Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

3. agerraldia:
Zebra emakumea 1

 

(Jauzi bat egingo da iraganera, zebra emakumearen amets-oroitzapenera. Bestalde, medikuak oholtzaren beste aldean dira, espazioan bi egoera eta garai ezberdin tartekatuz.)

 

ZEBRA EMAKUMEA (Gurs-eko bertsoak kantatuz, edo errezitatuz, zutitzen da hezurren bila): “Kanta behar dut dakizun nekhea. / Holako nekherik, nehun badea? / Batak egiten omen du xixtor gogorra, bertzeak ur mehea? / hirugarren batek, haren zortea! / erditzen du erditzen du haizea!”.

 

(miguel eta kristina medikuak pasilloan gurutzatzen dira.)

 

KRISTINA: Miguel!... Fundazioarena egiten ez bada, zertan geratuko da oposizioena?

 

MIGUEL: Oposizioak?

 

KRISTINA: Oposizioak, bai. Ez dugu ezer egingo euskara eskakizunak direla-eta?

 

MIGUEL: Kristina!... Ospitalea hankaz gora, gu grebara joatekotan, eta zu oposizioekin zatoz?

 

KRISTINA: Aizu, nik badaukat plaza, e!... Laugarren perfila, Miguel. Baina lagun batzuk kexaka dabiltza...

 

MIGUEL: Lan eskaintzara aurkeztu zirenak?

 

KRISTINA: Ba bai.

 

MIGUEL: Eta?

 

KRISTINA: Ba horixe. Medikua izateko euskara titulua saritzea... ez zait justua iruditzen... Sektarioa da.

 

MIGUEL: Sektarioa?

 

KRISTINA (erridikulizatuz): Mediku ona izateko euskara behar da ala? Zer nahi dugu, zirujaurik onena ala euskaldunena?

 

MIGUEL (badoa, aztoratuta): Mesedez.

 

ZEBRA EMAKUMEA (Orixeren Gurseko bertsoak kantatuz): “Gerla denborako idorreria. / Aski jan gabeko ahuleria. / Lau egun jan eta ere, ez zaut betetzen ertzearen erdia. / Pusa ta pusa banendi balia... / Alferretan, alferretan guzia”.

 

(miguel juanjorekin gurutzatzen da.)

 

JUANJO: Miguel! Beitu, beitu!

 

MIGUEL (barrez): Zer da?

 

JUANJO (gurutzatu zaien kristinari): E... e... ez da pornoa, e!

 

KRISTINA: Ya.

 

(medikuak kanpora irteten dira.)

 

ZEBRA EMAKUMEA (Bertsoekin jarraitzen du, miguelek eta kristinak artatzen duten bitartean): “Bigarrenez noa kabinetera / txanza hobearen entseiatzera. / Ez banu sekula santan nik ezagutu Uharteko jaun mera! / Donibanetik uda pasatzera / igorri nau igorri nau Gurs-era”.

 

(zebra emakumearen amets-oroitzapena: zebraren maitalea azaltzen da, eta musika sartu. Afaritarako mahaia ezartzen dute eta zebraren maitaleak begiak eskuekin itxi ondoren mahaira darama zebra emakumea.)

 

ZEBRAREN MAITALEA (poz inozente batekin): Sorpresa!... (Eskutik heltzen dio zebra emakumeari) Agustin etorri’un gaur etxea.

 

ZEBRA EMAKUMEA: Agustintxo? Asturiastio? Ez al zebilenan meatzen lanen?

 

ZEBRAREN MAITALEA: Bai. Hango milizianokin etorri’un bazkaittea... (zebra emakumeak ez ulertuaren keinua egiten dio)... Milizianok. Anarkistak... Sekulako bazkarie in diñau etxen! Amak hiru oilasko erre’izkin, ta attek ardoa atea din.

 

ZEBRA EMAKUMEA: Antzematen zain ean in dunala hik’e... (Konplizitatez) Masailek gorrittuek dauzken... ta begiek bixi-bixi. (zebraren maitaleak bere masailetara daramatza zebra emakumearen eskuak, eta irribarre egiten dute biek, urduri antzean) Zer zion Agustintxok?

 

ZEBRAREN MAITALEA: Hazitte etorri dun. Soinue’re hartu’in. Madrilen nausi omen dittun, ta laster hemen’e bai. Aurrerantzen ez omen ditten handi-mandiek ainduko. Oska attu’ittun: “Akabo jauntxok!”. Lurra partittu ingo deula ta ez geala gehigo maizter izango.

 

ZEBRA EMAKUMEA (ilusioz baina hasperen batean bezala, desio bat agertuz): Akabo jauntxok... Hoi zioten?

