Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Slan

 

Clonard elizaren ondoko Cabine tabeman gauden guztiok euskaldunak garela konturatu naiz. Gure tabernen estilokoa da Cabine. Belfasten ezagutu dudan txikiena eta estuena. Barra bat, hiruzpalau taburete eta lau mahai baino ez. Dozenerdi antzuolarrek hartuak dituzte tabureteak eta mahai bat, eta Zarauztik etorritako zortzikoteak bere egin ditu gainerako hiru mahaiak.

        Cabineko jabeak, Brendanek, badu euskaldtrnon berri. Antzuolatik etorritako lau lagunek bere etxean hartu dute ostatu. Urteroko ohitura.

        — Antzuolan izana naiz neu ere, iaz —Brendanek AEK-k ateratako poloa dauka jantzita—. Ezusteko ederra hartu nuen!

        — Ezustekoa?

        — Antzuolar batzuk lehenengoz gure Festibalera etorri zirenean primeran pasatu zuten, itxuraz, eta urtero etortzen hasi zen Antzuolako jendea. Euskal Herrikoren bat ezagutu eta nongoa zen galdetuz gero, Antzuolakoa erantzungo zizun. Horrexegatik, Euskal Herriko hiri nagusienetako bat zela uste genuen hemen. Joan den urtean joan ginen arte! Kontuak aterata, bazirudien antzuolar guztiak Belfasten izanak direla! Zer Belfasten, hementxe, Cabinen!

        Antzuolarrak etxekoak dira. Zigilua utzi dute: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik», irakurriko duzu Fallseko taberna honetako paretean itsatsitako pegatinan. «Herri harmatua, inoiz ez zanpatua» zaharra ondoan, eta aurten ekarritako «Euskal Herria askatu» ere paratu dute. Joan den urteko Festibalean taberna barruan ateratako argazkiez moldatutako panel bat ere badago: ziento bat argazkietatik hogeiren batean zahatotik edanez ageri dira bezeroak.

        Fallseko Festibaleko euskal delegazio extraofiziala da Antzuola. Ofiziala Askapenak bidaltzen du. Aurten inoiz baino gutxiago etorri dira Askapenako taldean. Hogeita hamar inguru izan ziren azken urteetan, eta ez dira hamabost aurten. Brendanek badaki zergatik.

        — Orain gerrarik ez dagoelako izango da. Bake prozesuan aspergarriagoa egingo zaie Belfast.

        Delegazio ofizialekoak erdi-antolatuta dituzte hemen egingo dituzten hamar egunak. Festibalaren batzorde antolatzailekoek lotarako lekua aurkitu diete lagunen etxetan eta, Sinn Feinekoen laguntzaz, harat-honat eramango dituzte Belfasteko eta Ipar Irlandako bazterrak ikustera.

        Belfast Mendebaldeko Festibalaren aitzakian daude denak. Fallseko jaien aitzakian, beste era batera esanda. Hamabost egunean kontzertuak, antzerki emanaldiak, mahainguruak, zinemaldia, tour turistiko-politikoak, erakusketak, kirol norgehiagokak, desfileak... eta azken egunean, Sinn Feinek deitutako manifestazioa. Festibala ez du Sinn Feinek antolatzen, Festibaleko batzorde antolatzaileak baizik, baina jakina da mugimendu errepublikarrak sortutako jaiak direla eta gaur egun mugimendu errepublikarreko militanteek antolatzen dutela.

        Festibala 1988an antolatu zuten lehenengoz. Urte hartako udaberrian lurjota zegoen Fallseko komunitate katolikoa: Belfast Mendebaldeko hiru IRAkide hil zituzten soldadu britainiarrek, hauen hiletan hiru lagun hil zituen Michael Stone lealistak, eta haietako baten hiletan bi soldadu jendeak jipoitu eta IRAk hil egin zituen; eta azken gertaera honen ondorioz, 200 lagunetik gora atxilotu eta 41 auzipetu. Dena hilabete bakarrean. Martxoan.

        Gatazkari aterabiderik ez zitzaion ikusten, eta enfrentamendua aspaldiko gordinena zen. Komunitatea bere buruari zerbait emateko premian zegoen, zulo hartatik ateratzen laguntzeko. Eta Festibala eman zion: Feile an Phobail (Herriaren Festibala).

        Aurten abuztuaren seian zabaldu da sona handiko Festibala. Ihauteri-desfilearekin ekin diote, taxi beltzen konpainiako geltoki nagusitik abiatuta. Castle Court-en bildu dira denak eta, auzuneka antolatuta, Falls errepidean gora etorri, izen bereko parkeraino. Etxe ondoko bidegurutzean itxaron diegu.

        Hogeiren bat taxi beltz datoz desfilearen buruan, bozinak jo eta jo, Irlandako bandera bana erakutsiz. Kamiseta zuridun ume koadrila handia dator taxien atzetik. Gure pareraino heldutakoan irakurri dugu kamisetetan idatzita dakartena: «Free all POWs!» (Prisoners Of War, Gerra Presoak askatu!).

