Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—XI—

 

Atso margotuak zaintzen egoten dira, berak esaten duen bezala, Ñengé baino beltzagoak. Zuriak izaten dira ordea beltzak baino beltzagoko hauek. Pontxera inguruan egoten dira, beren gurdi ikaragarriak ziratzen zatar batekin, solasean edo egonean besterik gabe, lastozko kapeluak buruan eta tabako eder bana ezpainetan.

        — Zer esan nahi dik tabakoak ezpainetan? Badiat tabakoa! Zer esan nahi dik Chevrolet handi batek? Badiat atso zahar puska hau mugitzeko adina gasolina! Horiek denak ni baino beltzagoak dituk, kúnbila.

        Beha iezadan B., beha ezan zer egiten dudan printzipioekin. Beha iezaion heure herritarretara doan euskaldunari.

        — Egunon!

        — Egunon!

        — Erosiko nuke gasolina hamabian...

        — Hamabian? Hemen hamabostean dabil.

        — Hamabostean? Cienfuegosen hamabian dabil. Baina erosiko nuke.

        — Juan!

        Mutil gazte bat irten da pontxeratik.

        — Eraman itzak Feliperenera!

        Autoan sartu eta auzune bazter bateraino garamatza, Iraultzak jasotako bohíoen antzeko zementuzko etxetxo ugarik osatua. Jo du Feliperenean. Gizon bikaina da. Pasarazten gaitu buru keinu batekin. Harraskako kanila ireki eta gasolina irteten da. Ñengék dastatu egiten du.

        — Ona duk, eros dezakegu. Hamabian?

        — Hamabostean! Nahi adina, berrehun litro dauzkat!

        Hogeita hamar litroko garrafa bat bete dugu. Autoaren sabaian ipini eta gomazko hodia erabili dugu depositoa betetzeko. Ez digute eskuak zikintzen utzi, dena Felipek eta Juanek egiten dute. Ehunen bat metrora polizia bat pasa da bizikletan. Urduritu naiz. Barre egiten du Felipek.

        — Bost bat milioi polizia izanen ditugu. Gehiegi dira denak zuzenak izateko!

        Auzoak beha dauzkagu. Inor ez da harritzen, ohitura izanen dute turistak ikusten Feliperenean. Ordaindu dio Ñengék, eta nor baino nor kubatarrago eskua elkarri emanda atzera egin dugu Juanekin. Mutil isila da. Heldu gara pontxerara eta mutila barruan sartu da. Eskerrak eman dizkiot kontaktoari, eta ezer zor diodan.

        — Lasai, konponduko naiz Feliperekin.

        Hartu dugu Banes aldera. Irratiak prostituzioari buruzko saio bat ematen du.

        — Hi, nola zeukan Felipe horrek hainbeste gasolina?

        — Semea-edo estatuko kamioiren batekin ibiliko duk eta, egunero apurtxo bat kenduta... Kuban kubatarra nagusi!

        Geure buru gainean ez dabil aura tiñosarik, malobretan harat honat dabiltzan ehiza hegazkinek uxatuak dituzte.

        Ikusi naun, B.? Ez naun iraultzaile bat bezala portatu, eta ez dinat batere kontzientzia txarrik. Ez naun heure apunteekin konformatuko, B. Juan de Begoña bat naun, B. berriak zeuzkanat gordeak espainolek hondoraturiko neure galeoian. Egin ezan barre, bai. Damutuko zain.

        — Santiago... hain ederra duk?

        — Motell...! Kubara etorri eta Santiago ez ezagutzea Erromara joan eta Pisako Dorrea ez ikustea bezala duk!