Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

7. agerraldia:
Franco nor den

 

(joxan itxarongelan dago. kepak iñaki dakar gurpildun aulkian; presaka, beti bezala.)

 

IÑAKI: Eta abokatuak zer dio?

 

KEPA: Itxoin egin behar dela. Epaiketa bukatu arte ez dugula jakiten ahalko ama nora eramaten duten...

 

(kepak joxan diskretuki agurtu eta haren ondoan uzten du iñaki.)

 

JOXAN: Kaixo Iñaki!

 

IÑAKI: Aupa Joxan!

 

(iñaki gurpildun aulkitik jaikitzen da. kepak gurpildun aulkian eusteko keinua egiten du.)

 

KEPA: Iñaki!

 

IÑAKI: Aulki batean jesarri ahalko naiz, ba!

 

KEPA (desenkusatuz): Egunean behin bakarrik orduan, e? (Telefonoa poltsikotik atereaz) O, bai, Iñaki, barkazak, abokatua duk, erantzun beharra dut. Bakarrik geratu ahalko haiz hemen bi minututan?

IÑAKI (joxani begira): Ez nago bakarrik!

 

JOXAN (kepari bostekoa luzatuz): Zoaz lasai, Iñakik eta biok elkar ezagutzen dugu eta.

 

(kepa badoa. iñaki pozik joxanek lagun moduan tratatu duelako. Elkarri begira tarte batez. iñakik itxarongelako mahaitxotik dagoen aldizkari bat hartzen du.)

 

IÑAKI: Zerbait irakurtzea nahi?

 

JOXAN: Nire eskubideak irakurriko bazenizkit... (Ahotsa apalduz, sekretuan balebil lez)... Medikuek preso hartu naute.

 

IÑAKI (inozo): Bai?!

 

JOXAN (ohartzen da iñakik ez duela ironia harrapatzen): Ez, ez. (Tourette tikak)... Franco! Alua!… Alua! Kabroia! Ez erabat. (Tonua aldatuz) Tira, zer dago ba irakurtzeko?

 

IÑAKI: Aldizkari bat.

 

(iñakik aldizkaria hartzera egiten du.)

 

JOXAN: Edo kirol aldizkari bat edo arrosa horietako bat izan baietz!

 

(iñakik aldizkariaren azalari begiratzen dio.)

 

IÑAKI: Honek ez dauka kirolari planta handirik: (irakurriz) Carmen Martinez Bordiu.

 

JOXAN: Franco apoa! Kabroia! Bordiu!... Hara, La Nietísima!

 

IÑAKI: Ezagutzen duzu?

 

JOXAN: Bertatik bertara ez, baina badakit nor den.

 

IÑAKI: Hemen bizi da?

 

JOXAN: Edonon bizi dela ere galanki biziko da atso hori! Franco alua!... Apoa! Kabroia! Bordiu!

 

(iñakik apur bat harrituta begiratzen dio; ez gehiegi.)

 

IÑAKI: Ongi zaude?

 

JOXAN (galderak harritu balu lez): Bai!...Tira! Irakurri zer dion Carmenek.

 

IÑAKI: Letra handiak ala guztia?

 

JOXAN: Hasi handietatik...

 

IÑAKI (irakurriz): “Nire aitonak biziki maite zituen animaliak”...

 

JOXAN: Franco alua!... Apoa! Kabroia! Bordiu!

 

IÑAKI (izenak letraz letra irakurrita. Ez dakizki esaten): “...De Gaulle errespetatzen zuen, baina Petain zuen gehienik gustuko...”.

 

JOXAN: Petain putain! Petain putain! Franco alua!... Apoa! Kabroia!

 

IÑAKI: Nor da Petain?

 

JOXAN (pentsakor, ez daki nola azaldu): Baaa... Hitler baina frantziarra.

 

IÑAKI: Nor da Hitler?

 

JOXAN: Franco alua!... Kabroia! Bordiu! Baina zuei zer arraio irakasten dizuete ikastolan?!

 

(mediku 1 sartuko da itxarongelan eta zerrenda kantatuko du.)

 

MEDIKU 1: Maria Dolores Ibarluzea Lizarraga… Epifanio Arruabarrena Imaz… Antonio Alegre Lores…

 

JOXAN: Ez.

 

MEDIKU 1: Jose Maria Mendinueta Goñi… Juan Paredes Manot…

 

JOXAN: Ez.

 

MEDIKU 1: Josune Beitialarrangoitia Amezketa… Jose Miguel Etxeberria Alvarez…

 

JOXAN: Ezetz!... Baina, zer gertatzen da hemen?...

 

MEDIKU 1: Manuel Martin Reparaz… Eduardo Moreno Bergaretxe… Jean-Louis Larre… Miguel Alkiza… Maravillas Lamberto Ioldi…

 

JOXAN (desesperatzen): Ezetz eta ezetz!

 

MEDIKU 1: Jon Etxanobe Mendoza…

 

JOXAN: Ez! Hau Iñaki!

 

IÑAKI: Eta hau Joxan!

 

(mediku 1 badoa etorri den lekutik. iñaki joxanengana hurbiltzen da.)

 

IÑAKI: Eta Franco, zer?

 

JOXAN (bat-batean): Txerri bat.

 

IÑAKI: Txerri bat? Orduan Carmen hau txerriaren kumearen kumea...

 

JOXAN (moztuz): Ez, gorria!… Ez! Suge gorria ez! Franco alua!... Apoa! Kabroia! Bordiu!

 

IÑAKI: Eta Franco bizi da?

 

JOXAN: Zin degizut nik Franco hilda ikusi nuela telebistan. Egia esan, bi egunean ez genuen txerri hori besterik ikusi. Marrazki bizidunak ere kendu zituzten hil zenean. Pentsa zeinen gaiztoa zen!

 

IÑAKI: Supergaiztoa!

 

JOXAN (jaikiz): Eta txerria!... Ale, ni banoa, Iñaki, hemen ez dago fundamenturik.

 

IÑAKI: Migueli eta Kristinari entzun diet esaten Francok erosi duela ospitalea baina hilda badago igual txantxetan ari ziren.

 

JOXAN: Txantxetakoa dena ospitale hau da! Gero arte, Iñaki.

 

IÑAKI: Gero arte, Joxan!

 

(joxan badoa, gaixo frankista sartzen da itxarongelan. kepa ere badator baina ikusten duenean iñaki gaixo frankistarengana hurbiltzen dela, beste pare bat minutu izango dituela kalkulatuz, badoa berriz.)

 

GAIXO FRANKISTA: Adios!

 

IÑAKI (gaixo frankistari): Zuk ezagutu zenuen Franco?

 

(gaixo frankistak harriduraz, harrapatu ote duten beldurrez, beteriko begirada batekin begiratzen dio, eta gero, astiro-astiro, jaiki eta badoa. iñakik atzetik jarraitzen dio gurpildun aulkiarekin.)

 

IÑAKI: Franco txerriak erosi du ospitalea. Joxanek esan dit!