Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

26. agerraldia:
Joxanen heriotza

 

(joxan ebakuntza-ohean dago.)

 

JUANJO: Zenbat urte ditu morroiak?

 

MIGUEL: Berrogeita sei.

 

JUANJO: Jo-der!...

 

JUANJO: Eta buru-azal hau? Hobitik atera berri dute ala? (Purrustada) Bisturia, mesedez.

 

KRISTINA: Tori.

 

JUANJO: Pintzak?

 

KRISTINA: Hemen.

 

JUANJO: Ea ba. Ikus dezagun zer daukazun kaskezurrean, Terminaitor... (Barrez) Ea urrea den!

 

JOXAN (ohean gorputza goratuz): Azkenean kendu didate intxaurra. Hil naiz. Bakea. Hilerriko bakea. Bizirik irauten dutenek ere bake horixe aukeratzen dute askotan. Gure etxean ere, herri osoan, isiltasuna zen gerraren berri kontatzen zuena. Eta gaur egun ere, hezurrak dira gehien hitz egiten dutenak. Jendeak hezurrei buruz hitz egiten du, eta jendeari buruz hezurrek hitz egiten dute. Hainbeste hezur aldi berean hitz egiten, multzoan lurperatuta... piloka... taldean... Ez. Intxaur batek ez du intxaurrondo osoa esplikatzen. Bat, bederatzi, hiru, zazpi. Eskerrak aititari burua joan zitzaion zahartu eta gero. Edo burua etorri, hobeto esanda. Berak kontatu zidan auzoko gazte guztiak Francoren aldekoei laguntzera derrigortu zituztela gerran. Bonbak kobazuloan gordetzen laguntzen zieten faxistei. Gorria, berdea, zuria, beltza. Etxekoen isiltasuna, lotsa, beldurra... hori zer zirujauk erauzi behar zidan? (Burua jasotzen du berriz)

 

(iñaki ohean agertuko da berriz, kepa ondoan duela.)

 

JOXAN: Ai, Iñaki... Garai hobeak etorriko direla sinetsarazi nahi dizugu oraindik. Zurea, amarena eta gainerako guztiona: dena konponduko dela. Ospitaletik bizirik aterako zara. Hori badakit. Nire aitita eta amama ere atera ziren bizirik.... Baina onik? Nola aterako zarete onik?