Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

16. agerraldia:
Iñaki eta pailazoa numeroa prestatzen

 

(pailazoak eta iñakik euren numeroaren zati bat egiten dute. Numeroa eteten da momentu batean, iñakik egin behar ez duen zerbait egiten duenean: burua ateratzen du kafe kikarari tragoa emateko. pailazoa sutu egiten da.)

 

PAILAZOA: Hori ez, Iñaki, hori ez!

 

IÑAKI: Zer?

 

PAILAZOA: Ezin duzula burua erakutsi! Suposatzen da zu ni zarela eta, zuk burua erakusten baduzu, ni ez naiz zu!

 

IÑAKI: Ez dut ulertu.

 

PAILAZOA: Horixe ba!... Adi egon behar duzu, Iñaki, denak sinkronizatuta joan behar du!

 

IÑAKI: Konforme, baina ez egin errieta.

 

PAILAZOA: Erreta?!... Neu nago erreta! Pailazoarena egitea oso gauza serioa da, baina aspaldian inork ez du baloratzen.

 

IÑAKI (serio): Nik bai.

 

(pailazoa ohartzen da gogorregi jokatu duela iñakirekin. Burua ferekatuz desenkusatzen da.)

 

PAILAZOA: Badakit baietz... Bueno, zer? Zure ama etorriko da emanaldira?

 

IÑAKI: Nire ama kartzelan dago.

 

PAILAZOA: Kartzelan?!... Ostias!... Bueno, baina kartzelan jende pilo bat dago eta, ez pentsa, batzuetan... ondo egoten da.

 

IÑAKI: Bai.

 

PAILAZOA: Bai, horixe! Ni kartzela pila batean egon naiz!

 

IÑAKI: Badakit.

 

PAILAZOA (gaia aldatuz): Erakutsiko dizut magia trikimailu bat?

 

IÑAKI: Bale. (pailazoak truko bat erakusten dio iñakiri. iñaki bera saiatzera doanean zorabiatu eta erori egingo da. pailazoa iñaki suspertzen saiatuko da, larritu egingo da)

 

PAILAZOA: Jaiki, Iñaki!... Ez zara txantxetan ariko, ezta?... Iñaki! Iñaki!

 

(iñakik ez du erantzuten.)

 

PAILAZOA: ... Mediku bat, mesedez, mediku bat!!

 

(kristina eta miguel agertuko dira korrika. pailazoa baztertu egingo dute iñaki suspertzeko.)

 

MIGUEL: Zer, zer gertatu da?

 

PAILAZOA: Numero bat prestatzen ari ginen...

 

MIGUEL (pailazoari bultza eginez): Zuri nola esan behar zaizu ospitale honetatik ospa egiteko?!

 

KRISTINA: Tira, Iñaki! Ez da ezer, zabaldu begiak, laztana!

 

MIGUEL (etenez): Hau serioa da, bai?... Zoaz salaketa bat jarri aurretik, ados?

 

(pailazoa badoa. kristinak iñaki suspertzen du eta gurpildun aulki batean darama. miguel kristina laguntzen ari da, iñaki suspertzen doa eta andoni sartzen da gertatzen ari denari erreparatu gabe.)

 

ANDONI: Zatoz, Miguel, kafetxo bat hartu behar dugu.

 

(miguelek kristinari begiratzen dio baimen eske bezala.)

 

KRISTINA: Zoaz, zoaz lasai, moldatuko naiz...