XVII
Sentitzen dut, ezin duzu sartu.
Izan dugu arazotxoren bat edo beste lehen ere, baina Ñengé neure kontu dagoenez eta dibisetan ordaintzen dudanez, pasatzen utzi izan dute orain artean. Ñengék ez darama zedularik, edo baldin badarama ez du erakutsi nahi, auskalo. Zedularen zenbakia esaten dio buruz.
Eta nik nola dakit hori dela zure zenbakia?
Nork zuk baino hobeki...?
Elkar ezagutzen dutenenak ikusi ditut bien behakoak. Dena jendetasunez, ahotsa goratu gabe, kubatarrek duten pazientziarekin. Batek badaki besteak dakiena, eta besteak badaki besteak dakiela... Ni isilik hobe. Irteera bat aurkitu du hotelekoak, gutun bat idatziko dio Poliziari.
Karpetatik Lehen Unitateari:
Jaun hau Hotel honetan azaldu da bere identifikazioa gabe. Ahal balitz, agiri bat behar genuke bere nortasuna ofizialki ziurtatzeko. Osterantzean ezin izanen du gure instalakuntzetan ostatu hartu.
Besterik gabe, iraultzan bat
Karpeta
Hotel X. Santa Clara
Kakajale bat!
Baina abiatu gara Unitatera, komisaldegira. Oroitzen da non dagoen, umetan hemen bizi izana omen da. Gelditzeko agintzen dit.
Hor ezkerrean duk, ez diat turismo auto batetik irteten ikustea nahi.
Ez duk laguntzea nahi? Igarobidea aterako diat Holguínen bezala...
Ez, ez, edozer gauza pentsa lezakete... Hi geldi hemen!
Gogora datorkit Habanan polizia gazte batek, ume batek, eman zidan ikara, gero eta segurrago nago betaurreko beltzen atzetik behatu zidalako ikaratu ninduela. Egia da Kuban poliziek, ezta isilekoek ere, ez dutela betaurreko beltzik erabiltzen. Polizia hark, Polizia Nazional Iraultzaile hark, Kubako polizia ez balitz bezala behatu zidan, munduko polizia guztiak berdinak direlakoa baieztatuz. Nire legehaustea On Kixoteren istorioa kontatzen zidan ume bat aldamenean edukitzea zen, edo haren ondoan jesarrita egotea... Elpidio Valdés etorri zitzaidan gogora, Juan Padrón zinemagile kubatar handiak sorturiko marrazki bizidunetako heroia, eta haren ibiliak New Yorkeko Poliziaren aurka...
Kakajale bat! Esan diat, nola arraio arduratuko duk Polizia turismoaz! Gauza bat duk turismokoen arau inozo horiek, eta bestea identifikazio zerbitzua! Nik ez zeukat fitxarik! Zenbat bitongo mantendu behar duen Fidelek!
Baina ez dute hartuko hotelean, sentitzen dute Lehen Unitateko gizonek ezin nortasuna segurtatzea. Arauak arau. Holguíneko hoteleko gela-txartela erakusten du. Alferretan. Zedula ekarri baldin badu hauxe du Ñengék amore eman eta erakusteko unea. Baina ahapetik:
Hik hartzak gela hotelean! Ni izebarenera noak, eta bidean agian txortan egin ahal izanen diat! Utz iezadak autoko giltza!
Leher egina nago eta obeditu egin dut. Ez nukeen bakarrik utzi behar, ez da detaile jatorra izan nirea. Lasaitu egin naiz pentsatuz izebarena egia izan litekeela, Santiagorantz hemendik pasa ginenean geldialdi bat egin genuen bere izebaren etxean, mezedoretan egon ginen ur freskoa edaten berriketan... Leihotxo bat du gelak. Atearen barneko orria zabaldu dut pertsiana erakoa bakarrik itxiz, airea mugi dadin. Nahiago dut freskotasun apur bat isiltasuna baino, nagoen bezain...
Atea jo dute.
Ordu bata da.
Atea jo dute, leun.
Nola arraio lortu ote du Ñengék honaino sartzea karpetakoek ikusi gabe?
Ez dut argia biztu. Soinurik egin gabe, ez zarata handirik bederenik, ateraino hurbildu naiz. Pertsianen zirrikituetarik ikusten ahal ditut takoi luzeek edertzen dituzten aztal sendo bi. Ulertzen, B.? Hoteletan nabilen eta neskak ate joka zatozkidan... Itzali da pasiloko argia, eta neska joan egin da. Juan de Begoña batek ezin din maitasuna nolanahi onartu, altxor sekretu bat duenak maitasunaren beldur bizi behar din... Etzan naiz berriz. Leher eginda nago, ez zait axola Ñengék autoa hartuta Habanara aldegiten badu ere... Bahator, bahator nire sekretuaren bila, heuk ere ez naun maite, nire altxorra besterik ez dun nahi...
Atea jo dute.
Zazpiak dira.
Ez zegok eguzkirik gabeko larunbatik!
