Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

Hitzostea

 

Ximun Fuchs

 

      Ximun Fuchs deitzen naiz.

      Jatorri bikoitza izenean daramat. Euskalduna eta judu alemana.

      Ene izenen bi aldeetako aitatxiek kontzentrazio esparruekin harremana ukan dute.

      Baten familia guzia Auschwitzen desagertu zen. Bestea Francoren kontzentrazio esparruetan egon zen Leclerc jeneralaren armadari juntatzeko bidean gelditua. Biak beren kulturarengatik. Bat judua zelako, bestea euskaraz mintzatu zelako.

      Baina gure herrian “kontzentrazio esparrua” ez da aipatzen. Kartzela, hoberenean... Frankismoak ez du auzirik izan, nazismoak bai. Euskal herritarrak egon dira Gursen, Ezkaban, Mirandan, Baionan, Saturraranen, eta batzuk handik Polonia edo Alemaniara ere joan dira. Batzuetan kobazuloetan txikituak, Nafarroan bertan. Milaka eta milaka erail, desagertu, bahitu, bortxatu, deuseztatu, torturatu, beren iritzi edo kulturarengatik, eta historiarik gabeko populu bat izaten segitzen dugu oraindik.

      Antzerkitik ikusita, trauma masiboak jasan dituzten populuen ezaugarriak hurbiletik aztertzen bagenitu, zer ulertuko genuke gutaz? Zer ulertuko genuke sarraski antolatuaren eta kulturizidioaren ondorioaz gaur egungo begiekin?

      Sorkuntzan zehar, besoetako liburuak izan dira: Nathalie Zajde etnopsikiatraren Bizirik atera diren haurrak, eta Gunther Anders filosofoaren Gu, Eichmannen seme-alabak.

      Nathalie Zajde etnopsikiatrak, trauma masiboen ondorioak aztertu ditu, belaunaldietan zehar. Bigarren eta hirugarren belaunaldiek gaitzaren orbainak nola erreproduzitzen dituzten aztertu du. Eta horien artean ametsak. Hitzak eta kontakizunak familian lekurik ez dutenean, haurrek eta bilobek trauma jasan duten burasoen amets berberak egiten dituzte, beren ezaugarri guziekin: detaileak, bizirik irautearen zailtasuna, beldurra, errepikapen frenetikoa... Orduan, gure lurraldean pairatutako trauma kolektiboek zer eragin dute gure ametsetan, gure intimitate ezkutuenean? Hau izan da gure ardatz nagusietariko bat sormen prozesuan. Bestalde, Nathalie Zajdek esplikatzen du izaeraz eta sozialki frantses burges arrunta dela. Ezkertiarra, jainkogabea, errepublikazalea. Bere familiak holokaustoa jasan du judua izateagatik. Baina etnopsikiatriaren ondorioek psikiatriaren mugak agerian uzten dituzte traumaren ondorioen artatzeari buruz. Psikiatriak gizabanakoa bere kulturatik kanpo aztertzen du: bere sexualitatea, onarpena, aita, ama eta abar. Baina kultura ez du kontuan hartzen. Alta, beren kultura eta sinesmenengatik jasan dute holokaustoa. Ohartu da bere kulturak duela giltza, eta sarraskiak jasan dituzten populuen sendagaietariko bat kulturak berak atxikitzen duela bere barnean. Tresneria guzia eskaintzen du, trauma gizabanakotik askatzeko, patuaren pisua komunitateari kolektiboki eramateko aukerak emanez.

      Euskal Herrian, antzerkiak eraman lezake lan horren parte bat? Francoren bilobari gutuna, horren saiakera bat izaten saiatu da.

