Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Ralph Waldo Emerson

Agur

GOOD-BY

 

Agur, mundu harro hori!, banoa etxera;

nire adiskide ez zara, ni ez naiz zurea.

Luzaro zure talde nekatu artean

ibili naiz; ontzi bat itsaso gazian,

bitsa lez egotzia izan naiz luzaro;

baina, oin, etxera noa, agur, mundu harro!

 

Agur, Koipekerian aurpegi leunari;

Handitasuna, keinu jakintsudunari;

Aberats-berriaren betarte gaitzari;

Bizibide makurrei, nahiz txiki nahiz handi;

gela lagunez bete, errege-etxe, kale;

izoztutako bihotz ta oin laster-zale;

badoazenei eta datozen guztiai;

agur, mundu harro hori!, etxera noa, bai.

 

Banoa ni neronen subazter gozora,

muru berdeen altzoan bakarrik dagona,

lurralde gozatsuan bazter isilpea,

maitagarrien lana da hango zuhaiztia;

bertan egun osoan uztai orlegiak

berriztuten dituzte zozoaren kantak,

ta inoiz lagunabarrak oinazpitu ez dau

Urtzi ta gogoari eskaini-leku hau.

 

Oi, nire basetxean nagonean gaizka,

ezesten dut Erroman harropuzkeria;

ta pinupean luze-luze nagoela

artizar ederrari isilik begira,

gizonen jakituri ta handi-usteari

ta ikastun-batz guztiei eiten dautsuet irri;

zer dira, bada, harro horrek euren huskerian,

gizona batu ahal bada Jainkoaz basoan?

 

        1941