Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

11. agerraldia:
Tourette azalpena

 

(joxan kontsulta-gelan dago zain, tik nabarmenekin. miguel eta kristina sartzen dira.)

 

MIGUEL: Iritsi zaizkigu erresonantziaren emaitzak eta testen lehen ondorioak, Joxan. Kristinak azalduko dizu dena nik baino hobeto. Espezialista da neurologian.

 

JOXAN: Esan diozu, nik, zazpietarako joan behar dudala?

 

MIGUEL: Zazpiak aspaldi pasatu dira, Joxan.

 

JOXAN (horma seinalatuz): Erloju horrek seiak eta laurden direla dio.

 

MIGUEL: Bai, bueno, ez du inporta. Kristina...

 

KRISTINA: Kaixo, Joxan. Bueno, bueno... Ea ba. Oraindik goiz da dena ziurtzat jotzeko, baina zure sintomak eta erresonantzia ikusita, badirudi Tourette sindromea daukazula. Tikak nabarmenak dira eta agian laster bat-bateko oihuak...

 

JOXAN (joxanen tikak gero eta bortitzagoak dira; mahaian kolpeak eta abar): Alua! Alua!

 

KRISTINA: Ez dakit inoiz Tourette sindromeari buruzko ezer entzun duzun. Uste baino ohikoagoa da, eta lasai, ez dizu bizi-esperantzarik edo adimenik kaltetuko.

 

JOXAN: Alua! Purtzila!

 

KRISTINA (Bereari eusten dio, oihuei entzungor, lasai): Kontua da, dirudienez, Tourette sindromea eragiten dizuna buruko koskor hori dela. Eta erresonantziak berri on bat eman digu: koskor bakarra da. Bat.

 

JOXAN: Gorria.

 

KRISTINA: Koskor hori kendu egin behar dizugu. Atera. Eta, ondoren ikusi beharko dugu ea bestelako sintomek jarraitzen duten.

 

MIGUEL: Buru barruko zaratak eta...

 

KRISTINA: Hori ondoren ikusiko dugu. Orain, urgentea, ebakuntza egitea da.

 

JOXAN: Alua! Purtzila!

 

MIGUEL: Historialean begiratu dugu, Joxan, eta ikusi dugu ebakuntzaren bat egin zizutela umetan. Zuk gogoan daukazu auto-istripuren bat-edo eduki izana edo... etxeko istripuren bat?

 

JOXAN (tikak; galderari ez-entzunarena eginez): Nik zazpietarako joan behar dut, e!

 

MIGUEL (erlojua seinalatuz, gozo): Lasai. Seiak eta laurden oraindik, Joxan.

 

KRISTINA: Buruan duzuna zera metaliko bat da, Joxan, eta berez dator kanporantz. Ia-ia kanpoan dago. Hortik koskorra.

 

JOXAN: Intxaurra.

 

KRISTINA: Hori da, erauzi egingo dizugu intxaurra. Ebakuntzak badu bere arriskua, baina baikorrak gara. Onik ateratzeko aukera % 65ekoa da.

 

MIGUEL: Burezurra ere berregingo dizugu.

 

KRISTINA: Bai. Orain garrantzitsuena ebakuntza berehala egitea da.

 

MIGUEL: Bihar bertan, ezta?

 

KRISTINA: Hori da.

 

JOXAN: Alua! Purtzila!

 

KRISTINA: Ba... pozten naiz, Joxan. Gero arte orduan.

 

(joxanek keinuak egiteari ekiten dio; ondoren zutitu eta badoa.)

 

MIGUEL: Joxan! Itxaron. Zure onespena beharko dugu ebakuntza egiteko. (Paperak erakusten dizkio) Hemen sinatu behar duzu.

 

(joxanek, keinu batzuen ondoren, sinatzen du eta badoa.)

 

MIGUEL: Gero arte, Joxan. Deitu etxeko norbaiti. Ados?