Fideltasunak II
Jai alaiak
Hotel Inglaterraren aurrean, eta Floridita-ra beha (Bodeguita-n nire mojitoa, Floriditan nire daikiria, omen zioen Hem zaharrak), Martí ageri duzu, eskua luzatua, pototsa eta arina ere luzatuak. Kopakoaren neurria eskatzen ari balitzaizu bezala, egia da. Burumakurtu xamarra idurikatu dizute eskultore guztiek Martí, lurrera beha, arrastoren baten bila edo bere artean gogoetaka ari balitz bezala, kezkaturik, hala parke eta plazetako gorputz osokoetan nola eskola barneetako igeltsuzko bustoetan. Prado-ko honek burua altxako balizu, HBren ikurrin zuri-beltz luzeskak ikusiko lituzke margotuak Gomez Mena eraikuntzaren erlaitz osoan...
Ongi behatzen baldin badiozu, atzemanen diozu kozkorra!
Kozkorra? Bakarra al zeukan ba?
Zer diozu, burkide... Zer hizkuntza da hori? Txekiera?
Urrezko iltze bat omen zeukan lehen plaka bati eusten monumentu honek, eta Fidelek gorde omen zizun. Batzuetan ez du jakiten batek zer esan nahi dizuten zehatz Fidelenak aipatzen dizkizutelarik, Kuban gelditzen den iraultzaile bakarra ote den edo Fidelek ere, munduko beste agintariek bezala, sakela gizentzen ote duen... Baina ez, oraingoan Fidelen zuhurtzia aipatzen dizute txoko beroko solasturiek, izan ere frantsesek, Cousteau komandanteak eta, eskaini omen dute batiskafo bat Habanako badian hondoratua dagoen altxor handi bat gordetzen duen galeoia arakatzeko, baina beretzat nahi omen dizu urrea Fidelek, eta beretzat esaten dizutenean txoko beroko hitzontziok, kubatarrentzat ulertzen duzu batere lanik gabe, edo hala adierazi nahi dizutela uste duzu. Lauzpabost txoko bero dauzkazu Habanan, eta bat hemen, Prado ibilbideko Martíren monumentuaren ondoan, zeiba ederren gerizpean.
Kubako hirugarren baserik onenak Habanak ditu!
Zer diok? Pinar del Río-koak dituk bizkorrenak!
Pilota, Kuban, beisbola duzu. Gureari jai-alai esaten zaio, jai-alai jokatzea. Orain aurkitu berria den décima batek dioenez 1790ean bederatzi euskaldunek (bascongados) lehiatu behar zuten pilota batengatik. Ez ditugu guk askoz zaharragoak pilotari buruzko lehen bertsoak. Almendares ibaiaren ondoan dauzkazu instalakuntzak, hemen jokatu zen azken mundu txapelketarako eginak, Sotomayor jauzilaria izarra duen errendimendu handiko kirol eskolatik hurbil. Berriak, zainduak, libre eta estali, biko eta trinkete, labur eta luze, ugari, ez duzu halakorik Euskal Herrian. Emeterio Arrese, Ameriketan frontoiak eginez hainbat aldiz aberastu eta erreka jotako poeta hura ere, Kubara etorri zen mende hasieran, urte batzuk lehenago Espainiaren atzaparpeko zela honelakoak idatzi zizkizun arren:
Goazen, mutillak, tximistan oñez
odoi beltza urratzera
Maceo'tarrak beti-betiko
itxasopian sartzera
tutan soñura irrintz egiñaz
jaso dezagun bandera
orruaz daude bazter guziyak
guazen, mutillak, aurrera!!
Luis Mazzantini zezenketari elgoibartarrak denboraldi luzeak ematen zizkizun Kuban, berak lortu zuen Habanako Udalak dohainik eman zezan zestapuntako frontoi bat jasotzeko orubea mende honen hasieran. Horrela hasi zen Habanan berehala beisbol bizkaitarra esanen zutena, Habana Euskal Sportaren Atenasa bilakatuko zuena. Jai-Alai frontoiaren inaugurazioan (1901), Gernikako Arbola jo zen (Espainiako eta Estatu Batuetako himnoekin batera, orduan ere, 1990ean bezala, kubatarrek saio diplomatiko zailak egin behar izan zituzten, Leonard Wood, gobernadore militar estatubatuarra uhartean, jai-alaizale amorratua baitzenuen...).
