Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Otoia

 

Noiz arte, ene Jauna, Zure eskuaren

Esker deuna ditxaro?

Nire bihotz hau pipiak jandako

Zura bezala dago.

 

Sasiz josita bidea dakusat,

Ez dakit nondik joan.

Zuganatu gura dot, gora-min naiz

Eta ezin dot gora!

 

Argia urratzean, Zure etxearen

Ederra dot begitzen.

Joaleak egiten daust dei eztia,

Gogoa jat goi-mintzen:

 

Zein joriak diren Zure baratzak!

Han betiko loreak,

Zure esker jake euri ugalkorra,

Zure arnasa, haizea.

 

Landak joritzen dabezan ibaiak,

Esne ta eztizkoak.

Mahastietan, leraz nire bihotzak

Nahi duen mama gozoa.

 

Hango zidorretan ez du aurkitzen

Sugerik bidaztiak.

Ez muinotan otsorik artaldeak!

Bazka, bai, ugaria.

 

Zure jauregiaren gelgarria!

Harroinak, urrezkoak.

Bolia goian ta zilarra behean;

Nongura, ikustekoak.

Bertan osasun ta egizko poza,

Bertan Zuzentasuna.

Bertan Egia, Zure bihotzaren

Adiskide kutuna.

 

Ontasun, Jakintza, ta Edertasun

Zure mailetan dira.

Eta Gentza, gogoen osakia,

Daukazu bakaulkian.

 

Mihina moteltzen jat Zure aurrean

Maitasun ta ikaraz.

Hizkor nagizu, arren, beti, beti

Goretsi zagizadan!

 

Horrenbesteraino Zu maitatu ta

Nardaturiko hobena,

Zergatik bidetik aldenduten nau

Gorputz-dei motelenak?

 

Egizko bizitza Zugan bakarrik

Dagona dakidala,

Gezur-atsegin bila, abere-antzo,

Zer dela ta noa, ba?

 

Goizean Zure ederrari antsika

Ta lohi-zale gauean.

Beti burrukan ta uzkalduta beti

Noiz arte, ene Jabea?

 

Oi!, asko da, Jauna, gaurdainokoaz,

Nik ez nahi gehiago holan!

Arrenez daskatzut, ez zaiataz, ez,

Izango entzungorra!

 

Emongo daustazu bihotz barria,

Garbi eta igokorra

Ta Zure bidetik joango naiz beti

Zuri aintzaz ta goraz.

 

        1934