Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Artzubiko lertegiari

 

Artzubiko lertegi,

Begien betegarri!,

Mendi gainean gangarra irudi.

Hire oinetan,

Faduran, Gobela maite kantetan.

 

Artzubiko lertegi,

Inon ez hainbeste amets nik egin,

Inon ez hainbeste olde-atsegin!

 

Udaldiko egun kixkalduetan

Aurkitu dot Itzal bere barruan,

Orduan, etzanik belar berdean,

Nentzuzala beheko itoginen kantak,

Irakurtzen neuzan Birgilirenak.

Bere txirularen soinu gozoak,

Haizeaz zabalduz, abar hezetan

Ziren kokatuten, dardar eztitan,

Ta euren hego haztatu-ezinak

Uxatzen euzan nire maiteminak.

Artzubiko lertegi,

Nire musaren leku berezi!

 

Sarri nindoan

Ameskor, bakar,

Sasi artean

Narrastuz doazen zidorren zehar.

Bazter zoragarriz hintzen ugari!

Landa loratsuan, txirtxila soinugin,

Behi erro luzeak hausnarrean din-din,

Otean kukuka, epetxa txintari

Abaro-ostail-zehar, ninfak zelatari.

 

Beheraxeago,

Goroldiz jantzitako osten-lekuan,

Iturri murmurti gardena dago,

Eltzun urtetsu, lodi, bakar baten

Gerizapean.

Sinisgarri jat

Bertan bizitzea maitagarri bat.

Artzubiko lertegi!

Begien oinazgarri

Aizkorak egin dau bere aldi!

Sortu hinduen lurra hilerri iduri,

Ondoak hilarri.

 

Hirekin hil dabez Itzalak ta Musak

Nire amets eder ta asti gozoenak!

 

Artzubiko lertegi!

Orain ta beti,

Hire sustraiak tinko lurpean,

Hire gomuta nire gogoan.

 

        1935