Fideltasunak V
Mila milioi hiztun baino gehiago
eta mila irakurle baino gutiago
Habanan, Zanja karrikan gora, Ayestarán-ena gurutzatzen zaionetik hurbilean, auzune berezi txipi bat topatuko duzu: kasinoaren teilatua, zinemaren fatxada, zineman ematen den filmea (gaztelaniazko azpitituluz), botika zaharra Pasaiako portuan marinelek saltzen dituzten ukendu miragarri berdinak apaletan, hoberik ezean Harresia izena duen jatetxea, egunero egiten den merkatua (Kubako produktuekin baina), eta ezkerrera hartuta, Zanja bera baino are zikinagoa dagoen San Nikolas karrikan... egunkaria! Kwong Wah Po, Herriaren Egunkaria. Txinarra, auzune guztia bezala. Eta noski, Pekinen zaudelako irudipena bortitzagoa izan dadin, ehundaka bizikletari trebe norabide guztietan, inurritegi mekanikatu bat.
Mila ale botzen ditugu.
Ramon Wong Man Ken jaunak administraritza darama eta Alfonso Txao Txiu zuzendariaren gaztelania traketsari laguntza ematera hurbilduko zaizu galdezka hasten zaren bezain azkar. Berrogei bat urte heldu zirela Kubara, baina lana emanen dizu biei ere ulertzeak. Harrituko dituzu musuzuri horrek horien kazetaritzaz interesatuta, jardun iezaiezu Euskal Herriaz eta zure hizkuntzaz kemenik baduzu. Eta egia esan, ez dakizu zergatik arduratu behar lukeen euskaldun batek mila milioi hiztun baino gehiago dituen hizkuntza baten egunkaria dela eta. Ez da txinera galduko egunkari hau itxiagatik.
Nongoa zara?
Euskalduna.
A, bai, Italian dago zure herria!
Europan behintzat. Kubako txinerazko lehen egunkaria 1924an sortu zen, Man Sen Yat Po, eta txinerazko kazetaritzaren urre aroa esan genezakeena mende honen erdialdera garatu zen, Txiang Kai-Shek-en nazionalisten eta Mao Zedong-en komunisten arteko gatazkan. Orduan egunkari bana argitaratzen zizuten borrokariek Kuban, eta dendari txinar guztiek erosten zituzten biak, eta bietan, zer gerta ere, egiten zuten publizitatea.
Eta bi egunkariak ere, ez ote zituzten kazetari berdinek egiten?
Irri egin dute, irri txinarra egin dutela iruditu zaizu, barrea, tortura bezala, txinarren berezitasuna ez dela badakizun arren. Egizu irribarre zeuk ere, erantzunik behar ez bazenu bezala.
Kwong Wah Po (Txung Wah Kasinoaren Aldizkaria) astean hirutan argitaratzen da, astelehen, ostegun eta larunbatetan. Hurrengo larunbatekoa ere luzatuko dizu opari Txao Txiu jaunak ostegun batean baldin bazoaz. Ez dirudi publizitaterik dakarrenik, eta finantziabideaz galdetu diozu, enbaxadak laguntzen ote dien, eta ezetz.
Papera Kubako Gobernuak ematen digu doan.
Eta atzeko gela ilun eta zikin batera eramaten zaituzte, non 1910eko errotatiba estatubatuar bat ageri den hogeiren bat paper bobina erraldoiren erdian. Ez da inoiz matxuratu.
Laurogeita bostetik laurogeita zazpira ez genuen argiratatu ahal izan, paper ezaz.
Lau orrialdeko egunkari hau egiteko (pliego bat) hamaika langile mobilizatzen dira, hauetarik lau erredaktoreak, eta penaz aitortuko dizutenez, irakurlegoa adindua da, zazpirehunen bat txinera-mintzaile geldituko dira uharte osoan, zenbait gazte Vedadoko Hizkuntzalaritza Akademian txinera ikasten ari den arren.
