XXII
New Yorken dago bizitza, baina lasai samar hitz egin ahal izateko Inglaterra hobe. Hemen zitatua naiz duela ordubete Senel Pazekin telefonoz. Gustatu zitzaion ICAICen utzi nion heriotza-mehatxua, harro nago.
Bihar noa, gaur egotea hobe. Ahitu zaidak mogolla guztia!
Pozten nauk, espero diat kubatarrek soildu izana!
Hala duk, paparik gabe gabe utzi naitek!
Inglaterra Hotelaren lobbya enkontru eta solas historikoen lekukoa izan dugu. Bertan hartzen zituen Antonio Maceo jeneralak Habanako kazetariak, bertan erabaki omen zuten yankiek eta espainolek eta espainolek, bai, hala segurtatu didate eta hala irakurri dut historiografia kubatarrean Maine itsasontziaren leherketa Estatu Batuek esku har zezaten Kuban, bertan eman zioten despedidako oturuntza García Lorcari, eta nik esanen nuke Graham Greene ere hemen egonen zela ostatuz bere Habanako gizonaren bila. Ez baldin bazen egon ere ez du ardura, haren hutsunea betetzera baikatoz, ez koko erdika noski, Senel eta biok.
Zu ez al zara...?
Senel Paz idazle bikaina izatetik gidoilari izugarria izatera pasa da goizetik gau Tomas Gutierrez Aleak bere Marrubia eta Txokolatea narrazioa filmatu duenez geroztik, lehendik ere hamaika gidoi egin ez balitu bezala. Edozer mesedetarako hemen daukagula esan digu hoteleko harreman publikoetarako arduradunak Seneli eskua benetan hunkitua estuturik, eta oparitxo bat egin digu, subizteko bana, hotelaren publizitatearekin. Benetako opari bat da hori Kuban, eta mahai gainean utzi dut neurea; hartzeko keinu itsusia egin badut ere garaiz ohartu naiz.
Erroman egon zen Senel duela guti bere liburuaren aurkezpenean, eta kazetari italiarrek, espainiarrek gure kirolariei bezala, hiru bat galdera inozo egin ondoren, fuego:
Egia da Kuban ez dabilela busik?
Zenbat paper bete behar dituzu Habanako auzune batetik bestera joateko? Zazpi, lehen bezala?
Zenbat izan dira aste honetan karriketan goseak hilak?
Zer pentsatzen duzu zuk egoera politikoaz?
Barre egiten diete orain Paz senar-emazteek Italiako kazetari guztiei, eta idazleak idazleari maiz egiten dion aitorpena botzen dit Senelek, eta ez nuke esanen ez duenik halako harrotasun amiñi bat, klub berezi eta arraro bateko partaide hautuak baikinan:
Egia esan, literatura, benetan, oso jende gutiri ardura zaio...
Gero, diskrezioagatik ezin esan dezakedan Europako enbaxada baten jokaera kontatzen dit. Literatur beka bat sortzen du urtero hemengo idazleren bat hara joan dadin hitzaldiak emateko eta idazteko. Eta urtero, UNEACek, Kubako Artista eta Idazleen Batasunak, eskainitako zerrendatik inor aukeratu ez eta beste bat hautatzen du bekadun. Bekadun hori, ia kasu guztietan, ez da Kubara itzuli...
Beste heriotza-mehatxu bat idatzi behar didak...
Beste bat?
Euskaraz, lagun euskaldun batentzat... urteberrion esan behar zioat!
Jarri naiz lanean, ahalik eta testurik ironikoena asmatzen. Egia esan, badirudi hotelek ez nautela sobera inspiratzen. Euskaraz da eta espero dezagun Senelek ez eskatzea itzulpena... Euskal liburutegiarena aipatu diot, euskal gaiak eta euskal literatura bilduko lituzkeen liburutegi bat hemen. Zenbait leku desberdin aipatu ditugu, Unibertsitatean egokiena...
Uste diat hor atzean hire lagunen bat dagoela.
Jiratu naiz... Ñengé! Irribarretsu, berarengana joateko keinu eginik.
Memento bat, barka iezadazue.
Bagoaz...
Despeditu gara Ñengé hurbiltzen zaidala. Nola arraio aurkitu nauen galdetzeko betarik eman gabe bota dit:
Nola irten haiz giltza utzi gabe!
Zer daukak, zer gertatzen zaik?
Hoteletik irteterakoan giltza utzi behar duk beti karpetan, zer gerta ere!
Hori nahi diat jakin, zer gertatzen den!
Ba hire kúnbilak gela behar duela! Emaidak giltza, agudo!
Hemen daukak...
Ordu erdi bat... Lau mayombe utzi ditiat ordainduak kafeterian!
Mulata duk? Bayamokoa?
Zelakoa! Mamma mia! E veramente una madonna! Oxún!
Hasperen egin dut, badirudi Habanako nire gizonak ez nauela inoiz abandonatuko. Heriosuhar irten da New Yorkerantz giltza hartu orduko. Bueltatxo bat emanen dut Martíren ondoko txoko beroraino, ea zer guari-guari duten egunotan pilotazaleek. Eta ezarian, itzuli bat emanen diot estatuari, ea kozkorra antzematen diodan, Katedralera hurbildu baino lehen.