        Auzunez auzune atondutako karrozak, parodiak eta musika bandak hurbildu dira gero. Orangisten martxaren plantak egin dituzte Beechmount-ekoek, hurling taldea ekarri dute Lower Fallsetik, Ian Paisley eta John Major ere ikusi ditugu, kartzela ere bai Saoirse-ren karrozan... eta ikurrina. Euskal ordezkaritzak ere izan du lekua ihauteri-desfilean. Karrozarik ez, baina arrano beltza eta ikurrina bai.

        Gerry Adamsek zabaldu du era ofizialean Festibala, Falls parkean ipinitako taulatik. Humbertok eta biok jantzita daukagun kamiseta berdina darama Gerry Adamsek ere: «Feile An Phobail 95. West Belfast. 6-13 August». Umoretsu jardun du eszenatokian. «Jaiak bai borroka ere bai» izan da bere azken mezua.

        — Tiochfaidh ar la! (Iritsiko da gure eguna!)— Bobby Sandsen esaera ospetsua gorde du hitzaldi bukaerarako; azken agurrean bakarrik erabili du gaelikoa.

 

 

— Springhill-eko kontzertuen antolaketa IRAko mutilen kontua da —Festibaleko egitasmoan interesgarriena zer den azaltzen ari zaigu Karen—. Oso ongi antolatzen dute, gainera.

        — IRA musika-kontzertuak antolatzen?

        — Ez da ofiziala, noski, baina Fallsen denok dakigu IRAkoek antolatzen dutela Springhillekoa. Kontzertuen atsedenetan-eta, burua estalita taulara igo eta tiroak bota izan dituzte. Jendea izugarri berotzen da horrela.

        Bart Springhillen izan ginen, The Pogues taldearen kantari izandako Shane McGowan-en kontzertuan, baina han ez genuen ez kaputxadunik ikusi ez tirorik entzun.

        — Treguan gaude Festibalean ere. Gerrarik gabeko lehenengo Festibala da.

        Culturlanneko kafetegian gaude Humberto, Karen eta hirurok, te bana mahai gainean, Festibalaren programari errepasoa ematen. Kate hurbildu zaigu eta mahaian gurekin eseri.

        — Zer, kontzerura?

        — Asmo horrekin gabiltza. Mano Negra entzuteko desiratzen nago —Saturrarango kontzertu ikaragarria daukat gogoan.

        — Mano Negra? —Katek ez du taldea ezagutzen, nire harridurarako—. Anji-rekin joko duen taldeetako bat?

        — Anji? Nor da Anji? —Kareni begiratu diot argibide bila.

        — Anje Duhaldez ari da; iazko Festibalean ere hemen izan zen —niri—. Eta Anje esaten dute —Kateri—, ez Anji.

        — Anje! O, izugarri maite dut Anji! Guapo askoa da! Ez zaizue gustatzen?

        — Tira, ez dago gaizki —Humbertori ere ez dio kilima berezirik egiten.

        — Nahiago Mano Negra —egoskorra naiz gero.

        Mano Negratarrek lehenengo abestiko notei ekin dietenean altxatu gara kolpe batean. Guinness katxiak eskuan hartuta, taularen aurreraino hurbildu gara arazorik gabe. Guinnessak taula gainean utzi eta gorputza astintzeari ekin diogu. Ez da ulertzekoa. Gehienek mahaietan eserita segitzen dute; euskaldunak gara altxatu garen ia denak. Itxuraz, Mano Negra ez da hemen batere ezaguna.

        Beechmount-eko kiroldegian gaude, Nazioarteko Gauean. Guinnessak plastikozko edalontzi handietan atera dizkigute.

        — Hau ere badugu. Pintak barik katxiak edan behar —Humbertok ere nahiago du irlandarrez betetako Belfast, ikurrinez betetakoa baino.

        Frantziarrak indartsu ari dira. Irlandarrak ere hasi dira eszenatoki aurrera hurreratzen. Dantzari-jauzilari multzo ederra bildu gara, elkarri bultzaka. Ikurrina atera du saxofoilariak, eta gerrian lotu. Guretzat ari dira.

        Ingurura begiratu eta Belfasti adio esateko garaia heldu zaigula konturatu naiz. Antzuolarrak, zarauztarrak, hernaniarrak, donostiarrak, bilbotarrak eta astigarragatarrak begieman ditut. Gutxiago dira irlandarrak. Eta pintak katxi bihurtu dira.

        — Thank you very much! Eskerrik asko! Nos vemos en Bilbao! —esan du Manu Chaok.

        Nos vemos en Bilbao... Euskal Herri txikia bilakatu da bat-batean Belfast handia.

        Adio Antzuola. Gu bagoaz. Slan.