Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—I—

 

Espainiako hiriburuko aireportuan Habanarako txartela hartzeko gaudela, bidaiari zaildua hasi zait hizketan, nola ez, aholkuzale, nazioarteko eremuan gauden guztiok gaztelania jakin behar bagenu bezala.

        — Barka, baina, nahi duzu kandado pare bat? Soberan ekarri ditut, badaezpada.

        Eskua sakeletik atera eta erakutsi dizkit. Itsulapikoak lotzekoak ematen dute.

        — Ez, ez dut behar! Eskerrik asko.

        — Baina... horrela sartu behar dituzu maletak?

        — Bai.

        — Non zoaz, Iberian edo Cubanan?

        — Ez dut Iberia inoiz hartzen! British, Savena, KLM, Euskal Air...!

        Gezurretan ari naizela uste du, ez dut berehala isilaraziko. Bidaiari zaildua istripuaren zain dagoen salbatzaile frustratua bilakatu zait:

        — Jakin behar zenuke, kubatarrekin bidaiatutakoan gauzak desagertu egiten direla maletetarik!

        — Berdin zait egia izanda ere, baina ez da egia!

        Ez dakit zer arraio dakarren bixar honek Kubara, nik behintzat ebatsigaia besterik ez dakart: dilistak, garbantzuak, espagetiak, xaboiak, txanpuak... eta ebats diezazkidaten dakartzat. Kainabera ez, kainabera eskuan dakart. Hau ezin dut galdu.

        — Ez dituzu kremailera horiek kandadoz lotu nahi?

        — Ez, Kubarako ez, Espainian barrena ibili behar banu bai!

        Isildu da memento bat. Baina bihozbera da, atzekoari lotu zaio nik ongi entzuteko moduan:

        — Kuban, gainera, telefono konferentzia bat eskatzen duzunean, itxaroteko esaten dizute, eta tresna belarrian zain zaudela, beraiek profitatzen dute Miamin dauzkaten lehengusu guztiekin hitz egiteko, eta zure deian kargatzen dute!

        Menturaz ez da mutil txarra, kupitu naiz. Gaizki egiten omen dut hain zamaturik bidaiatzen. Fakturatu ditugu maleta giltzatuak maleta lotugabeekin batera eta nazioarteko transitora abiatu gara.

        — Entzun duzu irratia?

        — Ez...

        — Orduan, ez dakizu?

        Orain berriz mundu guztiak jakin beharreko sekretuen jabea bilakatu zait:

        — Fidel hil da!

        Hil beharko du noizbait. Baina ez diot sinesten. Fidel inoiz hilen ez diren hiletakoa izanen dela beti, esan behar nioke.

        — Ea matxinadaren erdian erortzen garen! Zein hoteletara zoaz?

        — Jauna... Ni, Kuban, ez noa hoteletara!

        Nire harrokeria salatzeko jo du alarmak. Utzi ditut giltzak apaltxoan eta berriz pasa naiz detektagailupetik. Sentibera da alarma hau.

        — Pastilarik edo? Enbase metalizatuak saltarazi egiten du.

        Utzi ditut Aneurol pilula lasaigarriak. Baina hirugarrenez saltatu du alarmak.

        — Zer da hau?

        Ez al duk ikusten, kainabera bat. Ez dut ezkutatu gainera, eskuan nekarrela heldu naiz. Kendu dit, eta detektagailupean ipini du. Baiki, nire tresna hau zen alarma jotzen zuena. Irri egin dute orain hedexurien antzeko kapeluak daramatzaten txapelokerrek.

        — Tiburoi guti harrapatuko duzu honekin!

        Irriantza egin dut nik ere, eta kendu egin diet kainabera. Jostailu bat ematen du bere plastikozko prezintoan.

        Hemingway txipi bat naiz Kubara abian.