Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—XXI—

 

Baina kronika bat bederenik neuk bildutako materialekin egin nahi dinat, B., eta hala etorri naun José Martí izena duen, zein bestela, Liburutegi Nazionalera, heuk agindutakoa ere betetzera, egia dun. Eta horregatik hain zuzen, azkenerako utzi nahi dinat Cortazar-en fondoko Paradiso ikustea, luzatu egin nahi dinat hildura, B. Gezurra zirudin, baina oraindik ez diozue biografia onik egin Martíri. Hiru bat hartu ditinat, eta bere poema guztien edizio desberdin guztiak. Euskaldunon edo euskal izenen arrastoak hartuko ditinat bere biografietarik. Errazkeriak. Eta heuk ez dakinan hori ere:

        — Juan de Begoña?

        Ez diten ulertzen, ez diten ezagutzen, ez dun bertako langilea.

        — XIX. mendeko pirata bat izan zen, décima batzuk atera omen zizkioten, kopiatu nahi nituzke. Oso ezagunak izan behar dute Pinar del Ríon.

        — Jauna, ni Pinar del Ríokoa nauzu, eta ez diot egundo halako izenik entzun ez nire amari, ez nire amonari.

        Nire mahaira joan eta liburua zabaldu dudan arte isilik gelditu ditun, irakurtzen hasi naizeneko marmarrean hasteko. Zoro bat naun, ordainak hartuko ditin heure herkide Ñengék, hago lasai.

        Niepce koitaduari patentea kendu zion Dagerre izeneko batek. Getariako batek itzulia eman zion munduari kapitaina hilda galduta ibili zelako. Bilobar Bizkaian dago. Gebara ere bai. Lehen abertzalea Lope de Agirre? Arrastoak, arrastoak besterik ez. Martíren bizitzan ere euskal zantzuak han-hemenka: Mendive irakaslea, Albisu antzokia, Azcárate erbesteratua, Yzaguirre... Gipuzkoa postontzian deportatu zuten, Baskongadetako Tertzioak Kubara soldadu ekarri zituen hartan bertan... Historikoki kanpoan egin garela handi frogatu behar ote dut? Ez, baina...

        Domingo Goicuría Habanan jaio zen 1805eko uztailaren 3an. Ingalaterran hazi zuten, Frantzian eta Estatu Batuetan. Espainia jo zuen probintzia baskongadetarik langileak ekartzearren Kubako azukretegietara, baina ez zuen bere asmoa bete ahal izan... Ertamerikako konspirazio guztietan ibili zen. Bere seme Valentín espainolen aurkako borrokan erori zen. Espedizio bat antolatu zuen Kuba askatzeko, atxilotu egin zuten. Abertzaleen zentzagarri, garrotea eman zioten jendaurrean Habanan 1869ko maiatzaren 7an, 64 urte zituela. Kubako historia liburuek diote hauxe oihukatu zuela urkamendian: «Gizon bat hil behar duzue, baina nazio bat sortuko da!».

        Liburu artean, noizbait, ustebako bortitz bat:

        Santodomingotik hona zetorren Martí, zafrara, B. Salatu egin ditizten ordea. Kapitain traidorearen mende zeudenan. Martík, arriskuaren handia ikusirik, aurre egiten zionan «aita baten mihia eta azeri baten egitateak dituen patroi berbazuriari». Eta Martíren beste mirakulu bat orain. Begiak Martírenetan tinkatuak, ez bakarrik bidaiarako behar ez bezala harturiko diruak zizkionan itzultzen (espedizio berrirako hain beharrezkoak), gainera, begi haiek durduzatua noski, «bera aitonsemea dela eta ezagutzen dituela aitonsemeak» esaten din, eta luzatzen zion opari Martíri, kapelua eskuan, Martírentzat barregarriki alferrikakoa den ginebra botilatxo bat.

