Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

12. agerraldia:
Salmenta teknikak

 

(iñaki korridorean dago bere salmenta postua jarrita, itxarongela baten aurrean. joxan agertzen da eta itxarongelako aulkian esertzera doa.)

 

JOXAN: Iepa, zapaburu, zelan doa salmenta?

 

IÑAKI: Gaizki. Inork ez dauka txanponik, edo diru-zorroa ahaztu du.

 

JOXAN: Aitzakiak.

 

(joxanek burua haztatzen du eta Tourette atake bat du.)

 

JOXAN: Franco! Fraga! Borbon!… (Bere onera dator)... Zuk aholkulari bat behar duzu.

 

IÑAKI: Beste mediku bat?

 

JOXAN: Ez, ni naiz aholkularia.

 

IÑAKI: Zenbat kobratzen duzu?

 

JOXAN: Ba, bost euro.

 

(iñaki patrikan dituen txanponak kontatzen hasten da.)

 

IÑAKI: Bi euro eta hogei, hogeita hamar...

 

JOXAN: Hiru euro!

 

IÑAKI: ...bi eta laurogei.

 

JOXAN: Ados.

 

(iñakik dirua eskaintzen dio. joxanek ukatu.)

 

JOXAN: Pentsatu zer egin dudan.

 

IÑAKI: Zozoarena. Dirua eskatu eta gero hartu ez.

 

JOXAN (Tourette erasoa): Franco! Txerria! Felipista!... Ez, Iñaki, salmenta estrategia bat erakutsi dizut.

 

IÑAKI (pentsakor): Zer da hori?

 

JOXAN: Eskaintza eta eskariaren legea. Zuk zerbait daukazu saltzeko eta baliteke nik erosi nahi izatea. Zer daukazu saltzeko?

 

(iñakik maskara mexikarra erakusten dio.)

 

IÑAKI: Supermaskara bat!

 

JOXAN: Zerbait praktikoagoa?

 

IÑAKI: Lepoko zapi bat!

 

JOXAN: Eta zergatik beharko nuke nik lepoko zapi bat?

 

(iñaki pentsakor geratzen da joxani begira.)

 

JOXAN (didaktismoz): Adibidez, ospitaleko berogailua ez dabilelako eta hotzeria ez harrapatzeko.

 

IÑAKI: Horixe!

 

JOXAN: Zenbat balio du?

 

IÑAKI: Ummm... Bi euro!

 

JOXAN: Eskatu bost!

 

IÑAKI: Bost!

 

JOXAN (Tourette txiki bat): Urdina! Lau.

 

IÑAKI: Zeuk esan didazu...

 

JOXAN (moztuz): Hiru.

 

IÑAKI (zeharka begiratuz, harrituta, ez du lezioa ulertzen): Zu ez zaude ongi, ezta?

 

JOXAN: Egongo ez naiz, ba! (Tourette erasoa) Franco! Sociata! Pasqua!... Kontua da zuk lortu behar duzula zapia ahalik eta garestien saltzea.

 

IÑAKI: A!

 

JOXAN: Orduan, zenbatean?

 

IÑAKI: Bi euroan.

 

(joxanek etsipen keinua.)

 

JOXAN: Joango gara teknika zorrozten. (iñaki besoarekin inguratuz) Edonola ere, teknika bezain garrantzitsua da kokapena. Zazpigarren solairua ez da salmenta puntu ona.

 

IÑAKI: Zergatik?

 

JOXAN: Zoaz sute eskailerara, han egoten dira mediku guztiak pipatzen.

 

IÑAKI: Baina zuk erosiko didazu zapia?

 

(joxanek poltsiko hutsak erakusten dizkio.)

 

JOXAN: Ez ahaztu, eskaintza eta eskaria, Iñaki!

 

IÑAKI: Ez dut, ahaztuko, Joxan!