Hoa Habanara, utz iezadak lo egiten!
Ez duk kamararik ekarri! Hi haiz, hi! Ez duk argazki bat egin behar Cheren estatuaren ondoan? Berak hartu zian hiri hau!
Nola sartu haiz?
Gosaritarako utzi zidatek, zer erremedio!
Zergatik zer erremedio?
Hi oheratu eta gero etorri ninduan eta harrapatu nian karpetako txota hori gelari batekin zihoala ohera. Salatzen badiat bihar bertan kalera zihoak. Orain neuk zeukaat boterea! Hoteleko langileak bertako gelak erabiltzen! Nahi baduk guasanga bat ikusi, esaidak!
Ba nik uste nian heu hintzela bart ate joka!
Ate joka? Bart? Zer ordutan?
Ordu batean! Baina ez hintzen hi, mulata bat huen.
Zelako putakumea!
Nor?
Motell, karpetakoa! Ez al duk ulertzen?
Ez nauk kubatarra, ez diat ulertzen, gauza mordoa zegok sekulan ulertuko ez dudana!
Berak bidali zian neska hire gelara, komisioa kobratzeko gero! Horregatik ez zidaan pasatzen utzi! Zelako putakumea!
Baliteke... Baina biok hemen egonda bidaltzen ahal zizkiguan bana, doblea kobratuko zikean komisioa!
Ezpainak okertu ditu destainez. Benetan, ez naiz inoiz kubatarra izatera iritsiko. Edo antzeko zerbait esanen nuke adierazten dutela Ñengéren bemba okertuek.
Motell...! Hik ez al dakik, edo ez al duk oraindik ikasi, kubatarra dagoen lekuan ez dela txorta ordaintzen?
Egia da kubatarrekin ez direla inoiz entzuteko guztiak entzun sexuari buruz, hobe umorez eramatea. Gosari txarra egin dugu, eta hori harrigarria da munduko hoteletan. Igangailuan barteko arduradunarekin egin dugu topo. Egunonak ematen dizkigu oso ziniko, sinetsi egin behar Ñengéri. Zirika egiten dio nire kúnbilak, guztiz serios komentatzen didala goraki, denok entzuteko moduan:
Honela esan zidan iyamba zahar batek, «Oraindik ibaia iragan ez baldin baduk, ez aipa bere ama kaimanari!».
Nik ere barre egiten dut, leun, Ñengék bezala. Arduraduna mutil ederra da, baina ez dago lasai, zer edo zertan harrapatua dauka Ñengék. Atzoko deserzioa nahi nuke ordaindu, eta ausartu egin naiz:
Bai, egia da, ez egin trufa kaimanari uretan hagoen bitartean!
Muturra apurtuko hidake pozik, baina ezin duk. Hik turismoan egiten duk lana, eta badakik neu naizela dibisak uzten dituena hemen! Iragan dugu ibaia, eta kaimanok bizia barkatu diogu bitongo handiuste honi. Ordainaraziko dio atzokoa Ñengék noizbait, eta ez nuke ikusi nahi. Bizkarrean jo naute. Karpetako arduraduna daukat irribarretsu niri beha. Jendetasun handiz esaten dit:
Kaimanak haginka egiten du, baina kubatarrak haginka handiagoa eginen dizu!
Keinuka ari zait Ñengé kanpotik, eta harengana noa, egia esan, lotsagarri, hoteleko arduradunak ahoa bete kaiman-hagin utzi bainau. Autoa barteko lekuan bertan dago, garbitua. Betea du gasolina. Erdi ametsetan sortu zaidan kezka bat kendu nahi dut.
Ñengé, goazen Lehen Unitatera!
Ez, utz ezak! Ez nauk txota bat! Pagaraziko zioat larrutik!
Ez, ez... Ikusi besterik ez diat egin nahi. Gelditu ere ez gaituk eginen!
Isildu da, bizkarrak harrotu eta bart ekarri ninduen karriketarik gidatu nau, hala iruditzen zait behintzat. Zain gelditu nintzen lekuan gaude.
Hemendik ezkerretara zegok.
Autoa atzeraka ekarri eta malobra egin dut ezkerrera sartzeko. Ñengék aurrera behatzen du, ez ni ez Lehen Unitatea ikusi nahi ez bagintu bezala. Motel noa, bizikleta guztiek aurreratzen gaituzte. Erdi ametsetan sortu zitzaidana bete da: ez dut ezer ikusten, ez ezkerrekoan ez eskuineko espaloian, hemen ez dago komisaldegirik. Ñengék begiak urrun dauzka tinkatuak.
Hi, hemen ez zegok ezer!
Itxia zegok!
Itxia? Komisaldegi bat itxia?
Hau Kuba duk!
Noizbait jakinen diat nor haizen... Noizbait esanen didak nor den giltza galdu zutenen patroia. Ez nau horrek kezkatzen orain. Orain telefono bat behar dut. Bai, entzun diezadala.