Duela hogeiren bat urte, whisky kopa baten aurrean pasatzen zituen bazkalondoak agure hiztun eta umoretsu batek Errenteriako Alameda tabernan, entzun nahi zuenari, eta nahi ez zuenari zer esanik ez, Kubako balentriak kontatzen. Pilotari ohia zenuen, Miamin, Tampan eta Habanan jokatutakoa. Kopakoa nork ordainduko jarduten zuela pentsatu izan genizun hasieran, baina ez zen hala, berak ordaintzen zizun berea beti. Haatik gezurti hutsa genuen agurea, hala frogatu genizun Trecet-en galde egin genionean.
Trecet? Ez, Habanan Trecetik ez, Manila-n ausaz!
Ez zegoen irain handiagorik guretzat. Trecet izan genizun urteetan pasaitarron heroi mirestuenetako bat, Matxet edo Arrillaga patroiak baino exotikoagoa, haiek baino aunitzez kosmopolitagoa eta, herrian ospea zizunez, gonazalea. Aberastua genuen Habanan eta ez zen herrira inoiz itzuli. Norbaitek gutunen bat omen zeukan, eta behin haren argazki bat ere ikusiko zenuen inoiz: berrogeiren bat urteko, ilea gominaztatua eta txukun orraztua, bibote ongi moztua, perlazko brotxe batek eutsitako gorbata lepoan, dotore, sobera dotore egia esan herriko gazteok uste eta nahi genion bizimodu bohemioa egiteko.
Dirudienez, Trecet ez zenuen izan El Pitágoras de los Frontones, ez El Fenómeno, ez Su Majestad, ez La Perla de la Cancha, ez El Divino Sonámbulo edo El Dempsey de la Cancha... Atzelari arrunta izan zenuen, 1902an Luis Gardoi Makala aurrelariarekin bolada on bat izan zizuna. Cienfuegos-en daukazu jokatzen 1924an, bere karreraren amaieran noski. Egun Kuba sozialista eta dibisabeharrak aberats yatedunentzat egina dizun Marina Hemingway luxuzko antolamenduaren lekuan zegoen Marianao hondartzako Summer Casino Jai-Alai frontoiko intendente bezala ageriko zaizu 1928an Andres Trecet hau. Usarioa zizuten orduan intendenteek ontzako urrea eta zilarra botzearena tanto eder bat jokatzen zenean. Ikusgarria izanen zenuen aurkarien arteko gizalegea, irabazleek erdibana egiten galtzaile duinekin, aurkariari eroritako ezpata duelari jatorrak jasotzen zizun dotorezia berberaz... Partida motel zihoanean, txakurtxikiak zetozkizun pilotarien zangoetara. Eta ikusgarria izanen zen orduan ere aurkarien urduritasuna, duelari koldarrak balira bezala armak hartzeko uzkur.
TONGO. Amarru edo tronperia zaldi lasterketetan eta euskal pilota edo jai-alai izeneko jokoan.
Ezinen duzu zeuk zuzendu Kubako hiztegi guztiak berdintzen dizkizun definizio hau. Manguá erraza, tabakoa eta mulatak Karibeko belle époque batean... Nobela baterako apunteak hartzen zizkizun orduan Hem esaten zioten Patxi Ibarluzea pilotariaren lagun estatubatuarrak, eta uste izatekoa duzu ez zela geldituko dolar parrasta bat jokatzeke. Maiz gertatuko ziren jelengeak eta safakokak, eta giro ustel horretan kokatzen genizun guk Trecet, aita edo semea zenuen berezi gabe, beste Trecet bat ageri baituzu 1928tik aurrera Kuban atzelari kontratatuen artean, Andres Trecet intendentearen seme Hernando. Guretako, Pasaian, ontzia hartzen ausartu zirenetan Amerika egin ahal izan zuten bakanetarikoaren mitoa zenuen Trecet. Beste Trecet batek, Juanitok, hamaseigarren urtea egin behar dizu aurki munduko frontoi hotzenak dituzun Espainiako kartzeletan preso. Ez duzu mito bat.