IX
Goizeko bostetarako iratzarri nau Ñengék, hamabi orduko lo lasaigarri bat egin izan balu bezain umoretsu. Jantzia dago, hiribarnetik dator.
Egunon, burkide! Ez zegok eguzkirik gabeko larunbatik!
Zain omen dauzkagu gasolindegikoak, mugitu beharra dago. Ez dut oso ongi ulertu zergatik dauden gure zain gasolindegikoak, baina erdi lo joan naiz dutxapera eta ez daukat hizketarako batere gogorik. Alua, egun ez duk larunbata!
Gu eta beste bikote bat gaude gosaltzen jangela handian. Espainol aguretzen hasi bat hogeiren bat urteko mulata ederrarekin, arrunta da hori Kuban, espainola euskalduna izatea maiz. Zertara etortzen dun ba euskalduna hoteletara, B.?
Mulatak Bayamon, hangoak dituk ederrenak, ezti kolorekoak, kanela kolorekoak, gerrirainoko ilaje leunarekin...! Laugarrenez ezkontzen banauk, Bayamokoa hartuko diat emaztea!
Eta beltzak? Ez duk beltzik izan?
Ez, ni beti mulatekin... Emakume beltza jeloskorra duk oso! Labana sartzen dik ezer sumatuz gero...!
Ongi zegok jakitea... Zer duk maizena, neska beltza mutil zuriarekin ala neska zuria mutil beltzarekin?
Arraultza irentsitakoan erantzun dit:
Ez zekiat motell, oso nahasia zegok dena!
Zukua besterik ez dut nahi. Minduak dauzkat besoak, eta bikorrez betea lepoa.
Egin ezak kontu orain edozein beltzek ere baduela gurdia...!
Ez nuen halakorik espero, uste nuen ironiaz erantzunen zidala, edo beltzen larderia sexualari buruzko zerbait. Erdia sinesten diot, badaki bezeroa lausengatzen.
Gasolindegian gelditu da. Ni aitzinago bidali nau autoarekin, eta itxaroteko. Habanan atso margotuak esaten dieten gurdi handi horietako bat heldu da gasolindegira. Mulato eder bat irten eta Ñengé-ri eskua eman ondoren gasolindegikoekin jardun dute. Bi garrafa luzatu dizkiete nire mutilei barrendik. Badiagu zer edo zer. Berehala heldu dira biak, nor bere garrafarekin. Biztu dut. Sartu dira.
Goazen, hartu ezkerrera!
Makadameztatu gabeko bidexka batetik sartu naiz, zulo handi xamarrak daude. Jendea mugitzen hasia da batera eta bestera. Umeak eskolara doaz, eta Habanan bezala, kontraste ikusgarria egiten du kaleko zabor eta zikinkeriak kubatarren jantzien garbitasunaren aldean.
Hemen da nire etxea, geldi!
Ez, aurrerago hobe!
Hemen bertan, berdin da!
Aurrerago hobe, ez fida kaimanari uretan hagoen artean!
Auzunekoak konfiantzakoak direla esan digu mulatoak, baina hala ere aurrerago gelditu gara, ez bere etxe aurrean. Garrafa txipienarekin irten da, eta ateaurrean moto bat parkeatua daukan etxera abiatu da. Mulatoa ezkutatu orduko inoiz baino zakarrago bota dit Ñengék:
Aurrera!
Baina...
Zapal ezak orratza tentetu arte!
Obeditu dut noski, eta bide nagusira irten gara orratza batere tentetu gabe. Trafiko handia dabil.
Oso ongi, badiagu gasolina, merke gainera, hamabost pesotan zegok hemen!
Baina Ñengék atzera behatzen du urduri.
Hi, zer arraio...?
Emaiok hautsi beharrean kamioi gorri hura begi bistatik galdu arte, beha gelditu zaiguk txoferra eta matrikula hartu nahiko dik!
Hi, hi... zertan sartu nauk!
Ez da kamioiarengatik nik behar nuen gizonaren urduritasuna. Mulato ederra ageri da motoan ziztu bizian. Leihatilaren ondoan ipini zaio.
Nora zoazte?
Hotelera, esan diat!
Hotelean bete behar duzue?
Bai, atzeko lorategian!
Baina hotelean ez sartzeko agindu dit ahapetik. Ez dakit zer darabilten bi hauek, baina banengoen ni adar honetan jutía bat zegoela gorderik... Berriz heldu da motozalea leihatilara, ertzaina ematen du.
Atzean utzi duzue hotela!
Beste bat zegok irteeran!
Zer edo zer egin beharko duk hik ere, eta onena gelditu eta gauzak argitzea izanen duk. Aukera polita duk Ñengéri gain hartzeko... Bide bazterrean gelditu naiz. Aurrean trabeskatu du mulatoak motoa. Harengana noa nire beltzari autotik ez mugitzeko aginduta.
Zer gertatzen da?
Beltz hauek... onenari tiro bat buruan!
Baina beltzak ez entzunarena egin du, eta autotik irtenda sasian barrena abiatu da lasai, bazterrak miatuz.
Ez dik ordaindu?
Bai... Baina garrafa ostu nahi zidak!
Dei egin digu Ñengék, autoa atzeraka barneratzeko agindu dit. Obeditzeko egin dit keinu mulatoak. Lokatz gogortuetan kulunka eman diot atzera, bide nagusitik ezkutatu garen arte. Ñengék plastikozko tubo bat atera du bere poltsatik.
Prestaturik etortzen bainauk ni!
Garrafa autoaren sabaian ipini, tuboa bertan sartu, gasolinaren depositoari zipotza kendu eta haizea kendu dio tuboari bertatik arnas hartuta. Badator. Atzamarrak busti eta dastatu egiten du. Profesional bat, edo ikasia behintzat.
Oktanaje onekoa duk, dasta!
Ez obeditzen hasteko ordua dudala erabaki dut oraindik orain. Harritzen nau mulatoak, ez dio deus esaten, mirestua bezala dago, telefonoa baino beltzagoko beltz honek ziria sartu nahi izana ezin sinetsirik. Hala ematen du behintzat. Gasolina guztia hartu duenean, biek erantsi diote atzaparra garrafari.
Utz ezak!
Bi litro oparitu ditiat!
Hala zuan tratua!
Gezurretan ari haiz!
Hi... utz ezak! Gainera, garrafa ez duk nirea!
Mulatoa beltzari gezurretan, ikusgarria da zuriarentzat. Errukitu egin da Ñengé, bizia barkatuko balio bezala utzi dio behintzat garrafa eramaten. Atzera egin du bere motoan hirirantz gu Santiagora inoiz helduko ez garela unean baino unean segurago nagoela.
Isilik gidatu dut puska batean. Esplikazio bat zor dit norbaitek, eta erruduna aldamenean edukitzeak hitzik egokienak ezin bilaturik halako patxada bat ematen dit. Aurkintzaren gainetik aura tiñosa ugari dabiltza, hemengo putre beltzak. Ordu erdi egin dugu mutu. Hau izan du isiltasuna hautsi digun esaldia:
Guajiro alu hauek... ikasi egin ditek!