Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

8. agerraldia:
Josi eta josi

 

(gaixoak aerobik saiorako batu dira. Banan-banan sartuz doaz, zein bere ezinekin. joxan, iñaki eta urtzi ere badaude tartean. monitorea indar betean sartzen da.)

 

MONITOREA (alde batera eta bestera mugituz): Kaixo. Egunon. Zer moduz nire kirolari olinpikoak? Ondo? Goazen! Gorputzak askatzera! Bai? Denok prest? Tira! Bagoaz! (Jauzika) Jauzi! Hop! Hop! Hop! Ooooooonndo! Bat, bi, bat, bi! Bat, bi, bat, bi! Mens sana in corpore sano!

 

(urtzi multzotik atera eta ertz batera doa.)

 

MONITOREA (hankak luzatzen hasi da): Orain hankak! Luzatu hankak! Bat, bi. Bat, bi. Ondo! (Eskuineko besoa orain luzatuz) Eskua. Luzatu eskuin besoa. Gora... gora... gora... Eta askatu! (Ezkerreko besoa) Gora... gora... gora... Eta askatu! (Eskuin besoa berriz) Gora...

 

GAIXO BAT (kantuan hasten da): Cara al sol con la camisa nueeeva...

 

(Soinuak entzuten dira. joxanek burura daramatza eskuak. urtzi oihuka hasten da. Ospitaleko tresnak airean. Sirena hotsak. Panikoa.)

 

ANDONI: Urtzi! Urtzi!

 

KRISTINA: Urtzik zainak moztu ditu!

 

VIRGINIA: Ekarri orga bat! Oxigenoa!

 

(medikuak batera eta bestera dabiltza. Orga batean etzaten dute urtzi.)

 

KRISTINA: Odola! Odola galtzen ari da!

 

VIRGINIA: Torniketea egin behar zaio. Ekarri bendak!

 

ANDONI: Eskatu odola! A positiboa! A positiboa!

 

JUANJO: Hau txerriboda!

 

(urtzi oihuka. Bestetik, “Heldu!”, “Eman morfina!”, “Geratu hemorragia!”… entzuten da.

Halako batean urtzi ohean etzaten da, indarrik gabe. medikuek “Kolpe, kolpe, kolpeka” doinuan artatzen dute, zinta-dantza bat eginez.)

 

URTZI (garrasika): Nahi duzuena sinatuko dut. Baina ez sartu burua ur azpian! Ez sartu burua ur azpian! Dena aitortuko dut. Bai. Neuk lagundu nien lehergaiak mugatik pasatzen. Neuk utzi nien autoa eta neuk gorde nituen etxean. Nahi duzuen guztia sinatuko dut, bai. Eta bai. Neu izan nintzen helburua, lekua eta ordua erabaki zituena. Neuk ipini nuen lehergailua, eta neuk zanpatu nuen detonagailua ere. Neu izan nintzen! Ni eta nire alaba txikiena. Geuk akabatu genituen dozenaka lagun Madrilen. Eta ondoren ospatu egin genuen etxean. Nahi duzuen guztia sinatuko dut baina gelditu, otoi, arren, faborez... Ez jo gehiago. (Negarrez) Egia da. Aitortzen dut. Geuk erre genuen Gernika! Eta Durango eta Otxandio ere bai! Ikastolan irakatsi ziguten hegazkinak gidatzen, jolastorduan. Gerra galduta geneukan eta gorrotoaren gorrotoz geure lehengusu-lehengusinak hil genituen merkatu egun batez ahal genuenik eta bonbarik gehien jaurtita... Otoi, arren, faborez, emadazue aizto bat eta amaitu dezagun ahalik eta azkarren. (Oihuka berriz) Bai. Nik, nire aitonak eta nire aitonaren aitonak txikitu genuen Errolan Orreagan. Fusilaren begipuntuan izan nuen Espainiako Erregea behin. Misilak ere erosi nituen Madril Bagdadekin berdintzeko asmoz. Eta goizero zorrozten nuen ezpata Leringo kondeari lepoa mozteko asmoarekin. Egia da. Neuk jaurti nuen Ignazio Loiolakoari zangoa erauzi zion kanoikada eta nik eman nien su Espainiako eliza erdiei eta urkatu nituen apaizak. Gelditu, mesedez! Aizto bat, faborez! (Garrasi betean) Bai, bai eta bai. Guzti-guztia onartzen dut, aitortzen dut, sinatzen dut. Pierre de Lancreri aitortu nion gisan, neuk bortxatu nuen zuen ama akerraren adarrarekin!