      Gunther Anders filosofoak, Eichmann naziaren auziaren ondotik, haren semeari idatzi zion, gutun ireki bat proposatuz. Filosofia epistolarioa, filosofia eraginkorra egiteko asmoz. Gutun horretan, proposatzen zuen nazismoaren administratzailearen semeari elkartzea nazismo berrien arriskua borrokatzeko. Eichmann semea ez du haren jatorriagatik epaitzen, bere aita bezala joko zuen orduan. Ez, proposatzen dio bere arduraren parte bat hartzea, bere aitak utzi gaitzaren parte bat konpontzeko ez bada, horren ondorioak eta birsortzea sendatzeko asmoz. Baina guk zer erran diezaiokegu Francoren bilobari? Komunikabideetan, prentsa arrosak eman lezakeen lekua hartu du, baina sekula ez zaio ardurarik eskaini. Zer idatziko genioke printzesa moduan tratatua den Francoren bilobari? Zer gutun helaraziko genuke gure belaunaldiari, trauma jasan duten bilobak garenoi, komunitatean askatzeko gaitza, traumaren ondarea eta hitzik gabeko sarraskia.

      Baina antzerkia ez da filosofia. Antzinako Grezian, filosofia antzezlanaren ondotik egiten zen, gaur egun ostatuan egin ohi duguna. Antzerkiak eskatzen du haragia, bihotza, ekintza (hala uste dut behintzat). Espazio bat eskatzen du gatazka eta erronka agerian uzteko. Ospitalea hautatu dugu kutxatila irudikatzeko. Ospitalea gure herria da, gure bizitzaren pauso guziak markatzen dituen lekua (sortzetik heriotzaraino). Ospitaleak belaunaldi guziak gurutzatzen ditu, esparru sozial gehienak, eta sentipen kontrastatuak. Ospitalea, intimoa, gizartea eta herriaren bidegurutzea da. Zuriak dira paretak eta gorria odola, umeak, zaharrak, zauri txikiak eta orbain handiak.

      Gure barnean diren iluntasunak oihal zuriaren gardentasunean agertzen dira itzalak bezala, belaunaldiz belaunaldi traumak utzi aztarnak balira bezala.

      Francoren bilobari gutuna Euskal Herri osoan antzeztu dugu, 60 bat emanaldi egin ditugu. Errautsak eta Hamlet antzezlanekin, jende gaztea erakartzea lortu genuela erran nezake. Euskarazko antzerkia leku horretan berriz kokatzea lorpen handia izan zen: gizartean debatea sortu, eztabaidarako aitzakia eragin eta aldi berean euskal komunitatea bildu. Antzerkiaren helburua ez da sekula kontsentsua sortzea izan. Urratzen jakin behar da berriz josteko. Tabuek ez dute egonkortasuna bermatzen. Minak tapatzen dituzte, eta azken finean jendeak beste norabait begiratzen du bere zama arintzeko: erdarazko filmak, liburuak, antzezlanak... Gure inkontzientziak (beste batzuek ausardia deitu dutena) gazteria erakarri du antzerkira. Jendeak taldean etorri dira, eta ostatuko debateak eragin ditu. Gai bat izatetik hurbildu gara. Baina Francoren bilobari gutunak beste zerbait ekarri zuen: 80 urte inguruko “kuadrillak” ikusi ditugu gaztetxekoen alboan, adin horrek eskatzen dituen tresneriarekin: makilak, gurpilak eta betaurreko potoloak. Beraien historia bilakatu da. Jendea ez zaigu gerturatu lagunarte edo bikote edo ezagun taldean soilik, familian ere hurbildu zaigu, hiru edo lau belaunaldi antzerkiak besarkatuak. Uste dut antzerkiaren funtzioa, betebeharra eta lekua hortik jorratzea dugula helburu.

      Kultura, eta antzerkia barne, gizartean aipatzen denean, ideia oso zabaletan galdu ohi gara eta ahoa borondate oneko adierazpenekin betetzen zaigu (ongizatea, irekidura, elkarbizitza, aisialdia...). Baina honek ez du eragiteko ardatz zehatzik ematen. Antzerkia ekintza da. Benetan, zertarako nahi dugu antzerkia sustatu?

