Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

Zuzendari jauna

 

Arantxa Iturbe

 

      Bulegoa zabalik edukitzen du zuzendariak. Inork ez dezan izan harengana iristeko trabarik. Eta inork ez luke trabarik topatuko bertan egongo balitz. Ez du egoteko astirik, ordea. Ibilian da zuzendaria zuzendari. Igotzerakoan hartzen ditu erabakiak, jaisterakoan jakinarazi, sartzerakoan galdetu, irteterakoan erantzun, joanean agindu, etorreran lagundu. Beti badu paperen bat eskuan eta norbait aldamenean. Badaki aldi berean entzuten eta irakurtzen. Asmatzen du gertukoari begiratzeari utzi gabe urrutikoa sumatzen. Gai da zer dagoen ikusita zer datorren ondorioztatzeko. Eta ahalegin handia egiten du ezer eta inor ez ahazteko.

      Lorik gabeko gauetan zalantzaren itzalak harrapatzen du, ordea. Benetan inork maite ote duen. Ilunpetan sinetsi nahi izaten du bizi duen kaosak merezi duela. Amesgaiztoek ere zati nagusia amets dutela. “Hire lana egiten duk. Ez besterik” errepikatzen dio bere buruari eguna argitu aurreko lehen zigarroa piztearekin batera. Berak beste inork ez daki bere buruhausteez eta ardurez, esna bizitzera kondenatzen duten zalantzez eta zailtasunez, edo neke eta ezin baregaitzez. Beste inork ez.

      Berak, berriz, ez daki gutun bat iritsi dela bere bulegora. Gutun-azal korriente bat. Ez du zigilurik, beraz, norbaitek eskuz eraman izango du. Hartzailearen izenik ez agerian, bidaltzailearen arrastorik ez atzealdean. Gutun-azal zuri bat, zuri.

      Zuzendariak ez daki gutun zuria iritsi zaionik eta seguru asko ez du inoiz jakingo, hurrena bulegora joaterako gainean pilatuko zaizkiolako fakturak, aldizkariak, propaganda, txukun koadernatutako txostenak eta koadernatu gabeko oharrak eta lehenbailehen egin beharrekoen zerrendak. Eta gutun-azal zuria gainontzeko paperek irentsi baino lehen iritsiko balitz ere, ez izen eta ez helbide, gutunik gabeko azal huts joko luke lehen bistadizoan. Baina arraroa litzateke hain garaiz bulegoratzea. Beti badu bulegora baino lehenagokoren bat.

      Zuzendariak bulegoa ixteko ohitura balu gutun-azala atepetik sartuko litzateke eta sartu-irtenen batean berehala ikusiko luke, eta lurretik hartzeko makurtu ondoren, izenik eta helbiderik agerian izan ez arren, nekez eutsiko lioke zirrikitutik heldutako gutunak zer mezu ote dakarren jakiteko gogoari. Jakin goseak ez-ohiko gauzak egitera bultzatzen du zuzendaria beti. Gauza jakina da ordea, ez-ohikoa litzatekeela bulegoa ixtea. Zabalik edukitzen baitu.

      Horregatik irakur lezake edonork gutun iritsi berria.

      Eskuz idatzia.

      Letra dardartiz.

“zuzendari jauna,

eskerrik asko”

      Pena da zuzendariak irakurtzeko egokierarik ez izatea. Edo ez. Batek daki. Ez dago ohitua esker hitzak entzuten. Inguratu ohi zaio jendea eta bizkarrean kolpetxoarekin batera goresmenak eman. Kortesia kontua. “Eskerrik asko” kortesiaz haratago doa. Zuzendariak ez daki, baina nik bai. Paper mutur batean kabituko ez litzatekeen zerrenda baten laburpena da: eskerrik asko denbora berean iragana eta oraina biziarazteagatik, eskerrik asko eserialdi bakarrean irribarreak eta malkoak sorrarazteagatik, eskerrik asko tragediaz, poesiaz eta pailazokeriez gozarazteagatik...

      Gutuna, bulegoa zabalik edukitzen duen zuzendarietatik, aldioro etorkizunik ez duela eta “zure ama aurkezten dizut” entzuten dituenarentzat balitz, eskerrik asko-ren ondoan, “zure kaosean bizirauteko ausardiagatik” erantsiko nioke.

      Gutuna, bulegoa zabalik edukitzen duen beste zuzendariari berriz, “kaos eder eta zoro hau eraikitzeagatik”.

      Baina ez batek eta ez besteak, ez dakite gutun bat iritsi zaienik.