 

ZEBRAREN MAITALEA: Bai. Ta eleizeanak in dula’e bai. Akabatu omen dun denon bizie gobernau beher hoi. Hainbeste pekatu ta inpernu... Sotana eantzi ta lanen jarri nahi ez dunak, hobe izango omen din hemendio urrutia desagertu...

 

ZEBRA EMAKUMEA: Ez zakinat... Guren... aittek ta amak... Ez ditten gooko apaizen kontra ibiltzeik...

 

ZEBRAREN MAITALEA (lainezak jota): Eleizeai sue!

 

ZEBRA EMAKUMEA (izututa): Ixo!...

 

ZEBRAREN MAITALEA: Hala aittu’ittun anarkistak oihuka.

 

ZEBRA EMAKUMEA: Ba, nei inpernue ekartzen zidaten gogora...

 

(Isilunea.)

 

ZEBRAREN MAITALEA: Inpernue? Zea!... Gerezi denbora omen zatorren. Bazkalosten, saarrik’e ez geneukala-ta barkaesken hasi dun ama, ta ordun bota zion Agustinek, bero-berotan: “Lasai saarrengatio, ama. Gerezi denbora dator!”.

 

ZEBRA EMAKUMEA (zebraren maitaleari begira): Gooko ditinat gereziek. Binaka txorten beren... gorri-gorriek... haragitsuek… (Elkarri begietara begira tarte batez, eta irri eginez ondoren)... gustoa jango nitinen... oaintxe... gereziek... hezur ta guzti...

 

(zebra emakumea eta zebraren maitalea, mahaitik zutundu eta dantzan hasten dira; agustintxo soinujoleari oihala ematen diote begiak tapatuz, eta eskuak goratzen ditu.

zebraren maitalea banandu egiten da zebra emakumearengandik.)

 

AGUSTINTXO SOINUJOLEA: Ama! Amaaaaaaa…

 

(zebraren maitalea urruntzen da, eta zebra emakumea ohe-organ zutik dantzan doa.

Orainaldira bueltatuz, zebra emakumea etzanda dago, semea ondoan eserita egunkaria irakurtzen.)

 

SEMEA (egunkaria esku artean duela): Ama, entzun hau… Kanpoan giro ederra dago.

 

PAILAZOA (gelan jauzika eta oihuka sartuz): Nor etorri daaaaaaaaa....

 

(semeak destainaz begiratzen dio.)

 

PAILAZOA: Barkatu. Uste nuen... zera... Hau ez da umeen solairua. (zebra emakumea seinalatuz) Bera... ez da... ume bat...

 

(semeak ezetz egiten dio buruarekin, lehor.)

 

PAILAZOA: Bizirik dago... oraindik? Esan nahi dut... Ondo dago? Pozik? Hemen, behintzat, zainduta dago, ezta? Ospitale hau desastre bat da, baina bueno... (semea zutitu egiten da, tentso) Terriblea da bizitza, e!... Primeran gaude, oherik ohe saltoka raka-raka, tope, eta bat-batean, oheak batera eta bestera eta gu... kieto. Ta gero... kaput. (semeak ama hobeto tapatzen du, bere burua lasaitu nahian) Baina umorerik ez dadila falta, e! Egingo dizut numero bat? Total... berari... ez dio molestatzen. Ez da ohartu ere egingo. Begira! Badaukat bat oso ona.

 

SEMEA (atea seinalatuz): Ez, mila esker.

 

PAILAZOA: Bale, bale... Banoa. Banooooooooooaaaaaa! (Untxiarena eginez jauzika doa)

 

SEMEA (eseri egiten da eta egunkaria irakurtzen du): Ama, ondo? (Laztan egiten dio) Bilobek musu bana bidaltzen dizute. Ikastolatik irtetean zutaz galdetu didate gaur. Baita gaur ere. (Isilunea) Ea Gabonetarako etxean izango zaren galdetzen didate... (Egunkaria irakurtzen du berriz) Ama, entzun hau: “Trabajadoreak omenduko dituzte Nafarroan”. (Eta zerrenda irakurtzen hasten da) “Arangibel Kortabarria, Mikel; Mendigorrieta Larralde, Fernando; Aranbeitia Gaztelumendi, Patxi; Eizmendi Manterola, Iñaki; Santamarina Sanz, Manuel; Ezenarro Aginaga, Ildefonso; Bilbao Gil, Tomas Manuel; Echenandia Zubieta Antonio; Uriarte Inchausti Domingo; De la Cruz Basaldua Luis; Aguirre Zuazu Jose; Larrañaga Barrencua Julian; Bengoechea Iriarte Fidel; Peña Abad Ramon; Lasa Felix Prudencio; Bringas Tellitu Jose Manuel; Oliveros Andreu Alejandro; Moreno Saralegui Jesus…”.