Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—V—

 

ICAIC-era naramaten karrikotan galdu zen Maiakovski Mexiko eta New Yorkerako bidean Habanan egin zuen eskalan. Hiribarneraino heldu zen, eta Ford, Kley and Boocken hamar solairuko kluba ikusi zuen, Estatu Batuen boterearen irudia Amerikaren gainean. Haiena zen orduan, yankiena, Habanako erdialdea. Vedado karrika nagusiari buruz ari da noski arrosadiez eta hanka bakarraren gainean tente dauden egunsenti koloreko flamenkoez beteriko lorategiak aipu dituelarik, eta parasolpean dauden poliziek zaintzen dituzten jauregiak. Egun ez dago yankirik jauregiotan, haien morroi beltza da orain bertako biztanlea, edo bortxatu egin zuten neskame hura... Dotorezia haustea da halako sarrera jauntsuetan bonbila biluzi batek egitea argi? Baliteke, baina bonbila hori fluoreszentea izanik ere —zelako narda! dio estetak— jauregi pintatugabeak edertasunez hartzen dio gain dotoreziari, argi ez kolonial horren pean bizi dena, adibidez, esklabuaren iloba denean, eta ez kapatazarena. Eta edertasuna da lorategiko zuhaitzen adarretan irratiari loturiko ozengailuak agertzea zintzilik. Baiki, edertasunago musika apalduko balute.

        Orain baimendu dituzten merkatu txipietan begia aspertuz hurbildu naiz apurka Kubako zinemagintzaren egoitzara, liburu-saltzaileen eskaintzak entzunez eta ukatuz. Liburu bereziren bat nahi baldin badut bihar bertan ekarriko omen didate, eta uste dute ez diedala sinesten. Itzuliko naiz beste batean, ez dut zama garraio ibili nahi egun. Jo ditut begiz Ivo Andric-en lan guztiak eta Paco Urondoren poemak... eta Bohumil Hrabal-en Zorrotz zaindutako trenak nobelaren 1985eko edizio kubatarra! Sozialismoaren eremuan idazle isildua eta debekatua zela esana ziguten haatik...

        — Kontuz ibili jauna, hemen lapur asko dago!

        Zer egiten du ume batek kalean goizeko hamaiketan Kuban? Piper eginda ote dabil turistei sosen batzuk kentzearren? Harritu nau, baina ez diot ezer esan, aitzina egin dut.

        Erreparatua nion lehendik, profitatu behar dut bakarrik nagoela bertatik bertara lasai ikuskatzeko. Inoiz ikusi dudan On Kixoteren eskulturarik onena da, inoiz ikusiko dudan onena: burdinaz eginikoa, Rocinanteren kalparra eta isatsa ikara batean harrotuak, laztuak esanen nuke —eta zeinen ongi datorkion epiteto hau burdinari— ahoa zabalik irrintzi batean, aurreko hankak airean erasorako prest eta On Kixote gizarajoa ezpata biluzik... Antxo Gilbor ez da ageri, kukutua da nonbait, Miamira aldegina mambía ematen duen zaldun zahar honen suharrak izutua. Hurbildu naiz. Ez dut egilearen izenik ikusi, baina bai leienda bat, eta kopiatu:

 

        Espainiakoak garelako Lorca, Machado eta Miguelenean, Espainia delako gure Pablo-ren azken eguzki behakoa, sekulan neurtu izan ez dugulako haize erroten handia eta geure orpopean sumatzen ditugulako Rocinanteren saihetsak.

 

        Ez du Espainia osoak halako Kixote borrokaririk, bizirik, zororik. Kixote ahul eta nekatu bat ageri da beti Espainiako eskulturagintzan, erretiran datorrena edo ihesi aldegiteko ere kemenik ez duena, Antxo zuhurra ondoan, damutuak biak. Vedadoko On Kixote honek berriz, iduri luke halako batean ezpataz ekin behar diola aurrez aurre duen Kubako Banku Nazionalaren agentziari...

