Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain taldeek 2010ean Errautsak antzezlana estreinatu zutenean, antzerkia taularatzeko jokaera zehatz bat zedarritu zuten. Zortzi urte pasatu ondoren, izpiritu berari heldu dion Francoren bilobari gutuna Ganbila bildumara ekarri dizuegu egungo euskal dramaturgia mota jakin horren eredu ondua delako. Batetik dugu, euskal gizartearen esperientzia errealetan sorburua izaki, aktoreen inprobisazioaren bitartez eratzen den ikuskizunak egiletza kolektiboari zor diola. Horrela, testua Unai Iturriagak eta Igor Elortzak sinatzen badute ere, idazleak baino, gidoi finkatzaileak ditugu. Bestetik, euskal gizartea irakurtzen duen teatro politikoa, lerratua, engaiatua eskaintzen digute Francoren bilobari gutuna oholtzaratu duten kolektiboek. Orain arte euskal komunitatearen bizipenak abiapuntu moduan erabilita antzeztu dituzten muntaiek, publiko gisa, euskal komunitatea bera dute xede, alegia, gertutik gertukoarentzat eta tokian tokikoak asmatutako teatroa izateko jaio ohi dira euren ekoizpenak. Halaber, iragan hurbila azterturik, orainaldia eta geure komunitatea hobeto uler ditzagun ahaleginetan murgildu gaituzte bai orduko Errautsak bai oraingo Francoren bilobari gutuna obrak bitarte. Horien sortzaileek, gainera, teatroa erritua den heinean eta, hartara, esperientzia konpartitua dela ulertuta, katarsia indarrean jartzeko mekanismoak aktibatzen dituzte, azken finean, teatroa gure gaitzentzat sendabidea izan daitekeelako ustekoak baitira.

      Urteen joan-etorrian euskal antzerkigintzaren egitura —era hauskorrean bada ere— garatu eta eratu da. Ale honekin euskal estetikaren eraikuntza garaikidean ekarpen esplizitua eta erabakigarria egin nahi duen ildoa azaltzen dugu Francoren bilobari gutuna lanaren bidez. Horretaz gain, gogora ekarri nahi dugu antzezlan honek lortu duen publikoaren arrakastak birdefinitu dituela talde alternatibo hauen (ustezko) izaera periferiko eta minoritarioa. Francoren bilobari gutunaren egileek sisteman bertan duten kokapena oso adierazgarria da, teatro ikusleen arloan aldaketa nabarmenak eman direlako seinale.

      Gure teatro sisteman ezagutzen ditugun korronte estetiko zein pentsaera ezberdinen isla izan nahi du Ganbila bildumak. Hona hemen, oraingo honetan, gerrak utzitako traumak uxatzeko eta exorzizatzeko antzezpenaren testua.