Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Euskal poetak

 

Ager zaigun lehenengoa da Beñat Etxepare,

Eiheralarreko elizan izan zena erretore.

 

Han Jaunaren maitasuna zun irakasten soilik,

baina haren liburuan badaukagu besterik.

 

Bego! Goi-ederra beti ez badauka gogoan,

badu gure olerkariak zer goratu beregan.

 

Haragi maitasun hutsen lilurak itsutua

badakusagu batzutan, ta haiek atzipetua,

 

berak ez daki atzipetzen, ta beti haren aurrean

gizona sentitzen dugu, lohiean nahiz urrean.

 

Beti luma-muturrean haren bihotza dago,

ta euskerakiko onginahia bihotzari dario.

 

                          *  *  *

 

Errobi jauzkariaren ibar goxoan barna,

Garazirantz, urrats-urrats, dagiala bidea,

 

liburutxo bat eskuan, gure poeta dator,

buru zut ta begi argi, eta bihotza borbor.

 

«Heuskaldun den gizon orok altxa beza buruia»

idatzi du ta goraki hots egiten badoa.

 

Ta maiteminez: «Heuskara, jalgi hadi kanpora!

Heuskara, jalgi plazara, habil mundu guzira!»

 

Hitzok ez dira mintza-hutsa, gogo-deidarrak dira,

odol-jauztiri beroak, bihotzaren pilpirak.

 

Haiek dagizkin poeta euskaldun zintzo bat zan;

oi, aditu balituzte zeuzkanek inguruan!

 

Baina irudi dirdaitsua badihoa aienatuz,

buru makur ta begien argi bizia galduz.

 

Ta bere hitzen oihartzuna urruneko bidean

motelagotzen eta hiltzen da euskaldun-belarrian.

 

        Caracas, 1961eko abendua