Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

1. agerraldia:
Ospitalea

 

(Gaixoak, medikuak, bisitariak ikusten dira ospitaleko korridoreetan atzera-aurrera, alde batetik agertuz eta bestetik joanez, apurka-apurka gehituz, elkarri traba eginez.

kristina, iñaki, zebra emakumearen semea, juanjo, urtzi. Pertsonaia nagusi guztiak azaltzen dira joan-etorri ugari eta kaotiko horretan. Halako batean joxan agertzen da, galdurik, karrajuetan.

zebra emakumea dakar juanjok gurpildun aulkian, eta bertan uzten du. kristina lurrean makurtuta dabil, eraztunaren bila. langile bat ere agertzen da, eskailerarekin, konponketa lanetan.)

 

BISITARIA: Kardiologia?

 

(Inork ez dio kasurik egiten.

andonik etsipen keinua egin eta zebra emakumea daroa. gizon maskaratua pasatzen da, beste bisitari bat. Langilea eskailera jaso eta badoa, eta joan-etorriak jarraitzen du.)

 

JOXAN (langileari): Aizu, barkatu, zazpigarren solairura joateko?

 

LANGILEA (keinuak egiten ditu alboetara begira): Ez dakit. Eskailerak handik... baina behera joateko igogailua handik…

 

JOXAN: Eskerrik asko.

 

(emakume haurdun bat pasatzen da.

Kaosak jarraitzen du. “Kardiologia?” “Igogailua?” galdetzen du beste bisitari batek.

miguel datorrela pailazoarekin gurutzatzen da, eta mespretxuz begiratzen dio.)

 

JOXAN (miguelekin gurutzatzen da): Zu... medikua zara, ezta? Zazpigarren solairua?

 

MIGUEL: Zazpigarren solairua... Hortik. (miguel erradiografia batzuei begira doa, eta eskuarekin egiten dio keinu) Karrajuaren amaieran.

 

JOXAN (koskorra erakutsiz): Zera... Intxaur bat daukat hemen eta...

 

MIGUEL: Ez ukitu! Gero begiratuko dizut...

 

(Bestaldetik datorren kristinari.)

 

      Kristina! Ikusi dituzu Juanjo eta Virginia?

 

(Erradiografiak astinduz.)

 

      Hau kaos bat da! Erradiografia hauek... Oraintxe joan behar dut ebakuntza gelara, eta erradiografia hauek 1987koak dira.

 

KRISTINA (desesperazio keinua): Bai. Joan zen astean berdin gertatu zitzaidan.

 

(iñaki jesartzen da itxarongunean. miguel badoa haserre. kristina ere bai. miguel berriz itzultzen da.)

 

MIGUEL: Kristina, Kristina... Ia ahaztu zait. Gero, arratsaldeko batzarrean, beste puntu bat sartu behar dugu. Exhumazioetako hezurren dna frogak egiten hasi behar dugu.

 

KRISTINA: Lan gehiago?

 

MIGUEL: (sorbaldak jasoz, badoala): Goiko aginduak...

 

JOXAN (iñakirekin topo eginez itxarongunean): Hau... hau ez da zazpigarren solairua, ezta?

 

(iñakik putz egiten du; ez daki. kristina dator eskuetan lore-sorta bat duela. Beste aldetik juanjo agertzen da, jostari.)

 

KRISTINA: Eta hau?

 

JUANJO: Ez dakit... Auskalo nork bidaliko zituen...

 

KRISTINA: Ja…

 

(Elkarri begira gurutzatzen dira, bakoitza bere bideari jarraituz baina astiro.

urtzi azaltzen da, bere motxila eta arranarekin. Ingurukoek urtziren kiratsaren kexua agertzen dute keinuetan.)

 

JUANJO: Gero...? Batzarra eta gero...?

 

KRISTINA: Gaur ez.

 

JUANJO: Aja! Oso ondo. Gaur ez. Bihar... agian... bai?... agian ez...

 

(kristina auzo-lotsaz doa, loreei begira. juanjok jarraitu egingo du. miguel azaltzen da kristina doan aldetik, besotik heltzen dio. virginia sartzen da.)

 

MIGUEL: Virginia! Erradiografia hauek... 1987koak dira!

 

VIRGINIA: Bai, esan dit Kristinak, bai.

 

MIGUEL: Joder! Ba hitz egin informatikoekin!...

 

VIRGINIA (haserre): Bale. Lasai... Lasai!

 

(miguel badoa. virginiak geratzen du.)

 

VIRGINIA: Segundo bat, Miguel. Kristinak esan dit dna frogak egiten hasi behar dugula gerrako hezurrekin. Egia da?

 

MIGUEL: Bai. Tresneria berritzeko aukera izango dugu lan horri esker.

 

PAILAZOA: Nor etorri da!?

 

MIGUEL: Ixo!

