Fideltasunak VII
Mambí batzuk
Gaueko hamarrak dituzu eta lasaitu dira Regla-tik Guanabacoa-ra doan treneko bidaiariak, hiru kilometro barru joko dizute Habana, orain bertan ageri baita Matanzas-ko linearen gurutzeta eta zaila duzu istilurik izatea hiriburutik hain hurbil. Fistu egiten du makinariak. Besteetan baino luzeago eta sarriago ordea. Trenak karrila galdu dizu trabeska paratuak zeuden zebú hilak jo dituenean. Ez du inork min handirik hartu, ikara txipi bat baino ez duzu izan trena berehala inguratzen duten zaldizko ezpatariek ematen dietenaren aldean. Baiki, mambíak dituzu. Sartzen zaizkizu trenean. Emakumeek oihu egiten dute, umeek negar, eta gizonezkoek ez dute deus esaten, ez hirugarren bagoian doazen hamar ofizial espainiar horiek behintzat. Armarik gabe datoz, baina uniformatuak. Hobe dizute muturik, bai.
Ez beldur izan, ez zaituztegu hilen!
Hala esaten die altxatuen buru egiten dizun gizon gazteak. Bizirik eta biluzik utzi dituzte bidaiariak. Beti daukazu egoskorren bat, oraingoan beltz bat gainera, bost matxetekada eman behar isiltzeko, hiltzeko. Francisco Vento kaboak ere kolpe eder bat hartu behar izan du. Alonso lotinanteak ihes egiten dizu leihatilatik jauzi eginda harri barru dagoen Cabote kasernara tira ahala. Gaztigu ematen du, biltzen da tropa, trostan irteten dira. Mambíak aldeginak ordurako, ofizialak bahituran hartuta. Gaueko hamaika t'erdiak dituzu, ezin dute maniguan sartu. Harrapatu behar dituzte baina, ofizialak urka ditzaten baino lehen.
Biharamuneko goizeko seietan iritsiko dituzu altxatuak San Luis finkara, han daukate kanpamendua. Lau zentinela jarri eta lo egiten dizute goizeko hamaikak arte. Orduan bahituak miatu eta itaundu egiten dizkizute. Norberaren diruak ez dizkiete kentzen, bai ordea Soriano kapitainak dakartzan mila peso urrekotan eta biletetan, bere erregimenduaren ordainketak egiteko.
Honek, gurekin ibili beharrean, nahiago du espainolekin!
Ez dio graziarik egin buruzagi mambíaren ironiak Bernardo Berros lotinanteari, baina jakinaren gainean egon behar zizun zer gertatu behar zitzaion abertzaleen esku eroriz gero, mulatoa denez.
Lotu eta eramazue bi legoa barru...
Betancourt lotinantea ez dago lasai, bera ere kubatarra baituzu, eta zuria den arren partida honen buru egiten dizun gizon gazteak ezagutu behar baitu nahi eta nahi ez, ikaskideak izan dituzu Habanan.
Gerla honetan ez zuek eta ez guk ez dugu irabaziko. Hogeita bost kubatar matxinatu nahikoak dira gerla izateko. Negoziaketa egin behar da. Kubarekikoa aldatu egin behar luke Espainiak. Nik bakea nahiago dut.
Betancourti beha esanak. Bekoz beko eta ez ezagutuarena eginez. Izerdi hotzetan duzu Betancourt...
Hurrengo goizean bi guajiro zaharrek jotzen dizute Jarucoko kasernako atea. Mezu bat dakarte: espainar bi dauzkazu urkatuak Campo Floridon. Kasernan gordetzen dituzte biak, zelata bat ote den. Irteten dituzu tropak heriosuhar. Laster atzematen dizkizute urkatuak. Berros lotinantea duzu bata, bularrean ohar bat daukala:
Hau bezalako ekintzak mingarriak dira,
baina beharrezkoak hainbeste traidoreren zentzagarri
Bestea ez da militarra, treneko makinaria baizik, eta ez duzu epaiketarik gabe kondenatua izan:
Salatariaren Akabantza
Miatzen dizkiete sakelak, eta ofizio bat aurkitzen diote Berros gizagajoari:
Valeriano Weyler buruzagi jeneral espainolari.
San Luis Kanpamendua, 1895eko urtarrilak 17.
Kubako Armada Askatzailea Bostgarren Alorra Lehen Dibisioa Iparraldeko Brigada Habanako Zaldizko Erregimendua.
Bart, urtarrilak 16, nire manupeko tropek Reglatik Guanabacoarako trenari eraso zioten. Militar asko zihoazen bertan: gogor egin ziguten eta atxilotu ez genituenak hilik geratu ziren. Bahituriko ofizial hauen bila, Berros lotinantearena izan ezik, kubatar traidore gisa urkatua, konsul amerikarra igor dezakezu, zeinaren zain egonen naizen arratsalde honetan, Minaseko irteeran, Campo Floridorako bidean. Aitonseme gisa jokatzea eskatzen dizu atxilotuen egoerak.
Aberria eta Askatasuna!
Erregimenduko Buruzagia: Nestor Aranguren.
Paper honen berri izandakoan, Valeriano Weyler-ek birao eginen dizu.
Nestor Arangurenek hogeita bi urte dizkizu, Betancourtek bezala. Hau lotinantea espainoletan, hura koronela abertzaleetan. Hirurehunen bat zaldizko dauzka manupeko, ia denak zuriak eta Habanan ikasle izanak. Eta badizu larderiarik, Gora Kuba Askatuta! oihukatzeko agindu dien mambí zakarrari matxetea jaitsiarazi eta ezti, dotore, ironiko guztiz, dio:
Jaun ofizial hauek beren aberria eta beren banderagatik borroka egiteko agindua dute, eta ezin dute «Gora Espainia!» besterik oihukatu...
Betancourtek milizia uzteko erabakia hartzen dizu bere artean, zaila izanen litzatekeela bigarrenez salbatzea... Bizia ederra duzu, Habana ederra duzu, mulatarik ederrena hartu behar dizu gaur, libre utzi behar baitituzte noizbait, eta Nestor Arangurenen osasunera egin behar duela topa egiten dio zin bere buruari.
Ez dizut Nestor Aranguren honen beste aztarrenik aurkitu inon.
Ez dakizut nor zenuen Aranburu, borrokan hildako kapitain abertzale hura.
Ez dakizut ezer Domingo Mujika, espainolek fusilatu zizuten mambíen buruzagi hartaz.
Ez dakizut Agirre izeneko baten partidak onik amaitu zizun.
Dakidan bakarra duzu kubatar abertzaleak zenituela, eta Valeriano Weylerek fusilatu nahi izan zizkizula guztiak, azken karlistadan hil ezin izan zizkizun mendira jotako euskaldun guztien ordain.
Oharra: hirurogei urte geroago, eztanda batek astindu zizun Vedado erdia. Gómez-Lubian Urioste txikitua gelditu da auto barruan, Batistaren villa batean ipini behar zuen bonbak eskuetan lehertuta. Hogei urte zituen eta artean poema guti idatzi ahal izan zizun:
Ez zait ardura zer gertatuko
Harro nago guztiaz
Guti ardura zer gertatuko
garaiz hil behar duenari!
Txiki esaten zioten lagunek, berak hala maite zuen.