Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Hizkuntzaren deia

 

Hamaika urte direla

Jaunak esan eustan:

«Zoaz Euskal Herrira ta

bizi zadiz bertan».

Horrela agertu nintzen

zuen mendietan,

irakasteko hemen

euskeraz hizketan;

zuen artean naiz ba

bizitzeko bertan.

 

Zabal ta eder nintzen

Euzkadi guztian,

zahar ta gazte artean

nengon ezpainetan.

Gizon ta emakumeen

bihotz barruetan,

eroaten ninduten

hiri-basoetan;

pozik aurkitzen nintzen

orduko aldietan.

 

Aspaldi hontan baina

nago beti larri,

izan beharrekoan

ilun barik argi.

Gogorrago direnak

dozuz gorunduta,

Herri gaixoa zara

guztiz zapalduta;

zure burua dozu

lotsaz makurtuta.

 

Jaungoikoak emanda

darabilzun ele

Euzkadi guztian zen

buruaren jabe.

Aita, guraso, seme,

denek eben maite,

honela zabaldu zen

baserri ta kale;

euskeraz egiten zen

negar eta barre.

 

Arren euskaldun ona

entzun egidazu,

euskara ez da hilko

zuk nahi ez badozu.

Ez dira arerioak

denen arte nahiko

euskera isiltzeko

zuk maite badozu;

zeure-zeurea dozu

eutsi egiozu.

 

Arrotzek egin dabe

zure Herrian kalte,

ez dozulako egin

gogor bere alde.

Ama-semeek bertan

erdera dagite,

euskaldunak direla

gehienak ahaztute;

arren eskatzen dautzut

nagizula maite.

 

Begira ludi zehar

hainbat herri aske,

ez direlako ahaztu

zer ziren oin arte.

Ene zure asabak

jakingo balute

beren jatorri dena

euskara galdute,

hobe hilak direla

esango lukete.

 

Dei dagizut ba, zuri,

euskaldun jatorra,

ez zaitezela ahaztu

euskaldun zarela.

Jagi denok, ba, orduz

ekin bere alde,

guraso, anai eta

mutil-neska gazte;

izan dadin betiko

euskera hemen jabe.

 

        1938