 

(virginia lurrera begira, etsiturik.)

 

PAILAZOA: Barkatu...

 

VIRGINIA: Orduan... Fundazioaren kontu hori... Inplanteen zerbitzua pribatizatzea... bertan behera geratzen da?

 

MIGUEL: Hitz egingo dugu bileran. Ados?

 

(Badoaz miguel eta virginia. joxan desesperaturik dabil eta iñakiren ondoan jesartzen da itxarongunean.

juanjo eta kristina agertzen dira berriz.)

 

JUANJO: Orduan? Gero bai, ezta? Batzarra eta gero...

 

KRISTINA: Ez.

 

JUANJO: Eta bihar? Virginia… (Izenez erratu da) Kristina! Kristina! Virginia eta Kristina, Alaitz eta Maider, Maixa eta Itziar…

 

MIGUEL (berriz azalduz): Bikote!

 

KRISTINA: Zer bikote?

 

JUANJO (kristinari): Ba, zu eta ni.

 

(juanjok irritxoa egiten du. miguelek ez du ulertzen zergatik. kristina irten egingo da.)

 

MIGUEL: Juanjo, Ez ahaztu 17:00etan dugula batzarra fundazioarena erabakitzeko.

 

JUANJO: Zer fundazio?

 

MIGUEL: Inplanteen zerbitzuen ardura hartuko duena.

 

JUANJO: Bai, bai. Baina zer fundazio da?

 

MIGUEL: Zer fundazio? Ba, ez dakigu oraindik. Fundazio bat. Fundazio franko daude...

 

(joxan, itxarongunean burumakur zegoena, burua zutitu eta adi jartzen da. Medikuak badoaz.)

 

JUANJO: Franco fundazioa?

 

JOXAN (bere baitarako, susmo txarrez): Franco?

 

IÑAKI (bere baitarako, jakin-minez): Franco?

 

KEPA: Baina, baina... non deabru ibili haiz? Baduk oren erdi bat ari naizela hire gibeletik ospitalean gora eta behera! Hemengo bordelarekin gainera...

 

IÑAKI: Lo hartu duzu, aita. Pasieran atera naiz, galdu egin naiz eta hemen eseri naiz.

 

KEPA: Bon. Lehen gauza: lokartzen banaiz ene ondoan gelditzen haiz. Eta bigarrena: zinez mugitu behar baduk, errotadun aulkia hartzen duk. Ados?

 

IÑAKI (burumakur): Ados.

 

KEPA (iñaki gurpildun aulkian eseraraziz): Ale. Goazen.

 

JOXAN (kepari): Aulkian eserita egon da hemen, e! Formal-formal...

 

KEPA (iñakiri, musu emanez eta aulki parean belaunikatuz): Bai? Egia duk hori?

 

(iñakik baietz buruarekin.)

 

KEPA: Entzun: azterketa berezi bat egin behar duk. Medikuek esplikatuko diate hobeki. Ados?

 

(iñakik berriz baietz.)

 

KEPA (zutituz): Hiru, bi, bat?

 

IÑAKI: Hiru, bi, bat!

 

JOXAN: Zuria, urdina, gorria.

 

IÑAKI: Agur, Joxan.

 

JOXAN: Agur, Iñaki.

 

IÑAKI (kepak gurpildun aulkian badaramala): Aita, nor da Franco?

 

AITA: Franco?...

 

JOXAN (bakarrik geratu da): Hemen nago ba, azkenean. Zazpigarren solairuan. Edo hala uste dut, ze ez dakit medikuek ere badakiten. (Soinu batzuk entzuten dira eta joxanek burura daramatza bi eskuak)

      Eta oraindik inork ez dit hau begiratu! (Zutitzen da eta publikoarengana zuzentzen, burua erakutsiz) Zuek ikusten duzue koskor hau? Ba betidanik daukat. Txikitatik. Duela pare bat astera arte txiki-txikia zen. Garautxo bat. Baina... azken egunetan, hazi eta hazi dabil. Intxaur baten tamainakoa da ja. Laster zuhaitza haziko zait martxa honetan. Eta ez dakit badakizuen, baina ez da ona intxaurrondoaren itzala.

      Intxaurrondoaren azpian lo egiten duena buruko minez esnatzen da. Edo zoratu! (Burua alde batera makurtu eta eskuekin heltzen dio, minez) Eta ez da hori txarrena. Txarrena da hotsak entzuten ditudala.

      Zarata bat: gfrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrr... Hasieran etxeko garbigailua zela pentsatu nuen, baina ez zegoen martxan. Galdara begiratu nuen gero, eta hura ere geldirik. Eta gfrrrrrrrrrr... Kalean ere bai! Alde batera begiratu, bestera, eta ezer ez: ez kamiorik, ez makinarik lanean, ez ezer! Eta gfrrrrrrrrrrr...