Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Musu bat

 

Musu bat dut gordeta bihotz barrenean,

lore egin nahi duena nire ezpain hauetan.

 

Hainbeste urtez naizela eman nahi eta ezin,

gero ta gartsuago barnean zait egin.

 

                      *  *  *

 

Eskatu diet amei musu goxoena,

haur jaio barrientzat gelditzen dutena,

 

bai ta, begi bustirik eta ezpain lehorrez,

hil semeari eman ziotena azkenez.

 

Maitaleei eskatu diet sutsuena,

ta emazte zintzoari garbi, samurrena.

 

Mistikoak eman dit, goiz otoia egiten,

bere ezpain aratzetan zaiona sortutzen.

 

Apaizak, aldareko Berri On deunari

eskaintzen dion hura, sinesmen-opari,

 

ta martiriak, bere odolduriko ahoz

Gurutzean ezarri zuena azkenekoz.

 

Erromesak, bidaldi luzea amaiturik,

errelikari ematen diona ahuspezturik.

 

Olerkariak, haren bekoki izekian

bere zeruko ezpainez Musak diona eman.

 

Uhinak, hondar-altzoan haserrea leunduz,

uzten dun bitsezko ura, hegal-ehun antzeztuz.

 

Haizeak, tontorrari damaiona, indarrez,

haginkada bailitzan, maitasun zakarrez.

 

Eguzkiak, sortzean, hotzarren dardarka

dagon ihintz tanta pitxi bihurtutzen duna.

 

Elurrak, mara-mara erortzean, lurra

zuriz garbitzen duen musu garbi hura.

 

                      *  *  *

 

Guztiok bat eginda, bihotzean gorde,

eta jaio-lurrerantz egingo dut bide.

 

Aitak eta aiten aitak jaio ziren lurra

haien hezur zuriak estaltzen dituna.

 

Haien odol gorriaz, betiko santua,

gure gizagurenek egin digutena.

 

Haren berdetasunaz begi-betegarri

zaiguna; mendez mende buru-jabe, garbi...

 

                      *  *  *

 

Hara nahi dut, noala nire musu horrekin.

Ene Jainko maitea, ez eidazu uka egin!

 

Ta han, belauniko jarri, besoak zabalduz,

Aberriko lurraz bat egingo naiz musuz!

 

        Caracas, 1963ko abendua