Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Amerikarako bidean

 

Itsasoaren zabala,

uhinaren ondoren uhina!

Beren gainean, ontzi batean

eusko talde bat iheska.

 

Itsasusoak laguntzat,

itxaropena gidari,

Herri-ametsa gogo barnean,

bidea dagigu beti.

 

Bakean bizi ginian,

inorenik nahi ez gendun,

norberen herri-maitetasuna

hoben bada, gu hobendun.

 

Gorrotoaren lan tzarra!,

gorriz jantzi zen Euzkadi.

Balbeak sega zuen milaka,

milaka berriz ihesi.

 

Txoriek dute habia,

basabereek zuloa,

Europako herri zaharrena

hona hemen lur-bakoa.

 

Baina, uste-on!, anaiak,

gaiztoen gurenda, labur:

Jainkoa beti zuzen-zalea,

lanen amaia daukagu hur.

 

Itsasuso txuri hori,

atzerantz egizu bide,

ur haundi honen beste aldean

gure herritxoak datzate.

 

Zoaz nirera, beratan

ene bi haurrak dituzu;

lotan badaude, zabiltz arduraz,

ama amets dute, ez esnatu!

 

Zure hegoekin, goxoki,

goxoki egiezu laztan:

mosu bat aitan, bi aman partez

begien gainean eman.

 

«Iturrieta» zaharrean

ene amatxu ule-txuri;

haren negarrak mokoan bildu

ta itsas-gezalera jaurti.

 

Esan guztiei laburra

dugula gure urrun-aldi;

askatzearen euzki ederra

itsasertzean da ageri.

 

Laster, bai, denok batuta

bakean, poz eta atsegin;

buru-jabeak, Jauna goratuz,

izango gara Euzkadin.

 

        Alsina ontzia, 1941eko urtarrila