Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—X—

 

Alexandre Dumas aita kexu zen Espainiako legoak Frantziakoak baino luzeagoak omen zirelako eta ordu erdiko bidea agintzen ziotenean lau ordukoa izaten omen zelako. Hark zeukan hiritik oihanera doanaren sindromea ez ote daukadan nik Kuban, sortu zait.

        — Ezagutzen duk Juan de Begoña-ren leienda? Hi bezalako euskaldun pirata bat izan zuan!

        Ez dut ezagutzen, eta ez dut hartaz inoiz ezer irakurri, eta garrafa ebasle hau baino aunitzez kultuagoak ditudan lagun kubatarrek ez didate aipatu. Zinez, batzuetan uste dut hauxe zela nik behar nuen gizona.

        — Juan de Begoña hori XIX. mende hasierako horretan pirata ibilitako bat izan zuan, gero Pinar del Río alde horretara erretiratua. Diru asko zeukaan, hilaginean zegoela apaiz eta fraile andana bat joan zitzaioan kofesatzera... Baina inork ez zekik non gorde zuen altxorra!

        — Hori duk guztia? Ez zidak kronika baterako ematen.

        — Dirua ahitzen zitzaionean Bayamora joan eta urre mordoarekin itzultzen zuan... Décima batzuk ere bazeudek... hemen Juan de Begoñaren Altxorra esatea amets bat aipatzea bezala duk... Ibili izan dituk Bayamoko busti-lehorrak harrotzen altxor horren bila, baina alferrik izan duk.

        — Juan de Begoñaren Altxorra Kimbamban zegok!

        — Noski, ja, ja...! Baina... Hik nola dakizkik hainbeste...?

        Txekendenge longorí semó!

        Arrazoia hunan B., komeni zaio batzuetan arrotzari kubatarrak baino kubatarrago azaltzea, beltzak baino beltzago, adarra jo ez diezaioten.

        — Hi, hi... hi aztertu behar haut nik! Hi ez haiz kazetaria! Euskalduna ere ote haizen...!

        — Italiarra ez nauk behintzat!

        Ruski ematen duk batzuetan!

        Bestelakoa naizela esan nahiko du noski. Ez diot paperak eta kondarrak leihatilatik botzen uzten, neskei behatzeko esaten didanean ez diot jaramonik egiten, ez diot onartzen gerrikoa lotu gabe uztea, ez diot ronik eta tabakorik eskatzen, zoratua egon behar du gizagajoak, jada ez daki zer proposatu.

        — Hiria, hiria, han zegok bizia! Santiagorantz!

        — Santiagorantz!

        Bertutetik sortzen dira herriak! irakurri dut bideondoan. Martírena dirudi, baina behingoagatik ez da berea, Cherena baizik, Bolivian erori zeneko urtemugarako eginiko pintaketa batean. Luzeak dira bideak, eta elkarren urrun daude herriak. Tarteka jende multzoak ageri dira zain, arropa kakiekin erdiko zikloko ikasleak diruditen arduradun bidezainen ondoan, guagua, kamioi eta auto partikularrek hartzeko. Guk turisten matrikula daramagu eta ez gaituzte geldiarazten. Ñengék ere ez du nahi inor hartzea, berdin zaiola esaten badit ere. Presatua nabilen, B., ez niken inor hartuko.

        Habanan bakan baino aurkitzen ez den Abel Santamaria-ren oroigarri ugari ikusi ditut, eta ezin izan dut Txabi Etxebarrietarenganako alderaketa egin gabe utzi, menturaz mutil gazte betaurrekodun guztiak antzekoak direlako horma gaineko marrazki halamoduzkoetan ageri direnean, besterik gabe.

        — Onak kamioiak, Kamá, errusiarrak.

        — Zergatik hainbeste?

        Zafrarako ari dituk biltzen...

        Lasaitu naun, heldu naun. Hauxe zunan nire jukutria. Neuk ere eskubidea zeukanat merituak egiteko Alderdiak maita nazan Alderdikoa inoiz izanen ez naizen arren. Hire bila etorri naun, B.

        Kamioiak bilduak dauden itxitura baten langa ondoan gelditu dut autoa. Aztoratu zait laguna.

        — Zer egin behar duk?

        — Ea lekurik duten!

        — Hi, Goldo, adarra jo nahi didak...

        Neure motxilari heldu diot. Aurkituko haut, B.

        — Har ezak autoa eta itzul hadi Habanara nahi baduk! Ni hemen gelditzen nauk!

        Inoiz baino begi handiagoak egin dizkit Ñengék.

        — Hi... hi ez hago burutik ongi!

        Eskua luzatu diot. Banatorren, B.

        — Adio, Ñengé, ikusiko gaituk Habanan.

        Haserretu zait:

        — Baina ez genuen Santiagora...?

        — Hik uste duk ni Santiago ezagutzeko mugitu naizela Habanatik?

        — Bai noski...

        — Ba ez jauna! Bost axola niri Santiago! Ni Camagueyn geratzen nauk, zafran!

        — Eee? Zoratu haiz!

        — Ez nauk zoratu. Eskerrik asko honaino laguntzeagatik.

        — Zer arraio gertatzen zaik! Ez haiz konturatu ni kubatarra naizela?

        — Hiria, hiria, han zegok bizia! Segi ezak!

        — Hi, hi... Nik ezin diat zafran sartu... turismoz, hi bezala!

        Emanen diat nik hiri turismoz. Ni bestelakoa nauk, txo. Barkatu eginen diat iraina.

        — Horregatik esan diat itzultzeko... hik ezin dualako.

        Motxila oratu dit. Indarra du. Haserretu zait benetan. Hago, B.

        — Goazemak hemendik segurosoak azaldu baino lehen!

        — Adio, Ñengé, aska ezak motxila.

        Askatu du. Etsi du. Laster, B.

        — Eskerrik asko ni abandonatzeagatik!

        — Ez haut abandonatzen, autoa uzten diat!

        Sutu da berriz:

        — Ergela haiz! Hik uste duk ni bezalako malinké bat hemendik Habanaraino joan litekeela auto hau gidatzen?

        Harritu nau, ez dut ulertzen.

        — Zergatik ez? Ez al dakik?

        — Turismo matrikula duelako, ostia!, zuek esaten duzuen bezala.

        Ez zegok zertan harrotu. Isil hadi eta har ezak bolantea ostera. Hitzik ez, benetan zafran gelditu nahi izan bahu bezala mindua. Non dun zafra, B.? Gauetan, abestu egiten duzue suren baten inguruan? Eta eskutxo lizun horiek, bizi ditun? Gelditzen dun zafrarik munduan? Saiatu naun, B.

        — Gainera, ez duk ikusi? Zafra ez ditek oraindik hasi!

        Utz nazak bakean. Ez diat hire hitzik entzuteko gogorik. Zer debru egiten dinat nik hemen, esaidan B. Kakajale bat, horixe bihurtu naun.