Baina txinera oso zaila da ikasteko.
Euskara baino errazagoa ordea.
Nazioartekoak, Txinakoak eta Kubakoak dira gure albisteak.
Hemen, noski, ez dizute orrialdea ordenagailuz osatzen. Linotipia erabiltzen da, hantxe daukate tipoak sortzeko berun-arragoa ere. Zoragarria duzu tipografia txinarra, pintore zoro batek eginiko zeinu kabalistikoetan barrena pasatzen dituzu erpuruak. Ez duzu ezer berezirik nabarituko, baina bai atzamarrak zikindu. Lau tipo tamaina dauzkate, titularrak eta testu xehea bereizteko. Tipo batzuk oparitu nahi dizkizu Wong Man jaunak. Ezetz esaten diozu, pena izanen litzatekeela batere gabe gelditzea... Barre egiten dizute biek berriz.
Zenbat karaktere ditu txinerak?
Hirurogei mila.
Arraioa!
Baina bost bat mila dira erabilienak.
Zer edo zer esan behar eta, galde iezaiezu kantonera eta pekinera oso desberdinak diren. Harrituko dituzu berriz, italiar hau oso jantzia zegok.
Dena da hizkuntza bera, berdin idazten da.
Baina desberdin ahoskatzen omen dira.
Kantonera, entzun: uiiiñ-uho!
Pekinera, entzun: uiiiñuuuooo!
Pekinera askoz ere leunagoa da!
Eta berriz ere irri batean, dragoi lasaitu bat bezala zuzendariak:
Kantondarrak mailuka mintzo dira, japoniarrak bezala...
Egizu irri lasai, zuk ere mesprezatzen dituzu Kurosawa-ren pertsonaia ahots-zakarrak. Baina badaezpada:
Zuek pekindarrak zarete noski?
Eta biek batera, irria galtzeke:
Ez jauna, gu kantondarrak gaituzu!
Karaktere batzuk oparitu nahi dizkizute, eta zeure herriaren izena galdetzen dizute ostera. Ez dakizu zer erantzun, izenik ozenena eman nahi diezu, eta laburra, sakelak karakterez bete ez diezazkizuten.
Kuba.
Kuba? Ez zara italiarra?
Zuek kubatarrak bezala!
Noski, noski, ja, ja, ja!
Alfonso Txao Txiu zuzendariak betaurrekoak jantzi eta karakteretan miaka ibili da, xehetan. Bi tipo ekarri dizkizu.
Beha, horrela da txineraz: Ku-ba.
Hiru hortzeko xarde bat gider bihurritu batekin eta gainean gurutze bat duen laukitxo bat. Ipini itzazu bata bestearen gainean.
Horrela?
Baina nolaz dakizu txinera goitik behera irakurtzen dela?
Erredakzioko mahaien artetik sarreraraino eramanen zaituzte. Sartu zarenean bezain zakar behatuko dizu atezainarena egiten duenak, Far West-eko banku baten bulegoa dirudien burdinazko kaiolaren hagen artetik. Horrelakoa izan zen Marco Polo ikusi zuen lehen txinarrak bota zion behakoa.
Atzean, Uztailaren 26ko bandera gorri-beltz bat eta Fidelen argazki bat, gaztea zenekoa. Che ere han daukate, ondoko paretan. Beherago, Camilo.
Euskalduna zuen ama!
Camilok? Ez genekien...
Pancho Villa-k bezala!
Ez dakite nor duzun Pancho Villa hori. Herriaren Egunkari Txinarraren arduradunek kubatartasuna frogatu beharra ote daukaten eginen diozu galde zeure buruari, eta gogora etorriko zaizu berehala Alfonso Txaok eta Ramon Wongek eskaini dizuten irribarrea galdetu diezunean Kubako Gobernuak nola jakin dezakeen txineraz argitaratzen dutena ez dela kontrairaultzailea.