      Noski, ongizatea, irekidura, elkarbizitza, aisialdia... herritarren artean sustatzea gauza eder eta errespetagarria da. Baina urgentziazko gaia lehen mailara igo nahi genuke: Euskara eta Euskal Herria. Antzerkia funtsezko bi funtziok definitzen badute, honakoak dira: hizkuntza baten imajinazioa garatzea (afektiboa eta pentsaera) eta herri baten historiaren lekuko izatea.

      Jendea ez da hizkuntza batean mintzatzen behartuta dagoelako. Hizkuntza batean mintzatzen da, ereduak hizkuntza horretan jaso, eraiki edo garatu ditzakeelako.

      Egun, egoera hau da: jendeak euskaraz jakinda ere, bere haserreak, pozak, sorpresak, ondoezak edo irain gehienak erdaraz egiten ditu. Berez, euskal arteak eraman ditzakeen berezko ereduak oso urriak dira (filmak, antzerkiak, liburuak, joko elektronikoak...). Hau hilzorian dagoen herri baten seinalea da. Ez badugu herri gisa hil nahi, euskal artearen gudua buru-belarri eraman behar dugu, eta lehen-lehen lerrora ekarri. Bestela, beti erdaraz biziko gara gure barnean, eta hala biziko dira gure ondorengoak. Hau gure jardueran funtsezko erronka dela uste dut. Hau eta gure historia plazaratzea. Zerk eta nork kontatzen du bere garaiko historia, ez bada arteak? Historia liburuek irakurketa politiko eta zientifikoa markatzen dute, baina irakurketa sentikorra? Bere historia kontatzen ez duen herria ez da existitzen, eta mementoan gure historia kontatzeko tresna eta makineria artistikoa ahulak dira. Herritar gisa ez dugu gure historiaz jabetzeko aukera asko, eta ondorioz, ez gara existitzen. Komunitate gisa identifikatzeko, haserretzeko, pentsatzeko, pozteko, irakurketa sentikorraren adierazteko esparrua ureztatzeko premian gara.

      Sorkuntza prozesu guzietan, ene komunitateari mintzo natzaio. Munduari mintzo diren artistak beren buruari baizik ez zaizkie mintzo. Mintzo natzaio ene auzoari, ene lagunari, ene amari. Nori mintzo natzaion badakit eta horrek zorroztasun maila handia eskatzen dit. Euskaraz mintzo naiz, eta euskaraz baizik kontatzen ahal ez diren gauzez mintzo naiz. Bestela, gauza bera erdaraz erraten ahal bada, orduan frantsesez edo espainolez egin obren ondoan, beti makal egonen naiz.

      Ene herria kontatzen dut, “airearen zaporea” kontatzeko egiten dut antzerkia. Zer dio jendeak? Zer ez du aipatzen? Zer da hitzek gordetzen dutena? Zer da ikusten dudana? Antzokian komunitatea sortzen da, istorio batekin, imajinario kolektibo bat sortzea helburu, hizkuntzak eskaintzen dituen tresneria guziarekin.

      Baina lan guzi hau ezin da ibilbide pertsonala bezala ulertu. Bide honek bidelagunak eskatzen ditu. Artedrama eta Dejaburekin eraman da Francoren bilobari gutuna, eta ezin izanen zen beste molde batean sortu. Lerro hauek idazteko unean elkarlanean jarraitzen dugu, Zaldi urdina lanean. Francoren bilobari gutuna lptdp taldeko kide gisa sortu genuen. Ostera, talde horren baitako etapa amaitutzat eman eta Axut! sortu dugu, antzezlanak eta oro har euskal kulturari loturiko proiektuak euskara hutsez garatzeko xedez.

      Axut!: erronka jo, ekin, eragin, ausartu, saiatu, hanka sartu, besarkatu, jolastu. Aditz hauekin goaz aurrera.