        Zergatik alferrikakoa? Zergatik barregarriki alferrikakoa? A, Alderdiaren manupekook, zelako kalteak egiten dituzuen zeuen morala heroiarenari itsasten diozuenean! Zeuen laudorioek salatzen dituzten akatsak...! Akatsak? Akatsa Martíren kozkorra? Ez dakizue herriak bizi behar duela, zafrak ezin direla garbi egin? Horregatik behar izaten din herriak, noizean behin, ginebra tantaren bat iraultzan aitzina egin ahal izateko, ulertu dinat B., ez baitun erraza... Ehun urte betetzen ditun 1995 honetan Martí euskaldunok ere hil genizuela maniguan.

        — Aizu jauna, barkatu... zu ez zara kubatarra!

        — Berandu habil... Behar baino gehiago ebatsi zioat jada Kubako estatuari.

        — Ez, ez da hori... Noiz zoaz?

        — Laster!

        USArako gutunen bat Espainiako postan botzea nahiko zuelakoan, baina ez. Honek liburutegietan ateratzen din bizimodua. Ezagutu dinat Kuba sakona, B.

        — Menturaz ez duzu denbora askorik izanen nahi dituzun kontsulta guztiak egin ahal izateko!

        — Egia esan ez, eta horregatik eskertuko nikek utziko baninduk...

        — Jauna, zuk emaizkidazu behar dituzun liburuen izenak; nik, kubatarra naizenez, hartuko ditut etxerako.

        — Eta?

        — Galdu eginen zaizkit...

        — Baina...

        — Oso erraza da, nik galdu egin ditzaket zuk behar dituzun liburuak!

        — Baina hori lapurreta duk!

        — Ez jauna, hori ez da lapurreta: zuk liburuak behar dituzu, denborarik ez daukazu, niri hogeita hamar pesoko isuna ezarriko didate liburuak galtzeagatik, zuk zeure tesia egin ahal izanen duzu Kubaren onerako, eta gainera ni irabazian aterako naiz zuk emanen dizkidazun bi fularekin!

        — Baina... zoratu zarete! Eta inork liburuok kontsultatu nahi baditik berriz?

        Eta ez ninan sinesten, baina oraingoan komentzitu naun Kuban dagoen lapurreta eta Estatuari trufa egitea ez dela egoera bereziak ekarri duen eskasiak sortua, lehenagoztik datorrela, Aberri Ama Sobietiko Handiari errapetik tira egiten ohitu zaretela kubatarrak, xahukerian alegia, honoko erantzuna eman baitzidan unibertsitari bizimodugile honek ere:

        — Lasai jauna, Estatuak berrituko ditu berehala...

        Ikusi ditudanak ikusita, pentsatu ere izan dinat hemen duzuen jukutria eta trikimailuaren kultura hau onartua daukala sozialismoak gaitzerdi bezala, zeren...

        — Ez da erraza, burkide, ez da erraza!

        Altxa eta aldegin zionat. Fitxategian Cortazar-en fondoa irakur dezakedan eta baietz. Paradiso eskatu dinat, B., heuk agindu bezalaxe. Harritu ditun. Zaharrena bila abiatu denean, komentatu egin zionat leihatilan gelditu zaidan beltz gazteari:

        — Ez da erraza ez, hainbat gauza doan mantentzen segitu ahal izatea Estatuak bildu behar lukeenaren ehuneko hogeia ere biltzen ez duela!

        — Fidelek ez dakielako da hori.

        — Ez dakielako?

        — Ez diote egia esaten, bestela...

        Zu bezalakoak kalera, seguru. Zu bezalako jende aunitz dago Kubako ekonomiak aurrera ez egitea komeni zaiona, bestela... orduan bai akabo guángara!

        Ekarri diten noizbait Cortazar-en fondoko Paradiso. Urduri nagon, aitortzen dinat, B. Zorioneko Paradiso hau daukadalako eskuartean, eta kezka bat biztu zaidalako ustekabean: ez ote dituzuen beharrezkoagoak nik erositako gasolina ebatsiak, sakratuak bailiran zaindu nahi ditudan liburuak baino... Eta ez niken bide honetatik liburuak galtzea bekatu txipia dela pentsatzera heldu nahi.