Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Getxoko basetxe zaharrentzako kantua

 

Badut barne-kantu bat, bihotz abestia,

antzinako soinuaz oihu dagidana,

 

Ez da ederrak sortua, ez gehiago-nahiak;

maitasun hutsak sortu du ta gehitu urrunak.

 

Harri zakarrak dira, mila ekaitzek joak,

kantu hori gogora eman didatenak.

 

Harri zakarrak, baiki, baina haien artean,

gizaldirik gizaldi, mende ta mendetan,

 

nire aita zaharrak beti Kristoren fededun

izanak dira, baita bizi ta hil euskaldun.

 

Harri zakarrak, baina Bizitzaren berri

belaunik belaun ongi dutenak ikasi;

 

ta Heriotzak, nausiro, haien atek joaz, [1]

santu egin dizkidanak zirenen oroiaz.

 

Harri zaharrak zuenak: Abaroa, Aresti,

Arrigunaga, Arnabar, Zuazo ta Sarri...

 

nire jaioterriko antzinako etxeak,

zuek emanak ditut abizen guztiak.

 

Aspalditik nauzue zuengandik urrun, [2]

baina ez zaituztet ahaztu ez inoiz ez inun,

 

ta inoiz baino gehiago zuen beharrean

nago orain erbestealdi luzeegi honetan. [3]

 

Zuek berriz ikusi, zuen atarian,

bidazti zahar bat antzo, gura nuke atsedan.

 

Amonatxo zahar baten zimurrak bezala,

horma horien zirrituak uki ta musuka

 

ta antzinaldietako mila gauza galde:

zuengandikoa naiz, semea nauzue!

 

Inongo jauregiak ez nau egin bere;

urteek, atzerriak bestelatu ez naute;

 

zuek ikasia naiz beti bat izaten,

mundu guztian zehar euskaldun irauten.

 

Zuek mundu honetan zarete nire erro,

zuengana behar dut, umezurtz bat antzo.

 

Ene Jainko maiteak emango ahal dit, arren,

ikus zaitzatedala lurra utzi baino lehen!

 

        Caracas, 1963ko maiatza

 

 

Egan aldizkariko bertsioan:

        [1]  ta Eriotzak, illunki, beren atek joaz,

        [2]  Ainbeste urtez nauzue zuengandik urrun,

        [3]  nago orain honenbeste urteren buruan