Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

15. agerraldia:
Andoni eta Miguel kontsultan

 

(andoni Gunter Anders-en Gu, Eichmannen seme-alabak liburua irakurtzen ari da miguel sartzen denean. Hasieran ez du erreparatu ere egingo. Oso bere baitara bildua dago.)

 

ANDONI (ustekabean): Miguel!

 

(miguel jesarri egiten da. Bien artean dagoen giroa ez da batere formala, lankide-kolega, lagun artekoa da. miguelek nekatua dirudi.)

 

MIGUEL: Zer berri?

 

ANDONI: Lehentxoago egon naiz zure analisiei begira eta... (Begiratzen ditu) ...eta egia esan ez dut ezer arrarorik sumatzen. Gutxi gorabehera dena dago baloreen barruan. Gluzemia zaindu behar duzu, hori bai.

 

MIGUEL: Bai...

 

ANDONI: Tabakoa uzteak ere kalterik ez.

 

MIGUEL: Ez.

 

ANDONI: Eta kafea fuera! Hemengo makinakoa bereziki. Bueno, bueno... Bestela, jan ondo, ezta?... Kaka eta pixak ere bai... Eta txortan egurrean ala?

 

MIGUEL: Ez dut lorik egiten, Andoni. Eta egiten dudanean amesgaiztoak ditut.

 

ANDONI (desenkusatuz): Amesgaiztoak... Zelako amesgaiztoak?

 

MIGUEL: Ez dakit, uste dut amaren erditzea dela... Oso ilun dago dena, mugimendua sumatzen dut, itzalak hara eta hona... Gosea... Hotza... Arratoiak, arratoi pila bat... Hezetasuna... Kresala...

 

ANDONI: Kresala?!

 

MIGUEL: Kresal usaina, bai. Gero intziriak entzuten ditut, oihuak, negarrak... eta hatsanka esnatzen naiz, hotzak akabatzen beti, nahiz eta hamar manta bata bestearen gainean bota, beti hotzak.

 

ANDONI (pentsakor): Zure ama Zamorakoa zen, ezta?

 

MIGUEL: Bai.

 

ANDONI: Neurologoarenean egon zara?

 

MIGUEL: Ez.

 

ANDONI (bere baitarako): Zamoran hotz egingo du neguan, jakina...

 

MIGUEL: Batzuetan pentsatzen dut erotzen ari naizela: ospitalea hankaz gora, gero amesgaizto hauek...

 

ANDONI: Ez larritu, Miguel!... Nire ametsak kontatuko banizkizu...

 

MIGUEL: Nahiago dut ez jakin.

 

ANDONI: Utzidazu beste pare bat froga egiten baina ez zaitez larritu, Miguel. Ez dut arduratzeko motibotik ikusten.

 

MIGUEL (jaikiz): Ea horrela den.

 

(miguel badoa eta andonik dei egiten dio.)

 

ANDONI: E! Eta bitartean badakizu... Orfidal!