        ICAIC-etik hurbil, espaloi berean, purtzileriak dauzka salgai gizonezko gordin batek, eskuz eginikoak gehienak. Badu trebezia. Harritu naute zeluloide puskekin, bost bat fotogramen perforazioetan koloretako hariak azpi-gainka pasata sortu dituen bitxikeriek. Izpiritu gaiztoak uxatzekoak edo, santeriako tresnak edo amuletoak noski, filme zaharren kopia zaharrez baliatuta. Dena profitatzen da hemen, botiken anpulo hutsak sutan berotu eta belarritako zoragarriak egiten dizkizu Reyna Díaz-ek pintza xingle batzuekin Soroa izeneko herri ederrean.

        Bilera batean dago ICAIC-en zain eduki behar nuen Senel Paz idazle eta gidoigilea. Idazleen Elkartean omen dago, UNEAC-en, ez oso urrun egia esan.

        — Barka, burkide... Gelditzen zaizue lekurik zafrarako?

        Zergatik behatzen ote dit horrela? Zinemagileek ez dute kaina eratzaten ala? Seriostasun handiz erantzun dit tabakotzarra ezpainetarik kendu gabe:

        — Gure brigada lehen egunean osatzen da beti!

        Arrapostu bera entzun beharko dut UNEAC-en, ezagutzen ditut artistak. Alferrik ariko naiz leku eske, gauza hauek ez dira horrela egiten, kaka alu bat egiten diet nik oraintxe komite internazionalistei eta zafrazale guztiei. Heriotza-mehatxu bat zirriborratu diot beraz nire kontaktu huts eginari amorruaren amorruz. Bestek ordainduko din, B., neure etsipena.

        Ez naiz lasai geldituko bestela, eta atzera itzulitakoan galde egin diot saltzaileari zertarako diren zeluloide zati apainok.

        — Liburuetako orrialdeak markatzeko!

        Beti eta nonahi, liburua. Liburuaren kultura da zabalduena hemen, oraindik ez da bideomania heldu hona. Telebistak ere ez dio lekua kendu irakurketari. Iraultzak eginiko ahaleginaz gainera, iruditzen zait kubatarra hiztuna dela oso, kalakaria, solasturia, tertuliazalea, eta munduko gauzen gaineko halako jakinduria minimo bat behar izaten duela, inork adarra jo ez diezaion... Pozten naiz irakurzaletasunaren arrazoiak bastartak baldin balira ere, eta ideia bat eman dit purtzilgile jator honek, ezagutzen dudan filme txar baten kopia zertarako erabil dezakedan.

        — On Kixote duzu hori, borrokara irten zenean...!

        Borroka omen da bizitza, eta Kuban gurean baino argiago, latzago. Umeak ere dogmatizatuta dauzkatela esanen lidake baten batek, ume honen argibidea entzunda.

        — Emaidazu koloreko lapitz bat, eskolarako...

        A, Kubako haurra! Lapitz bat eskatzen didak! Haatik, beltza haiz! Ez huke nonahi eskubiderik eskolarako! Ez huke nonahi eskubiderik eskatzeko ere! Baina ez nau xamurkeriak eramanen, zakar galdetu diot, ahal dudan kubaera utzienean:

        — Eskolarako? Hi ba al hoa ba eskolara?

        Ez dirudi nire lagun txipi honi eskolak kalte handirik eginen dionik, gezurra bota dit, ez dute berehalakoan dogmatizatuko:

        — Txanda aldatua daukat, arratsaldez joaten naiz.

        Jarraitu egin dit. Uste du bigunduko nauela, eskarmentua duke turistekin.

        — Egia da, izebak eramanen nau eskolara!

        Ez dakit lapitzik izatera emanen niokeen. Ez daukat eta lasaiago noa, umeak jarraitua. Aspertuko haiz!

        — Jauna, nahi duzu On Kixoteren istorioa kontatzea?

        Gailendu haiz, bentzutu nauk, hiriko maniguero berria! Bai noski, jakin nahi diat zer irakurketa egiten duan hik On Kixoterena, heuk ere erroten handia neurtzen ote duan borrokara irten baino lehen, edo Rocinante gosetuaren saihetsek zirrara egiten diaten orpoetan...

        — Baina boligrafoa eman behar didazu, ikusi dizut apunteak hartzean.

        Emanen diat, baina jakin ezak ni ez nauala tronpatzen:

        — Zenbat boligrafo dauzkazu etxean?

        — Laurogeita bi... Ehun bildu nahi ditut!

        — Ongi da... Konta iezadazu On Kixoteren istorioa! Konta iezadazu On Kixote zafra egitera joan zeneko hura!