Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

9. agerraldia:
Antzerkiaren azalpena

 

(iñaki ospitaleko korridorean belauniko bere salgaiak zapi baten gainean dituela. andoni dator, bere baitara bilduta dirudi, zerbaiten hausnarrean baletor bezala. iñaki ikusi ere ez duela egiten dirudi.)

 

IÑAKI: E! Hemen nago... Zerbait erosi nahi?... Gabonetako oparitxoren bat emaztearentzat?

 

(andoni bere pentsamenduetatik aterea, iñakiri begiratzen dio, erruki eta haserre arteko jarrera batekin.)

 

ANDONI: Erosi?... Iñaki, mesedez.

 

(andonik etsipen keinu bat egiten du eta badoa. iñakik ere haren kontrako keinu bat egiten du. juanjo dator. Mugikorrean whatsappari begira. iñakik borrokalari mexikarren maskara eskaintzean ohartzen da bertan dagoela.)

 

IÑAKI: Gustatzen zaizu supermaskara hau? Bost euro.

 

JUANJO: Zuk uste duzu nik supermaskara bat behar dudala daukadan superaurpegitxo honekin?

 

IÑAKI: Hiru euro.

 

JUANJO (patrika haztatuz eta mugikorrari begira): Ez daukat kartera aldean. Barkatu, deika ari zaizkit.

 

(juanjo badoa. Etsipen keinua iñakik. bisitari bat dator korridorean.)

 

IÑAKI: Zerbait erosi nahi?

 

BISITARIA: Zer daukazu, ba?

 

IÑAKI: Supermaskara bat... betaurreko batzuk...

 

BISITARIA: Zer balio dute betaurrekoek?

 

IÑAKI: Hiru. Ez, bost!...

 

BISITARIA: Lau!

 

IÑAKI: Bi eta kitto.

 

(bisitariak dirua eman eta alde egitearekin batera, kepa agertzen da arrapalada batean gurpildun aulkiarekin. iñaki txanponak zenbatzen dabil kepa begira duela.)

 

IÑAKI (ohartzean): Eee...

 

KEPA (serio): Iñaki… Iñaki… Eta errotadun aulkia?... Ez al duk entzun medikuek errana? Haugi!

 

(iñaki gurpildun aulkian jesartzen da kopetilun.)

 

KEPA: Zer? Dendarietara jostatzen?

 

IÑAKI: Ez da jolasa! Antzerkirako diru-bilketa da.

 

KEPA (kasurik egin gabe): Goazen! Medikuarekin hitzordua diagu!

 

IÑAKI: Bi aktore izango gara antzerkian baina dirua falta zaigu, (Bereziki ahoskatuz, ikasitako berba bat baita) “Finantziazioa”. (kepak tupustean geratzen du aulkia. Jarrera aldatu eta, maitekiro, musu ematen dio bekokian iñakiri gero berriz abiatzeko)

 

KEPA: Amarekin hitz egin diat.

 

IÑAKI (pozik): A, bai? Eta zer esan dizu?

 

KEPA: Lehenik erran zidak hiri pasarazteko muxu erraldoi bat.

 

IÑAKI (etenez): Eta zer gehiago? (Itxarongelara iristen dira)

 

KEPA: Asko gustatu zaiola azken gutunean bidali dioan marrazkia, supermaskara hori jantzirik agertzen baitzen.

 

IÑAKI: Ba, laster neuk emango diot marrazkia eskura.

 

KEPA: Bai, maitea, ikusiko diagu noiz den posible eta...

 

IÑAKI (moztuz): Laster! Ze, esan dizudan antzerki horretan pailazo batekin hasi naiz eta bera kartzela askotan egon da...

 

KEPA: A, bai? Zer da, pailazo hiltzailea edo halako zerbait?

 

IÑAKI: Ez esan txorakeriarik, aita! Benetako pailazoa da eta pailazoarena egitera joaten da kartzeletara, ospitaletara, zahar-etxeetara…

 

KEPA (ia bere baitarako): Hara, Pirritx eta Porrotx bezala beraz...

 

IÑAKI: Orain emanaldi bat prestatzen ari gara eta ezagutzen dituen kartzela guztietatik pasako garenez, seguru amarenera ere joango garela.

 

KEPA (arreta gehiegi paratu gabe): Seguru, bai.

 

IÑAKI: Kristoren emanaldia da. Kontatuko dizut?

 

KEPA (lo hartzen ari da): Bai, maitea, konda ezak...

 

IÑAKI: Ba, begira, izara handi bat dago eta bera, Pailazoa, alde batean jartzen da eta ni bestean, eta magia egiten dugu. Zer egiten dugun ez dizut esango ze, bestela, ez du balio, baina magia da...

 

(iñakik lurrean eraztuna ikusten du. Jaiki egiten da. kepa lo geratu da dagoeneko.)

 

IÑAKI: ...eta gero egin nahi dugu numero bat Pailazoak zerra batekin erditik mozten nauena, baina horretarako zerra berezi bat behar da... (Eraztuna hartzen du eta arretaz begiratzen dio) ...eta garestia omen da...

 

(iñaki berriz jesartzen da gurpildun aulkian. Eraztunari distira ateratzen dio.)

 

IÑAKI: ...ze, noski, Pailazoak esaten du benetako zerra batekin funtzio bakarra egin ahalko genukeela eta bera betirako geratuko litzatekeela kartzelan... (Lo dagoen kepari begiratzen dio) Aita! Entzun, aita!

 

KEPA (bat-batean esnatuz): Bai, maitea, bai.

 

(kristina hurbiltzen da. Ez iñaki ez kepa ez dira ohartzen.)

 

KRISTINA: Barkatu... Eraztun bat galdu dut eta...

 

IÑAKI (erantzuteko presaz): Ba hemen ez dago!

 

KRISTINA: ...lehen hemendik ibili naizenez...

 

IÑAKI: Ba nik ez dut ikusi eta zuk ere ez, ezta, aita?

 

(kepa oraindik erdi lo dago eta eraztunaren bila ari den itxurak egiten ditu. kristina badoa; baina ez erabat.)

 

KRISTINA: Pena... Gero arte.

 

IÑAKI (kepari): Horretarako ari naiz gauzak saltzen, aita, zerra hori erosteko, antzerkirako!

 

(iñakiri entzutean buelta erdi emanda.)

 

KRISTINA (serio): Iñaki... Seguru ez duzula eraztuna ikusi, ezta?

 

IÑAKI: Nik?!... Eraztun bat?!... Eeez.

 

MIGUEL: E, Kristina, larrialdi bat daukagu, ebakuntza gelan egon behar duzu bi minututan. Kristina, mugitu.