Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

23. agerraldia:
Zebra emakumea 2

 

ZEBRA EMAKUMEA eta ZEBRAREN MAITALEA (Orixeren Gurseko bertsoak kantatuz): “Oren erdi nindagon kokoriko / haurrik ote zitzautan etorriko. / Zainak lehertu ponduan, begiak gorri ez nexka ez mutiko. / Beldur nintzen antxuen iduriko / nindakela nindakela bethiko”.

 

(miguel, kristina eta juanjo agertzen dira.)

 

ANDONI: Eta, Miguel, fundazioaren kontu hori dela-eta, zer erabaki dute goikoek?

 

MIGUEL: Email bat bidali zidaten. (Haserre) Email bat! Deirik ere ez....

 

KRISTINA: Eta... erantzun diezu?

 

MIGUEL: Bai. Idatzi nien grebarako asmoaren berri emanez. Baina guk ez omen daukagu zeresanik... eta...

 

KRISTINA: Eta zer?

 

MIGUEL: Mehatxatu egin gaituzte.

 

KRISTINA: Zer?

 

MIGUEL: Horixe. Zigorraren kultura, badakizu. Isiltzen ez denari, egurra!

 

ANDONI: Nik... egia esan... ez dakit grebarik egitea komeni zaigun.

 

KRISTINA: Zergatik ez?

 

ANDONI: Tresneriaren egoera kontuan izanda... gaixorik gabe geratu gaitezke... Ulertzen didazue.

 

ZEBRA EMAKUMEA eta ZEBRAREN MAITALEA (Orixeren Gurseko bertsoak kantatuz): “Hirugarrenez banizun ustea / garait nezakela nere nekhea. / Aspaldi jan eskas eta mehatua zen ene bare sarea. / Bi umez izortu zaut sabelpea / etendura etendura doblea!”.

 

ZEBRAREN MAITALEA (irribarre etsi batez, motel): Sorpresa...

 

ZEBRA EMAKUMEA (negarrari eutsiz): Baina... zer egiten dun hemen?... eo... ze eiteinat nik hemen?...

 

ZEBRAREN MAITALEA (eskutik heltzen dio zebra emakumeari): Lasai. Bisitan etorri naun.

 

ZEBRA EMAKUMEA (heltzen dion eskua erortzen utziz): Bisitan?

 

ZEBRAREN MAITALEA: Bai. Errautsetan itzuli naun etxea... etxea... ta higana...

 

(zebra emakumea usnaka hasten da inguruan.)

 

ZEBRAREN MAITALEA: Usaintzen dun?

 

ZEBRA EMAKUMEA: Oilasko erre usaina zagon...

 

ZEBRAREN MAITALEA: Ni naun. Handio ateatzeko mou bakarra hoi hunan: oilasko bat bezala erre ninditenan Auschwitzen, Helenai besarkauta.

 

ZEBRA EMAKUMEA (isilune baten ondoren): Helena?

 

ZEBRAREN MAITALEA: Barkaidan, ez dinat eundo Helenai buruz hitzein. Beai bai. Beai euneo hitzeite nionan hitaz. Gutaz.

 

ZEBRA EMAKUMEA: Baino... orduan... ez al hintzenan Gursen hil?

 

ZEBRAREN MAITALEA: Ez. Handio Auschwitzera eraman ninditenan. Bitxia zunan hangoa’re: asko gintunan, eta sailkatzeko sinbolo bat jartze zigutenan bakoitzei, arrazan eo jatorrien arabera... ta guk apatridena eraman ber!

 

ZEBRA EMAKUMEA: Apatridak?

 

ZEBRAREN MAITALEA: Etxeik ez bagenu bezela... han’e existittu ez gu!

 

(trajedun gizonak, lepoz, esku-keinua egiten du. zaindariek indarrez daramate zebraren maitalea. trajedun gizonak zebra emakumea bortxatzen du eta eztei-argazkia ateratzen dute. Gero, zebra emakumea ohean etzaten dute, semea ondoan duela. Urteak pasatu dira, semea heldua baita dagoeneko. zebraren maitalea begira du.)

 

MIGUEL: Bueno, aztertu ditugu azken analisiak eta ez dago nobedaderik. Egonkor dago: kardioa normal, tentsioa apaltxo... Bere adina kontuan hartuta, normala.

 

(Bien bitartean zebraren maitalea zebra emakumearen ohean sartzen da.)

 

SEMEA: Baina... bizkortuko da?

 

MIGUEL (sorbaldak jasoz): Ernaldiren bat, beharbada. Baina oinazerik ez du. Hori da garrantzitsua orain.

 

SEMEA: Kontziente da, behintzat? Esan nahi dut: entzuten dit?

 

MIGUEL: Zuk hitz egiozu. Beti da hobe ordu hauek norbaitekin ematea...

 

SEMEA (ulertu ote duen ziurtatu nahian): Ordu hauek...?

 

MIGUEL: Ez dakigu zenbat denborako kontua izango den. Hesteetako gaitza gaiztotzen ari zaio. Ahal beste atzeratu dugu, baina orain... itxarotea besterik ez zaigu geratzen.

 

(semeak zebra emakumea begiratzen du.)