Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

6. agerraldia:
Iñaki kontsultan eta haur abandonatuak

 

(miguelen kontsultan daude iñaki, kepa eta kristina, azken hau sagarra jaten. Bi medikuak tratamenduaren berri ematen ari zaizkio eta kepa kezkatuta agertzen da iñakik zorabioak izaten dituelako. iñakik behin eta berriz trabatuko du solasaldia.

Agerraldi hau miguelen amets-oroitzapenen lehena ere bada, eta eszenan atzera eta aurrera ibiliko dira bi aktore gurpildun aulkian, geroago miguel akosatuko dutenak.)

 

MIGUEL: Tratamenduaren lehenengo fasea amaitzen ari gara eta, momentuz, esan daiteke erantzuna ez dela txarra.

 

IÑAKI: Aita! Esan zenion amari esateko esan nizuna?

 

KEPA: Itxoin...

 

MIGUEL: ...Edonola ere, ezin dugu ahaztu gutxiagotze aro baten osteko agerpen berri bati buruz ari garela, beraz...

 

IÑAKI: Aita... Aspertzen ari naiz...

 

KEPA: Iñaki...

 

(iñaki keparen altzoan jesarriko da.)

 

MIGUEL: ...aste honetan eta datorrenean izango dituen sesioekin burututzat emango dugu lehenengo zikloa...

 

IÑAKI: Aita...

 

KEPA: Mesedez...

 

MIGUEL: ...eta ondorengo atsedenaldian egindako analisiek informazio zehatzagoa emango digute...

 

IÑAKI: Ura, aita...

 

KEPA (oihuka, iñaki gainetik kenduz): Isil hadi pixka batean! Jar hadi, hago hor hitzordua bukatu arte, bai? (migueli) Barkatu…

 

(iñaki bere jesarlekuan, haserre.)

 

MIGUEL: Dena den, komenigarria da ura edan dezan medikazioak eragindako toxinak kanporatzeko.

 

KEPA: Joan den astean bizpahiru aldiz zorabiatu da. Ez dakit zer egin.

 

(iñakik mahai gainetik miguelen paperak hartzen ditu eta haiekin txorakeriak egiten edo jolasten hasten da.)

 

MIGUEL: Guztiz normala da. Tratamenduaren albo-ondorioak dira, goragaleak edo azaleko narritadura bezala. (kristinari begira) Egon badaude sintoma horiek arintzeko botikak...

 

(iñaki miguelen paperak irakurtzen, bozgora. Berriketaldia etengo du.)

 

IÑAKI: Sor Maria hil da... (Burua jasoz) Nor da Sor Maria?

 

(kepak bakean uzteko keinua eskuarekin. kristinak irribarre errukiorren bat. miguel bai geratuko zaio begira.)

 

KRISTINA (keparekin desenkusatuz): Zenbait laborategiren produktuei buruzko informazioa eta helbideak pasako dizkizut. Produktu onak dira baina baita garestiak ere.

 

KEPA (konbentzimendu handirik gabe): Ados.

 

(iñakik paperak bozgora irakurtzen jarraitzen du.)

 

IÑAKI (astiro irakurriz): “Haur abandonatuak. Zalantzaren gerizpean bizi”.

 

KRISTINA: Edozelan ere, komenigarria da tratamenduak dirauen bitartean Iñakiren joan-etorri guztiak gurpildun aulkian egitea...

 

IÑAKI (kristinaren esaldia moztuz): Gurpildun aulkian ez! Ez zait gustatzen!

 

(miguel, ahots apalez eta nabarmendu gabe, iñakiri paperak eskutik kentzen saiatuko da. Bien bitartean kristinak keparekin jarraitzen du.)

 

MIGUEL (iñakiri): Ekarri paperak, ume...

 

(iñakik babestu egingo ditu paperak bere gorputzaren kontra.)

 

KRISTINA (jarraitzen du): Kontuan hartu erorketa batek, edozein zauri txikik, konplikazioak eragin ditzakeela.

 

IÑAKI: Zer da haur abandonatu bat?

 

(kepa eta kristina harrituta. miguel larrituta.)

 

KEPA: Gurasoek bide bazterrean utzi duten haurra.

 

(iñaki miguelen paperak irakurtzen berriz.)

 

IÑAKI: Ni “haur abandonatua” naiz?

 

KEPA: Ez!

 

IÑAKI: Eta nola dakizu hori?

 

KEPA: Ni hire aita naizelako eta han nintzelako amaren sabeletik sortu hintzenean. Eta hemen nagoelako orain... Hirekin! Hire ama urrun izanik ere uneoro hirekin den bezalaxe.

 

(kepak keinu atsegin bat egiten dio iñakiri baina segituan itzuliko da kristinarengana.)

 

KRISTINA (kasurik egin gabe): Horrek ez du esan nahi ezin duenik ariketa fisikorik egin edo...

 

IÑAKI: Aita!... Eta haur abandonatu baten haurra haur abandonatua da?

 

KEPA: Ez baitezpada, maitea.

 

IÑAKI: Baina posible da?

 

(miguelen amesgaiztoa hasten da.)

 

GURPILDUN 1 (migueli): Zu bai bazara haur abandonatua...

 

GURPILDUN 2 (migueli): Haur abandonatua zara...

 

IZAREN ATZEKOA: Zergatik abandonatu zintuen, Miguel?

 

KRISTINA: Hiru ezaugarri daude haur abandonatu guztiengan errepikatzen direnak. Bat: Zalantzaren itzala, gogoa geldirik baina etenik gabe iluntzen duena. Bi: jaiotze eguneko historiarik ez; hankaz edo buruz, holako edo halako ospitaletan jaio zireneko anekdotarik ez... Eta hiru: jaio osteko egunetako argazkirik ez.

 

(kristinaren hitzekin tartekatzen dira gurpildunak eta izara atzekoaren etengabeko xaxatzeak: “Haur abandonatua zara”; “Ez zaitu inork maite”; “Non jaio zinen, Miguel?”...)