdiari begi emanez.

        — Ikusi duzu nire argazkia zedulan? Gizenago nengoen, orain egoera berezia dugunez gero hamar bat kilo galduko nituen... Baina konturatu zara? Egoera bereziak ez ditu neskak ahultzen! Zelako puskak dauzkaten emakume kubatarrek!

        Goiz edo berant, jin behar zizun pilotak punperat. Hobe duzu aurrea hartzea.

        — Zer da arruntago, neska beltza mutil zuriarekin edo neska zuria mutil beltzarekin?

        Bertsolari zaharrek baino agudoago botako dizu:

        — Neska zuria mutil beltzarekin!

        — Bai? Zergatik?

        — Neska zuri batek beltzaranon zera dastatutakoan ez du besterik nahi! —esplikatu dizu lasai, keinu lizun bat eginez besoarekin.

        Babalú-Ayé edo Lazaro hau langabezian daukazu, krisia dago Habanako portuko ontzioletan. Argizaina zen bertan. Eskaini diote landetara joateko, alorrak goldatzera, baina ez du nahi izan, nahiago dizu businessak egin kalean, kubatar zuri askok dioena baieztatuz, alegia ez dagoela guajiro beltzik. Alferkeriarako Eskubidea, pentsatu duzu, zuria izan arren arrazakeria praktikatzen ez duzun horrek. Dolarrak Erraz, pentsatuko du Lafargue mulatoa irakurri ez dizun beltz honek.

        — Izanen duzu zuk atorra politen bat niri emateko!

        Ez du ikaratu erantzunak, galtzak ere ez omen ditu oso berriak eta ea ez dauzkazun jeans batzuk soberan. Dauzkanak berriak dira ordea, eta panazkoak direnez turistaren bati kenduak izan behar dute. Ordularia atera duzu sakeletik, presatua zabiltzalakoa egin eta zizerone karibetar hau antzarak ferratzera bidaltzeko.

        — Erlojua izan eta sakelan ibiltzeko? Emaidazu niri!

        Hobe duzu ez haserretu, eta business onak egiteko pazientzia handiagoa behar dela esan diozunean, ez dizu ulertu. Hatuey bana merezi duzue biok, elkarren etsai bihur ez zaitezten. La Lluvia de Oro-n sar zaitezkete, duela guti irekia den taberna berrian. Ez duzu galdetu izenaren zergatia, baina seguru zaude ez duela zer ikusirik Habanako Arte y Literatura Editorialak gazteleratu eta argitaratu zuen Jan Solovic idazle eslobakiarraren izen bereko antzerki ederrarekin. Izen egokia duzu ordea Alferkeriarako Eskubidea duela uste duenarentzat.