Fideltasunak IV
Kaka jatea
Ez zara Kubara joanen garagardoa edaten duen Pancho astoa ikusteko noski, baina inoiz Las Tunas jotzen baduzu, ezagutu beharrekoak dituzu Kiki eta Marina, lehen caldosa ospetsu bat, zerrikiarekin eta indabekin eginiko saldatsua, egiten eta saltzen zizuten bikotea. Egoera berezian gaude eta barkatzekoa duzu caldosarik ez izatea.
Ez da erraza burkide, ez da erraza!
Alaiak dituzu ordea bai Kiki eta bai bere emazte Marina. Toldope batean daude tamalak, arto irinez eginiko talo beteak, eta manizko goxokiak saltzen. Guarapo freskoa gustora hartuko duzu, kainaren zuku hau melenga xamarra egin dakizukeen arren. Ona omen duzu edari hau amaberrientzat, esnea ugaritzen du esaten dizutenez.
Geldi zaitez bertako merkatuan, duela hilabete batzuk baimendu dituzten Nekazarien Azoka horietarik bat. Dibisak edukitzea zigorgabetu zenean gertatu bezala, Nekazarien Azoka hauek janarien merkatu beltza deuseztatu dute. Denetarik daukazu hemen, eta ugari: zerrikia, oilaskoak, arraultzak, fruta, ardikia... Kontrolatzaileak erne dabiltza batera eta bestera, orain artean txukuntasun neurriak ongi gorde dira baina, zure galdeei zuhur erantzunen dioten bezala. Garbitasun handia dago, okela palma hostopetan daukate eulien babesean, eta egunean ekarritakoa egunean saldu behar dute, ezin dizute atzera eraman biharamunean eskaintzeko. Ikusiko dituzun pargo ederrek ere bizia daukate begia oraino, egunean ekarriak dituzu kostatik. Zukuak edateko dozenerdi godalet bakanak maionesa poto ohiak ur garbian murgiltzen dizkizute aldiro. Zorua ere ez dago zikindua, erratza pasatzen dute hautsik harrotu gabe. Pozik daude kubatarrak, eta Habanako Boyeros azokan entzuten ahal duzun gauza bera entzun behar izanen duzu hemen ere:
Lehenago egin behar zuen Gobernuak hau!
Raul izan omen duzu herria goseak zegoela ikusi duena, eta berari zor omen zaio Nekazari Azokak sortu izana. Horregatixe omen dago Fidel haserre gainera, bere iritziaren aurka egin omen da liberalizatze hau, eta ba omen daramatza bi hilabete telebistan ageri nahi ez duela. Ulertuko duzu Fidel hil dela edo hilurren delako zurrumurruak zabaltzea zenbait kantzelaritzatan...
Haatik orain artean Armaden Buruzagia, Raul Castro, eta ez Fidel, genuen gogorra. Malobraren bat ote, Alderdia ordezkapena prestatzen hasia ote? Iduri luke, ordea Fidel izugarri kasketosoa dela jakinaraziko dizute ahapetik. Badu Fidel zaharrak haserre egoteko arrazoirik, oraindik orain lau idazkari probintzial kendu behar izan dizkizu kargutik, informe puztuak eta faltsuak igortzen zizkiotelako.
Estatuak ezin zuen onartu kubatarrok goseak egotea!
Euskaldunontzat bezala, jatea kultura bat duzu kubatarrentzat. Inork bakean uzten ez zaituenean, esaiozu:
Zuk uste duzu nik kaka jaten dudala?
Eta ikusiko duzu nola mututzen den. Ezinbestekoa da:
Hi kakajale bat haiz!
Eta ixtante otxanduko da, haserretu eta kimboka hasten ez bazaizu behinik behin, zuri gaina hartu nahi zizun harroputza. Aho finekoa zarela esan diozu, ezin dituzula gezurrak sinetsi edo solas ergelak eraman edo denbora alferrikaldu. Lokuzio horrek, noski, ongi jatearen garrantzian du oinarri, eta beraz, sukaldaritzaren prestigioan.
Euskal tortila ere badugu...
Euskal tortila? Nolakoa da tortila hori?
Eska ezazu, ez zaizu damutuko!
Guk Kuba erako arroza egiten dugun eskubide berdinarekin egiten dizute Kuban euskal erako tortila: txorizoa, urdaiazpikoa eta hirugiharra dizkizu. Habanan sartu berrian Chek, Fidelek eta Raulek lehen zurruta egin zuten Castillo de Farnés-en berezitasuna duzu gure tortila hau, eta benetan esaten ahal dizut ez dela txarra. Orain emakumezko errusiar batek zuzentzen duen jatetxe hau merkea eta garbia duzu, La Zaragozana-ren ondoan daukazu, Floridita inguruan beraz, eta haiek baino merkeagoa, proba egin nahi baldin baduzu.
Sukaldariarena hain duzu lanbide estimatua eta jatorra Kuban, ezen orain berriki harrapatu dituzten sei kontra zoro horiek ere sukaldariak baitituzu denak. Armaz beteak zetozkizun, goardia bat akatu zizuten, baina ofizialik eta buruzagirik eta fusilaririk ere inor ez, denak sukaldariak, hala deklaratu dizute egunotan epailearen aurrean. Ez dizu ordea Kubak halako sukaldarien beharrik, uste dut ez dutela lanposturik lortuko.