Fideltasunak I
Bizian bizi
Pekin ematen dizu, edo Vietnam, esantzarik gabeko Kuba honek. Txirrindek, tirripitek eta bizikletek (desberdinak balira bezala aipatzen dizkizut, eta benaz uste dizut ez daudela berdinak diren kurpilbiko bi hemen) hartuak dizkizute karrika guztiak, bizikleta erlojua baino zerbait preziatuagoa duzu, poliziak ezinbestekoa baitu bere lana egiteko (Lohizuneko jandarmak dirudite), zinemagilea ere bizikletan doakizu ICAICera, eta denak ere halako balet ederrean, txori sirindangoak bezala, ezen bizikleta baita Kubako autoen fauna zoragarri eta basatia (Impala, Buick, Chevrolet, Argentinako Fiat, Ford, Daihatsu, Moskobix...) hezi duen zartailu zaulia (baita hemen berraurkitu dituzun zure haurtzaroko goitibeherak ere, giza-tirako garraiotresna bilakaturik, makadamaren gaineko lerak janariz, edariz edo altzariz zamatuak!). Bizidunak dituzu bizikletak, zakurrak zurean baino areago, eta bizidunei dagokienez, eskubideak murrizten hasi zaizkie tabernetan edo okulisten kontsultetan:
Debekatua dute bizikletek
barrura sartzea
Egun abangoardiako poema bat egin nahi duenak, mekanikagintza laudatu nahi duenak, bizikleta dizu gaia Kuban, oda bat eskainiko ziokeen egun Maiakovskik bizikletari, eta ez Lada autoari edo Kama kamioiari. Espaloikoaren eta estratakoaren arteko hibrido zoragarria duzu txirrindularia, zentauro moderno bat, mitologiaren beharrik gabe, bera baituzu jainko eta biktima aldiberean. Familia ere, etxean baino lehen, bizikleta gainean biltzen zaizu, barran ezarririko zurezko aulkitxoan alaba, aita pedalei eragiten eta atzean ama... besoetan daramanari titia ematen! Eta Salvat-Papasseitek Bartzelonako tranbian moldatu zuen poemaren antzekoa egin dezakezu zuk Vedadoko 15 eta H-an:
Jaio berria bularra bera baino txipiagoa da
txipiagoa eta beltzagoa:
O bat ematen du
jolasean irribarrez
Eta irribarre egiten duzue oinezkook estanpa ikusirik (esnea zuriago haragi beltzean), eta kubatarrak diren oinezkoek ez dizute piroporik bota gabe pasatzen uzten (Gozo hoala hi, beltzarana!, Ai nire amak hala hazi banindu!), eta aitak ere harrobarre egiten du. Bizikletak ezinezkoa zirudiena lortu du, hau da, habanatarren arteko harreman publiko sarriak areagoatzea, oinezkoek ibilgailudunekin luze hitz egin ahal izan diezazuten, txirrindulari bakartiek botila egiten duten neska ederren heldua soma dezaten gerrian, pontxeretan adiskidantza berriak egin ahal izan daitezen, bizikletak zaintzen dizkizuten espaloiondoko etxeetan neska-mutilek elkar musuka dezaten baso bat ur estakuru... Bizikletekin, auzune handi bat izateko behar zuen huraxe irabazi dizu Habanak eta, esanen nizuke, Kuba osoak.
Espainola?
Bizikletatik bertatik, oreka zailak eginez neure pausoari egokitzeko.
Ez!
Espainola zaren galderari ez biribil batekin erantzuten badiozu Kuban, berehala entzunen duzu:
Euskalduna!
Bai.
Gora Euskadi Askatuta!
Ondoan jarriko zaizu, pausoak hartuko dizkizu, eta liburu erostera zoazenez, oso proposamen egokia eginen dizu:
Erosiko ditut nik pesotan, zuretzat merkeago askozaz ere, eta gero emaidazu zuk irizten diozuna, mesedeagatik.
Dolarretan ere aski merkeak dituzu liburuak Kuban liburudenda ofizialetan. Karriketako eta atarietako eskaintza berriz lotsagarri merkea duzu... Ez nauk merkezurkerian etorria, konpai, dolarretan ordainduko diat paper alfabetatua. Eta gainetik kentzearren, ikara dadin, internazionalista zarela esan behar diozu. Kubatarrak azken hitza bere:
A, bai? Eta non konbatitu duk? Angolan?
Kontuz ibili behar duzu ezkertiar horrek eta are kontuzago iraultzaile europar horrek Kuban, han egite gogorretan neurtzen edo ulertzen baitizute nazioartekotasuna. Adarra jo dizu beltz honek, eta egoki... Ez duzu lanera tenoreko inoiz iritsiko, baina pronto zeneukake Angolarako, bertan egona ez baduzu. Mediku, noski.
Walkmana erosezina zaienez oraindik ere hitza maite dizuten gaztetxo hauekin jardunez ohartzen zara Errealismo Miragarria ez dagoela, Alejo Carpentier-en lehen irakurketa batean iduri lukeen gisan, historian edo oihanean edo arkitekturan, jendeetan baino, eguneroko solasean, hemengo amalgama politikoan, azpijoko ekonomikoan, Miamirekiko maite-gorrotoan, sinpatian, agurretan, diosaletan... Zein zuzendarik hartuko luke zeluloidean hemen dagoen behako jokoa? Zein soinularik hemengo piropo, adar-jotze eta berbaro etengabea?
Egon zinen hemen istiluak izan zirenean?
Ez... Zu bai, noski?
Ni bai... Kristal batzuk apurtu nituen, baina gero enteratu nintzenean itsasontziko goardia bat hil zutela, gusanera zapaltzen jardun nuen.
Ez, ez zenuke pentsatu behar gezurretan ari dela, horixe baituzu miragarriena, gobernuaren kontrako manifan zebiltzanetarik bi ere ez zituela arrazoi berak bilduko, eta kontrak ote ziren galdetuz gero ezetz esanen zizuketela izututa.
Ikusi behar zenuen, zoragarria izan zen...
Zoragarria?
Fidel azaldu zenean...
Bai, ongi portatu zen, kalera jaitsi zen...
Gurdi zabal ireki batean heldu zen... Sartzeko agindu zigun, berarekin hitz egiteko.
Gurdian sarrarazi zintuen Fidelek?
Bai, sartu nintzen Fidelen gurdian, eta hizketan jardun genuen.
Biek?
Ez, denok, jendez betea zegoen Fidelen gurdia, egizu kontu nolako beldurra zeukaten segurosoek! Eta ez duzu sinetsiko baina, Fidel isilik zegoen! Entzuten! Aizu... ez duzu ron ona nahiko?
Nire iduriko, bizikleta hodei handi batek zaintzen dizu Fidel. Eta Fidelzaleetan Fidelzaleena joanen zaizu noski, benetan haserre kontrairaultzaileen aurka, egunotan harrapatu duten bizikletari berezi hori ere, ez txinarrek ez vietnamdarrek asmatu ez dizuten baliabide berri bat ematen jakin izan diona hankarteko panderoari: Habana Club egiten den Santa Cruz del Norte lantegiko enplegatua izanik, ehundaka litro krema rona aterea zizun etxera bizikletaren koadro barnea zaldia deritzote hemen ontzi bilakatuta... Lantegian lapurreta egin arren, bizia emateko prest baitzenuke Fidelen alde, zeren, ironiaz ere entzunen duzun bezala borrokarako deia beti baitago emana!