Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

4. agerraldia:
Urtziren agerpena — Ospitalearen etorkizuna

 

(urtzi ospitaleko gela bateko ohean dago.

andoni sartzen da gelan, Ixiar Rozasen Beltzuria liburua dakar eskuetan. Sudurrera darama eskua, usain txarraren kexaz, eta liburua ohean uzten du.)

 

ANDONI: Ospitalea gero eta okerrago dago, Urtzi. Igarriko zenuen, ezta? Azkenekoz etorri zinenetik ere... gero eta okerrago!

 

(urtzik ez dio begiratzen. Bere baitara bildurik jarraitzen du.)

 

ANDONI: Urtzi... Zure alabari deitu diogu, baina ezin omen du etorri. Beraz... zera... taxi bati deitu diot. Kanpoan dago zain.

 

(urtzik begirada jasotzen du.)

 

ANDONI: Nahi baduzu... lagunduko dizut.

 

(andonik lanak ditu itxurak egiten usainari aurre egiteko. urtzi gauzak biltzen hasten da.)

 

ANDONI: Eeee... Ahal izan dudan beste denboran eduki zaitut hemen, baina... badakizu. Gero eta ohe gutxiago daude, eta gero eta zahar gehiago ekartzen dute hona hiltzera...

 

(urtzik bere poltsak soinean hartzen ditu. Beltzuria liburua ere hartzeko keinua egin eta andoniri begiratzen dio.)

 

ANDONI: Hartu, bai. Nik... bukatu dut.

 

(Badoa urtzi. Bitartean virginia eta kristina datoz, urtziren usainagatik keinu nabarmenak eginez. Baita juanjo ere.)

 

VIRGINIA: Hau kiratsa...!

 

JUANJO: Baina zer pasatu da hemen! Azkonarren bat ala?

 

ANDONI: Deituko dituzue garbiketakoak, mesedez?

 

KRISTINA: Ireki leihoa!

 

VIRGINIA: Baina nor da tipoa?

 

ANDONI: Urtzi. Urteak daramatza ospitalera bueltaka. Etortzen da, joaten da... bueno, bidaltzen dugu.

 

KRISTINA: Eta familia?

 

ANDONI: Alaba bat. Baina jadanik ez digu telefonorik hartzen... Ai, Urtzi... Arazo bat izan zuen gaztetan.

 

VIRGINIA: Higienearekin, ezta?

 

ANDONI: Ez. Ez. Dirudienez, poliziek hartu zuten, errakuntzaz edo... batek daki. Egunetan eduki zuten bahiturik... Torturatu egin zuten.

 

JUANJO: Baineran ez zuten sartu, behintzat.

 

ANDONI (ia-ia bere baitarako): Ospitaleko ateetan azaldu zen goizalde batean, odol putzu batean botata, eta ordutik ez du bururik altxatu.

 

KRISTINA: Hau ondo desinfektatu beharko dugu, e!...

 

ANDONI: Ez du kalean egon nahi. Ospitalean bakarrik sentitzen da seguru.

 

VIRGINIA: Gaixoa...

 

ANDONI: Neurologoek ez zioten ezer aurkitu. Psikiatrek behin baino gehiagotan tratatu dute baina... Ez dakit, ez dakit…

 

ANDONI (bere baitatik irtenez): Bueno. Eta? Bilera zer. Bukatu da?

 

KRISTINA: Beharbada ez genuen Miguel bakarrik utzi behar fundaziokoekin.

 

JUANJO: Kaleratzeak baldin badaude badakizue noren izena izango den zerrendan azkena.

 

ANDONI (haserre): Zergatik ez zara zeu joan?

 

JUANJO: Nahiago nuen zuekin kafe bat hartu, hemen, “giro onean”.

 

ANDONI: Ziniko puta bat zara.

 

JUANJO: Arrazoi duzu, lehen medikua nintzen baina ospitale honek zinikologo bihurtu nau. (Bere txiste txarrari barre) Kar! Kar! Kar!...

 

KRISTINA: E, mesedez!

 

VIRGINIA: Ba nik bibrazio onak dauzkat.

 

ANDONI: Ba niri kafe honek beherakoa eragiten dit.

 

(miguel agertzen da, paper batzuk eskuan, nekatu aurpegiarekin.)

 

KRISTINA: Zer esan dute?

 

VIRGINIA: Ondo joan da?

 

JUANJO: Antzinatasuna errespetatuko dute?

 

(miguel buruari hazka, nondik hasi ez baleki bezala.)

 

MIGUEL: Ba...

 

ANDONI (sententzia): Ezetz esan dute.

 

MIGUEL: Okerragoa.

 

JUANJO: Okerragoa? Zer esan dute ba, “superezetz”?

 

MIGUEL (juanjori kasurik egin gabe): Zenbakiak aztertzen ibili omen dira eta ospitaleak ez daukala etorkizunik diote.

 

(Etsipen orokorra.)

 

KRISTINA: Ostras!

 

ANDONI (haserre): Ez daukala etorkizunik?!... Baina babo horiek zer uste dute, ospitale bat Lezamako harrobiko jokalari bat dela?... Ez daukala etorkizunik?!... Ospitale batek nahikoa lan dauka “orainaldiari” erantzuten... Kaguendios!

 

VIRGINIA (andoniri): Lasai, bale?...

 

ANDONI: Lasai eta ostiak!... Sotoa iraganeko hezurrez bete didate dna frogak egiteko, hemen goian darabilgun tresneriak baditu gutxienez hogei urte, eta etorkizunik ez duela esaten dute?!

 

(Bat-batean kristina eskuari begira hasten da eta ohartzen da zerbait falta duela.)

 

KRISTINA: Eraztuna! Non da nire eraztuna?!!