Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

2. agerraldia:
Joxanen lehen kontsulta

 

(joxanek hitzaldia amaitu duenerako miguel medikua kontsultan dauka zain.)

 

JOXAN: Bi aste daramatzat zita bat lortu ezinik!

 

MIGUEL (joxanen buruko koskorrari begiratzen dio): Ja. Bueno, orain hemen zaude. (Paperei begira) Buruko minak... Buru barruan bakarrik omen dauden hotsak...

 

JOXAN: Eta musika ere bai. Doinu zahar moduko batzuk, nik inoiz entzun ez ditudanak.

 

MIGUEL: Eta hori, diozunez, azken bi asteetan gertatzen zaizu?

 

JOXAN (besoko tik batekin hasten da): Bi-hiru aste, bai. Intxaurra hazten hasi zitzaidanetik.

 

MIGUEL: Ez ukitu! Eta bestelako sintomarik nabaritu duzu? Konortea galdu, amnesia, tikak...

 

JOXAN (keinu bortitzagoa, besoarekin eta buruarekin ere bai): Keba!... Aizu, nik arratsaldean, lagunengana joan behar dut, e!

 

MIGUEL: Ya... Aurretik beste zentzumenen batean anomaliaren bat gertatu zaizu?

 

(joxanek sorbaldak jasotzen ditu.)

 

MIGUEL: Ez dakit... Ikusmenarekin, adibidez, gertatu zaizu inoiz zerbait arraroa?

 

JOXAN (paniko atakea, zutituta eta oihuka): Ez! Eeeeeeeeeez! Ez, ez, ez!

 

(juanjo eta kristina azaltzen dira, korrika, eta eserarazi egiten dute joxan.)

 

MIGUEL: Lasai. Hartu arnasa. Hartu: bat, bi, hiru... bota: bat, bi, hiru...

 

JOXAN: Gorria, urdina, zuria.

 

MIGUEL (beste medikuei): Ura. Ekarri ura, faborez.

 

JUANJO: Ez.

 

MIGUEL: Ez?

 

(joxani karpeta batekin haizea ematen dio; joxanek bere tikekin jarraitu bitartean.)

 

KRISTINA: Ez. Badakizu, obrak. Iturriak ez dabiltza.

 

MIGUEL (joxani bekoz beko): Izan duzu ikusmenarekin arazorik?

 

JOXAN (urduri): Bai. Umetan. Zatika.

 

MIGUEL (mantso hitz eginez, joxan lasaitu nahian): Zatika?

 

JOXAN: Zatika, bai. Aititak kontatzen zidan amesgaiztoan bezala. Umetan batzuetan dena zatika ikusten nuen.

 

MIGUEL: Aititaren amesgaiztoan bezala?

 

JOXAN (lasai antzean hasiz baina oihuka amaituz): Etxeak zatika. Pertsonak zatika. Teilatuak lurrean. Hormak apurtuta. Leihoak zintzilik. Hankak, besoak, zakilak, buruak zatika! Eta begiak, begiak lurrean, eta ni eta aitita biderik egin ezinda, begiak zapaltzen!

 

(Hiruren artean geldiarazten dute berriz, lasaitzeko.)

 

MIGUEL: Larrialdietatik sartu da, eta kontatzen duenez duela pare bat astetik hona... (joxanek eskua buruko koskorrera darama) Ez! Ez ukitu!... (joxanek tikekin jarraitzen du) Duela pare bat astetik hona zaratak eta doinuak entzuten dituela dio. Bere buruan bakarrik omen dauden hots batzuk.

 

JUANJO (mugikorrarekin koskorrari argazkiak ateratzen dabil, gero eta gertuago): Ostias!

 

MIGUEL ETA KRISTINA: Zer?

 

JUANJO: Zenbaki bat dauka, e!... Koskorra zenbakituta dago.

 

JOXAN: Intxaurra?

 

MIGUEL (betaurrekoak jarriz): Zenbakituta?

 

KRISTINA (joxanen buruari hurbilduz): A bai!... Ea... Bat.

 

JOXAN: Gorria.

 

KRISTINA: Bederatzi.

 

JOXAN: Berdea.

 

KRISTINA: Hiru.

 

JOXAN: Zuria.

 

KRISTINA: Eta zazpi.

 

JOXAN: Beltza!

 

MIGUEL: Frogak egin beharko dizkizugu. Nik uste dut erresonantzia bat egin beharko dizugula, eta test psikotekniko batzuk. (kristinari begira) Kristina da espezialista neurologian, beraz, berak hobeto azalduko dizu dena...

 

JOXAN (esku batekin besteko eskumuturrari kolpetxoak emanez): Nik... zazpietan mus partida daukat, e...

 

MIGUEL: Onena etxekoren bati deitzea izango da. Ezkonduta zaude? (joxanek barre-algaratxo bat egin eta ezetz egiten du buruarekin) Anai-arrebarik?... Nik uste egun batzuetarako hemen geratu beharko duzula.

 

JOXAN (zutituz): Et-et-et. Aber. Aber...

 

JUANJO ETA KRISTINA: Lasai.

 

JOXAN (hiru medikuek heldu egin nahi diote; joxanek tikekin uxatzen ditu): Lasai eta ostiak! Ni lagunekin gelditu naiz.

 

(Hiruren artean daramate.)

 

MIGUEL: Ados, bai. Etxekoren bati deituko diogu eta dena konponduko da.

 

JOXAN: Ni lagunekin geratu naizela??! Ostegunak sakratuak dira. Ostegunak sakratuak eta urdinak dira, joder!

 

KRISTINA: Urdinak, bai, oso ondo.