Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Getxo

 

Getxo jaiotzako,

asaben herri,

zure etxe zaharrenen

seme nauzu ni.

 

Nire Getxo ederra,

nire lur maite,

arrotzak etorri

ta arroztu naute.

 

Zugandik urruti

ni bizi behar,

zugan pentsatu ta

begian negar.

 

Baina hurbil nahiz urrun,

jopu nahiz aske,

nire izango zara

eta ni zure.

 

Nire han nintzenean

eta nire oroiz;

nire lehen eta orain

ta nire edonoiz.

 

Zugan dut Gobela

ziri-zirika,

ta itsasoak niri

orroaz deika.

 

Zugan portu zaharra

bihotzan beti,

zugan nire bazter

kutuna: Artzubi.

 

Zugan... zugan dena,

zu gabe ezer ez,

edonon arrotza

ta beti erromes.

 

Ibaia itsasora,

txoria habira,

umea amagana

ta ni zugana.

 

Nire arima ari da

zure lur eske;

hara nahi du, zure

mamiaz ase.

 

Gero bakez zure

sabelan etzan,

Jaunaren ahotsa

entzun artean.

 

        Caracas, 1968ko abuztuak 13