Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

13. agerraldia:
Kristina eta Patxi — Eraztuna eta Juanjo jeloskor

 

(kristina loak hartu du bere bulegoan. Ametsetan ari da. patxi agertzen da, eraztuna agerian duela. Ahots apalarekin esnatuko du kristina.)

 

PATXI: Tzist!... E!... Kristina!... Arrautu dut eraztuna!

 

(kristina esnatuko da. Ez du begien aurrean duena sinesten.)

 

KRISTINA: Patxi!

 

(Jaiki eta besarkatu egiten du. patxi panpina bat balitz bezala uzten da besarkatzen.)

 

KRISTINA: Eskerrak agertu zaren!... Erotu beharrin nintzen eraztuna ezin arrautuz.

 

(patxi kristinarengandik aldentzen da.)

 

PATXI: Banoa. Hotz itten do.

 

KRISTINA: Egon! Ez joan!

 

PATXI: Hotz handia. Hotza. Hotza.

 

(patxi eraztunarekin badoa. juanjo dator, eta dosier bat uzten du kristinaren mahai gainean.)

 

JUANJO: Eskatutakoa...

 

(kristinak patxiren absentziari begira segitzen du.)

 

KRISTINA (juanjori begiratzeke eseriz): Eskerrik asko...

 

(juanjok alde egiteko keinua egiten du, baina buelta erdia eman eta kristinarengana itzultzen da.)

 

JUANJO: A-kojonante!

 

(kristinak berean jarraitzen du, paperekin. juanjo haren inguruan dabil, bere presentzia nabarmendu nahian.)

 

JUANJO: Osea... Ez dakit. Ni... ispiluaren aurrean jartzen naiz, eta ikusten dut neure burua. Etxetik ateratzen naiz, eta jendeak... agurtzen nau. Bai? Pazienteek, kontsultan, hitz egiten diedanean, begiratu egiten didate! (kristinaren aurrean geldirik) Zer gertatzen zaizu? Zer ostia gertatzen zaizu...

 

KRISTINA (deseroso): Zer gertatzen zaizu? Zer gertatzen zaizu zuri! Esan dizut “eskerrik asko”... Zer nahi duzu: bertso bat kantatzea?

 

JUANJO (keinu ironiko susmotiz): Ja!... Hori da, ez da? Beste batekin zabiltza...

 

KRISTINA: Bai!...

 

JUANJO: Beste batekin irteten hasi zara!?

 

KRISTINA: Bai. Igandeetan. Ordu bietatik hiruretara siesta egiten dugu. Justu hortxe: libratzen dudan tarte horretan...

 

JUANJO: Joder!, Kristina...

 

KRISTINA: Joder!, Juanjo...

 

JUANJO: Ez didazu ezer esaten, Kristina... Ez dizkidazu sentimenduak kontatzen. Zer, zerbait pasatzen zaizu?

 

KRISTINA: Nire sentimenduak, bai. Nire sentimenduak...

 

JUANJO: Bai. Zer pentsatzen duzu nitaz? Gutaz? Zu, ni, sentimenduak!

 

KRISTINA: Bale... (Buruz buru begiratzen dio) Maite zaitut. A sako. Zurekin nahi dut. Zoratu egiten nauzu. Bale?

 

JUANJO (minduta): Bale...

 

KRISTINA: Donostiako Santa Klara irla alokatu dut Urtezahar gauerako, maitea, eta hamabiak jotzen dutenean ezkondu egingo gara izurdeen artean...

 

(juanjo isilik geratzen da, baina kristinari begira.)

 

KRISTINA: Nekatuta nago. Konforme?

 

JUANJO: Bai. Ni ere nekatuta nago. Oso nekatuta nago.

 

KRISTINA: Eta lan asko daukat.

 

JUANJO (duintasunari eutsiz): Nik ere bai...

 

(kristinak dosierrei heltzen die berriz.)

 

JUANJO: ...lan asko daukat eta banoa.

 

(kristinak berriz jasotzen du begirada juanjorengana.)

 

JUANJO: Agur.

 

KRISTINA: Barkatu, bale?

 

JUANJO (badoala, minduta): Barkatu, bai. (Itzuliz) Barkatu zuk.

 

GAIXO GUTXITUA (bi atzamarrekin larrujotze keinua eginez): Bikote…

 

(Badoa juanjo.)