Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—Fideltasunak VI—

Euskaldun batzuk

 

Habana bezain dekadentea duzu bazter batzuetan, denda erdihuts ederrak eta hemeretzigarreneko edaritegiak, hura baino industrialago eta aldiberean garbiagoa eta gainera, kontuan hartzekoa, batere turistikoa ez, gidaliburuetan Kubako Venezia bezalako kurtsikeriaz esaten diotela irakurriko duzun arren. Hiri txipi eta ederra duzu benetan, ibai gaineko burdinazko zubiek ematen dioten noblezia ibaiaren beraren bazterreko auzuneek gizakortu egiten dutela, beren koloretasun eta zalaparta alaiarekin. Ez zizun gezurrik esaten aitonak, Matanzas bezalakorik ez zegoela zioenean.

        Guipúzcoa ontziak eguraldi ederrarekin jo zizun Habanako portua, beste hainbatetan bezala, 1897ko ekainak 30. Jende samalda handi bat zeukan zain, ikusleak, tropak eta buruzagiak. Ontzitik, dotore eta izerditan, Baskongadetako Terzioak irten zitzaizkizun, eta haien artean zure aitona, Espainiaren zati hura maceotar muturzapal moruen atzaparretarik askatu nahian.

        Habanako euskaldunek, Julián de Zulueta eta Agustín Valdés de Arostegui, Kañongo-ko Kondea buru zituztela antolatua zieten harrera sutsua jasan behar izan zuten tropek eguzki galdatan moilean. Uharteko Gobernadorearen hitzen ondoren, bertako merkataria zenuen D. Juan María de Eleizegui mintzatu zitzaien euskaraz:

 

        Osasuna, euscaldun gazteriari:

        Poces beteric arquitcen dira, egun eder onetan, zuen erritarrac eta beste Provintzi Españiaco-en seme prestu ta leialac, elduceratelaco zorionarequin Uri onen portura, eta bereistaturic Batzar bat edo dala Comisioa, datoz berarequin zuei eguitera ondo etorria: bideonez eta gucien icenean, nic ematendizutet ongui etorria, biotzeco naitasunarequin, otsare gozoz beteric.

        Atozte, bai, atozte, Euskal-errico tercio portitzac, Cubaco Ugarte español onetara, zuen anaiari laguntcera, lembailen bucaera emateco guda caltarquitsuari eta etsai dollor orri.

        Dembora gucietan Euscal-errico semeac izan dirade ala ichasoz nola lurrez, gaiñ gañeco gudari leialac, portitzac, ernaiac, alaiac, galantac eta prestuac, jaquin izandutenac Ezpañiaco bandera garbia ifincen garailari chit goitua, ala mundu zarrean nola berrian, baita ere ichasoco ontzietan, beren eguinde gogoangarriaquin.

        Euscaldun arguidotar oien icenac daude chit aguirian jarriac condairan, ta orregatic eztitut icendatcen.

        Zuec, oroituaz ceratela oien sustraietatic zatozten semeac, eguingodezute aleguiña, bicia galdu arteraño, iduquitceco Ugarte guci au Ezpañiaren mempean, cergatic dan beraren ondra eta orrena da gurea, eta iduquibeardegu Ceruraño jasoa, español bat bacarrac daucan artean bicia.

 

        Garaiko kroniketan irakurri ahal izanen duzun bezala, puntu honetan zure aitona eta beste ehundaka euskaldun haiek Ill arte! Ill arte! oihukatu omen zizuten.

 

        Bandera eder ori izangoda zuen biotzac indarrez betetceco eta erru aundiarequin etsaiari jazartceco eta garaitua utcitceco, obiaturic mendi sasi tartean edo aitz zuloetan; orduan emangodiotzute Españiari eta bere seme on guciai, beste egun eder bat, ceña izangoda oroipengarria beren biotzetan.

        Eta oraiñ oju indartsuarequin esanzagun, ¡¡Viva España!!

 

        Viva! erantzunen zizuten noski gudari haiek, lehen Ill arte! bezain kartsuki. Aitonak behintzat ez zizun borrokatu bizia emateraino, osorik itzuli zitzaizun hamar urte geroago, Kuba Espainiarentzako gudari zapaldu ondoren bere sakelerako zapaltzen ezarri baitzenuen Matanzas-en dendari.

        Aitonak seme bat izan zuela bertan aitortuko zizun aitak haren azken adinera heldu zen egunean.