II
Motoreak martxan daude, gerrikoak lotuak dauzkagu, inork ez du erretzen. Baina ez gara abiatzen. Egia izan behar du Fidel hil dela, Kubako aireportuak itxiak egonen dira, inbasio saioren bat esperoko dute... Urduritzen hasiak dira bidaiari gehienak, eta haien marmarrek benetan urduri jarri naute ni. Aneurol. Bigarren pilula hartu dut, eta mesedez kubalibre bat. Ez daukat inor aldamenekoan, eta hainbestean. Luze egon behar izan dugu zain. Azkenik eskailera hurbildu dute, irten egin beharko dugu. Ez. Autobus txipi bat hurbildu da eskaileraraino, eta beltz talde bat hegazkineratu zaigu antxintxika business klasean. Kotxezainak zartailua astindu du. Zaldiak hegan abia daitezen baino lehen godaleta hustuta leihatilaren estalkia jaitsi dut. Ipini dut kainabera aulkiaren kontra gozo, minik har ez dezan, eta bidaiari zaildua banintz bezala egokiera aurkitu diot buruari. Badator, badator ilunpea, kubatar izorratu bat naiz argirik ezak ohera behartua...
Ongi egin duzula lo...!
Oso ongi!
Lehen ez zegoen nire ondoan, erretzaileetarik hona ihes egina izanen da. Auzo hau kubatarra dudan arren, bere txokoan zutik eta osorik eta neure dirau kainaberak. Filmeak amaitu dira eta orain gure bidaiaren koordenadak ageri dira pantailan. Bahamak gainean gaude, hamabi mila metrora, bederatziehun kilometro orduko eta berrogei gradu zeropean. Leihatilaren estalkia jaso dut. Egia da pantailak dioena: izotza gogortua dago nire aldeko hegalean, arrezife luze bat utzi dugu atzean, eta oso goitik goaz noski itsasontzia hain txipia ikusteko urdinaren erdian, uste dut Biscay Pride dela, Lesakan eginiko T bikoitzak bere Nassauko portura garraio Pasaiatikanen.
Munduko zazpi putzuak
ez dira beti ur bera
munduko putzu gaziak
ez dira inoiz ur bera
gu garamatzan ontziak sarri
gorria dakar ubera
Benetako ilunpea izan dut, kubatarrok sortzen duten builarekin aspaldi xamar behar nuen itzarririk eta. Medikuak dira denak, eta amorratzen daude Kubako lurra berriz zapaltzeko, Mozanbiken, Angolan eta Saharan hamabost hilabete eman ondoren.
Entzun duzu Fidelena?
Bai, entzun dut zerbait, gezurra noski...
Ez dakit, ez dakit...
El País luzatuta atzamarraz erakusten dit irakurri behar dudana. Solana jaunak, Espainiako Atzerri ministroak dio, ezin duela Fidelen heriotza segurtatu baina bai esaten ahal duela Kuban zer edo zer sakona gertatu dela.
Ez sinetsi.
Nondarra naizen galdetu dit.
Jende suharra! Nikaraguan ezagutu nituen nik euskaldunak!
Zer urtetan?
Barre egin dit, barre txipia egin dit.
Kandelaren garaian.
Osasungintzan zenbiltzan han ere, noski?
Barre txipia ostera, ongi ulertzen dugu elkar:
Noski!
Bere helbidea idazten du niri kenduriko orri batean. Etxera joateko. Habanarra da. Hegazkina altuera galtzen hasia da eta estalkia jaitsi dut. Egunkaria eskatu diot medikuari, urduri jartzen naute abiadura aldaketek eta beherantzako jauziek. Gerrikoak lotzeko, ez erretzeko. Kankateko bat, kurpilak atera ditu. Ez ditut begiak egunkaritik jasoko, ezin dut irakurri baina. Jendea zoratua dago lurrera beha, aluak! Medikua ere urduri dago.
Ametsa bezala da, etxean berriz...
Entzun mesedez, bidaiari jaun-andreok...
Tximeletak nabaritu ditut nik ere sabelean, orain Fidel hil dela jarriko didate gaia, eta mutu geldituko naiz.
...bi geldialdi izanen ditugu Habanako aireportuan.
Burutik egin zaie. Zaldiak askatu beharko dituzte lehenik, edo auskalo. Ez dago gauza onik, hegazkin jatorrek ez dituzte bi geldialdi egiten aireportu berean.
Aurreneko geldialdian gurekin etorria den Zanbiako lehendakaria, Frédérik Txiluba jauna, jaitsiko da. Bigarrenean gainontzeko bidaiariak jaitsiko zarete. Arren eskatzen dizuegu lasai itxaroteko ateak denentzat ireki arte.
Gelditu baino lehen askatu dituzte gerrikoak bidaiariek, gure alderantz datoz begiak irten beharrean, zaldiak pentzura baino zoroago.
Fidel da, Fidel da...
Leihatilaren estalkia jaso dut. Ongietorri Frédérik Txiluba laguna dioen pankarta handi baten pean soldadu andanak ageri dira apain jantzian. Banda jotzen ari da. Eta hementxe, neure leihatilapean, Fidel Castro, Fidel, Bizarduna, Buruzagia daukat zain eskaileraren ondoan! Madrilen hiru ordu-laurden berantetsi gaituen beltz taldea jaitsi da. Jantziak aldatuak dituzte gehienek, militarrez ageri dira orain. Makurtu behar izan du Fidelek Frédérik besarkatzeko. Haren bizar zurietan galdu da afrikarraren burua, ia erori zaio kapelu dotorea. Argazkiak tira ahala egiten ari dira bidaiariak gure aldeko leihatiletan metatuak. Ongi babestu dut neure kainabera.
Esan nizun ez sinesteko.
Hunkitua dago nire ondoko medikua. Hunkitua eta lasai, Fidel sobera ikusia lukeenaren jakinduriaren jabe, Fidel izeneko palmondo bitxi bat erakutsiko balit bezala, turismogai. Harro, funtsean, poza emateaz europar Kubaldekoei. Harrera ofiziala luzatu egin da. Iluntzen ari du.
Fidetalsunak
(Aurrerapena)
Fidel
Fidelek existitzen dizu, Fidel bizi duzu, Fidel osasun oneko palmondoa duzu. Maite dizu lagunak besarkatzea bizarrarekin sudurrean kilimak egiteko. Niri ongi etorria ematera heldu duzu aireportura! Komandante buruzagia, zeure aginduetara!, esan diot.